Gazteen errealitatean sartuta ari dira lanketa egiten

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko aza. 25a, 19:59

Eihera kooperatiba Albiztur, Alkiza, Altzo, Bidania-Goiatz, Ikaztegieta, Larraul eta Lizartzan ari da lanketa egiten gaztetxoekin. «Nahiko antzekoak dira herri guztietan egoerak, bakoitzak bere berezitasunak izan arren».

Gipuzkoako hamar herri txikitan gazteen errealitatea jasotzen ari dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak duen Gaztematika egitasmoaren barruan ari da lanean Eihera Kooperatiba. Eiherako kidea eta hezitzailea da Sara Del Rio Loiarte eta Aitor Galdosekin batera eskualdeko herri txikietan lanketa egiten ari da. Eskualdeko Albiztur, Alkiza, Altzo, Bidania-Goiatz, Ikaztegieta, Larraul eta Lizartzan, eta baita Aizarnazabal, Beizama eta Olaberrian ere.

Hasteko, aldundia eta herrietako udal ordezkariekin elkartu ziren Eiherakoak. «Elkarlanean ateratako proiektua da», dio Del Riok. Udalak izan dira gazteekin harremanetan jarri direnak. Eihera kooperatibaren lehen lana udalekin elkartzea izan dela kontatu du Del Riok: «Herri bakoitzaren errealitatea zein den ikusi dugu. Gazteekin zein harreman duten edota gazteekin zein motatako gatazkak egon diren». Hori eta gero, herri bakoitzean lanketa ezberdinak egin dituzte herri bakoitzera egokituta: «Nahiko antzekoak dira herri guztietan egoerak, bakoitzak bere berezitasunak izan arren».

Beraien artean ematen diren gatazkak, botere harremanak,... lantzen dituzte, eta «genero ikuspegitik lantzeko erremintak eskaini dizkiegu», dio hezitzaileak, eta «gai diferenteen gainean hitz egin dugu».

Proiektuan herri bakoitzari bost saio eskainiko dizkiote. Irailean hasi ziren eta abenduan Gabonen aurretik bukatuko dute. Urrian hasi ziren gazteekin elkartzen, eta 12 eta 18 urte arteko gazteekin ari dira. Malgutasunez, beti ere, herrietako errealitatea kontuan hartuta.

Herrien egoeraren arabera, bi talde egin dituzte edota bakarra. «Adin kontuengatik edo beraien talde naturalak bi direlako herrian», esan du Del Riok. Azken batean lanketa hobeto egin ahal izatea bilatu dute.

Lehen saioan, gazteengana hurbiltzeko, dinamika edo jolas txikien bidez saiatzen dira gerturatzen, eta beraien herria nola ikusten duten edota zein den beraien egoera zehazten dute. «Herrian nolako jarrera matxistak ikusi dituzten, bizi izan dituzten, LGTBI gaiak edota LGTBI-fobiak, helduekiko harremanak, hau da, nola tratatzen dituzten, udaletxea moduko agenteak, gurasoak, zein aisialdi aukera duten, aisialdi horretan zer pasatzen zaien edota zein joera duten; herri handiagoetara joatekoa edo ez», argitu du. Horrez gain, zenbait herritan gazte lokalak dituzte, eta horiei zein erabilera ematen dieten eta zein gatazka dituzten ere hitz egiten dute. Nola ez, COVID-19aren egoera nola bizi izan duten ere mahai gainean jarri dute. Herriaz ere aritzen dira, eta nola ikusten duten etorkizunean, zein aldaketa eman beharko liratekeen beraiek herrian gustura egoteko edota nolako herria nahi duten galdetzen diete.

«Zer den generoa, zein genero identitate dauden, edota sexu lehentasunaren inguruan; kontzeptuak bereizteko eta kontzeptuak hobeto ulertzeko», azaldu du. Guzti hori landuta, «horren arabera zein behar zehatz dituzten ikusten dugu», dio Del Riok, eta gaineratu du, «gazteak hurbiltzen dira, eta gogotsu daude. Ikasteko eta gaiak lantzeko gogoa dute».

Abenduan, lanketa eginda, ondorioak aterako ditu Eihera Kooperatibak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!