ELKARRIZKETA

«Gure artean harremanak sendotzeko egokia izan da»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko aza. 25a, 19:58

Maider Iraola, Alaitz Aramendi eta Eneritz Etxeberria albizturtarrak dira, eta hamabost urte dituzte. Herrian Eihera kooperatiba egiten ari den aholkularitza lanean parte hartu dute.

Zergatik parte hartu duzue?
Maider Iraola. Orain dela hilabete inguru inkesta bat bidali zitzaigun esateko ea prest geunden honelako elkarrizketetara joateko, eta gure harremanak sendotzeko. Hor bertan ordutegiak-eta esan zizkiguten, eta inkestan bertan esaten genuen prest egongo ginen parte hartzeko edo ez.
Eneritz Etxeberria. Inkesta erantzun genuen gehienok prest azaldu ginen, eta beraz hitzaldi hauek egitea erabaki zuten. Eta inkesta bete genuen gehienak azaldu gara.

Zenbat gazte zaudete gutxi gorabehera Albizturren?
Alaitz Aramendi. Mutilak eta neskak aparte gaude. Lehenengo neskok egin dugu, eta orain mutilak ari dira. DBHkoak gara gehienok.
Etxeberria. Nesketan zortzi bat gara, eta mutiletan 10 edo 12.

Parte hartze handia ari da izaten, beraz, Albizturren.
Etxeberria. Bai. Normalean honelako ekimenak ez dira egiten. Gutxi egiten direnez gustura hartu dugu.
Aramendi. Berria izan da.

Zuek hiru saioak egin dituzue. Eroso sentitu zarete?
Etxeberria. Ondo. Hezitzaileek konfiantza ematen ziguten eta lagunekin hitz egitea bezala izan da.

Zein gai jorratu dituzue.
Iraola. Lehenengo saioan LGTBIaren gainean aritu ginen. Bigarrenean, harremanak. Gure artekoak edo familia artean, eta baita herrian ere.
Etxeberria. Herriko gazteekin eta zaharragoekin ere bai. Eta gero sexualitateaz aritu ginen.

Balio izan dizue zuei elkartzeko?
Iraola. Normalean herri txikietan denak batera ibiltzen gara. Kuadrillakoak gara. Eta balio izan digu LGTBIaren gainean ikasteko. Gauza batzuk gaizki ikasten ditugu entzun dugunetik-eta.

Aberasgarria egin zaizue?
Aramendi. Bai, denoi.

Entzunak zaretela sentitu duzue?
Aramendi. Orain gehiago, garrantzi gehiago ematen zaigula ematen du.
Iraola. Lehen aparteago geundela uste dut.
Etxeberria. Ikusita gustura egon garela, honelako ekimen gehiago jartzea espero dugu.
Aramendi. Albizturren ondo zaintzen gaituztela uste dut. Lokala eman ziguten, eta bilera horietan esan zaigu ondo egin genuela eskatzearekin.

Saioen dinamikak harritu zaituzte?
Aramendi. Nik behintzat txapa gehiago izatea espero nuen. Beraiek hitz egin, eta gu isilago egongo ginela, baina ekimen bidez izan da gehiago. Jolastu egin dugu eta parte hartu.
Etxeberria. Nahiko dinamikoa zen. Denok ibili gara jolasten.
Iraola. Nik uste dut gustura joaten ginela denok.

Neska eta mutilak banatu dituzue. Hitz egin duzue?
Iraola. Oraindik ez dute bukatu, baina esan ziguten berez gustura egon zirela; ez dugu hitz egin.
Etxeberria. Guk egindakoan ere galdetu ziguten ea nola joan zitzaigun. Ordutik ez dugu hitz egin.

Zergatik banatu zarete?
Iraola. Aparte ibiltzen gara, eta gainera gure adineko mutilak ez daude, txikiagoak dira. Ez dugu hainbesteko harremanik.
Aramendi. Baina aurrera begira gu prest gaude beraiekin egiteko.

Nahikoa izan da?
Iraola. Ondo, baina batzuetan egiteko. Asko izanez gero agian nazkatu egingo ginen.
Etxeberria. Nik oraingoz horrela utziko nuke, eta hemendik hilabetera-edo berriz egingo nuke.
Aramendi. Gutxi gorabehera astean behin egin ditugu hiru saioak.

Nola definituko zenukete?
Aramendi. Interesgarria. Gauza berriak ezagutzeko, eta gure artean harremanak sendotzeko egokia izan da.
Etxeberria. Eta zer sentitzen dugun konpartitzeko. Normalean geratzen garenean ez dugu horrelako gaiez hitz egiten, eta honelako hitzaldietan aukera dugu hitz egiteko.
Iraola. Gehiago irekitzen zara. Ikusi dugu kezka asko denok genituela, eta horietarako irtenbideak aurkitzen-eta aritu ginen.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!