Urtekaria 2021

Txertaketa eta COVID ziurtagiria

Ataria 2021eko abenduaren 31

2021 urtean txertaketa eta COVID ziurtagiria izan dira albiste. Eremu gorrien festan ari ginela txertaketa iritsi da eta lehen aste horietan irregulartasunak izan ziren albiste.

Bizkaiko Santa Marinako eta Basurtuko erietxeetan txertatze prozesuan izandako irregulartasunen inguruko azalpenak eman behar izan zituen Gotzone Sagarduik, arauak zioena baino lehen txertatu zirelako hainbat goi kargu, eta Tolosara egin zuen salto ika-mikak. Tolosako bi kasuren berri eman zuen agerraldi batean eta bi kasu horietan gauzak egoki egin ez zirela erantsi bazuen ere, ez zuten neurri berezirik hartu.

Gainontzean txertaketa prozesuak bere bidea egin du; adinka jarri dituzte txertoak, osasun langileak txertatu dituzte eta biztanleriarik edadetuena ondoren. Martxoan egin zen txertaketa masibo. Tolosako Udalak Beotibar pilotalekua Osakidetzaren esku utzi zuen eta azken asteetan Emakumeen Etxean ari dira txertoa ematen; bai hirugarren dosia, eta baita besteak ere. Haurrak izan dira txertatzen azkenak eta urtekari hau prestatzean 9 eta 11 urte artekoen txanda zen.

Txertaketarekin batera COVID ziurtagiria da albiste. Jada ostalaritzan, kultur jardueretan eta bestelako ekitaldian ari dira eskatzen, baita Asuncion ospitalean ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!