Urtekaria 2021

Ostalarien haserrea eta herritarren babesa

Ataria 2021eko abenduaren 31

Ostalaritzak gorabehera asko izan ditu pandemia hasi zenetik. Tabernen ordutegia murriztu, zabaldu, malgutu, mahaien edukierak zorroztu... askotariko neurriak ezarri dizkiete eta bien bitartean laguntza zuzenak eskatzen joan dira.

Urtea Amasa-Villabonako intzidentzia tasa altuarekin hasi zen, ondorioz ostalaritzak itxi egin behar izan zuen. Amasa-Villabonan hasi ziren gorabeherak, baina eskualdeko herri asko pasa dira azken hilabeteetan egoera horretatik.

Bien bitartean manifestazio jendetsuak egin dira Amasa-Villabonan eta Tolosan, eta bestelako ekitaldiak egin dituzte ere: auto-karabanak, bertso saioak...

Gipuzkoako Foru Aldundiari plan bat garatzeko eskaera luzatu zioten ostalariek, zuzeneko laguntzak, zerga abantailak eta positiboek eragindako itxierak adostu ahal izateko. «Komunikazioak nahikoa denborarekin izatea eskatzen dugu. Zergatik ematen dira laguntzak hain berandu? Laguntzak baino gehiago konpentsazioak behar ditugu. Negozio itxiek galera handiak besterik ez dituzte sortzen», esan zuten.

Lan egiteko aukera eskatzen zuten ostalariek, eta funtsezkoak zirela argudiatu zuten. «Guztiok dakigu kudeaketa ez dela erraza, baina, era berean, denok dakigu gauzak ez direla behar bezala egiten ari». Indemnizazioak eskatzeaz gain, ezartzen zaizkien neurriek gogor eragiten dietela azaldu zuten. «Ezin dugu horrela jarraitu, orain ireki, orain itxi. Diru laguntzak egongo zirela hitzeman zuten, baina oraingoz ez dugu horrelakorik jaso», salatu zuten mobilizazioetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!