ERREPORTAJEA

Jaten duguna garelako

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko urr. 16a, 07:59
Munduko 3.000 milioi biztanlek (%40k) ez dute dieta osasuntsua egiteko aukerarik. L. CARRASCO

Gaur, urriak 16, Elikaduraren Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu osoko 150 herrialde baino gehiagotan. Gaurko elikadura babestua, biharko bizitza osasuntsua da aurtengo edizioko leloa, eta urtero bezala, desnutrizioaren aurkako borrokan elkartasuna sendotu nahi dute.

1945ko urriaren 16an, Quebecen, sortu zen Elikadura eta Nekazaritza Erakundea. Nazio Batuen Erakundeko agentzia espezializatua da, eta nazioartean gosearen aurkako lana gidatzea da bere helburu garrantzitsuena. Nekazaritza-ekoizpenari arreta handiagoa jartzea edota garapen bidean dauden herrialdeen arteko lankidetza bultzatzea dira erakundearen beste bi helburu nagusi. Gaur egun, 130 bat herrialdeetan lan egiten badu ere, munduko ia 200 estatuk osatzen dute erakundea.

Besteak beste, munduko biztanle guztientzat elikagaien segurtasuna lortzeko ahaleginetan dihardu agentziak; aldi berean, guztiek bizitza aktiboa eta osasuntsua izateko behar adina elikagai eta kalitate onekoak eskuratzeko aukera bermatzea bilatzen du. Urtero, gure planetan bizi diren 7.300 milioi biztanle baino gehiagok behar duten janari kopuruaren bikoitza ekoizten da; gose direnak, ordea, 793 milioi dira.

 

Elikagaien %14a bilketa, manipulazio, biltegiratze eta lekualdaketa  desegokien ondorioz galtzen da; %17a, berriz, kontsumitzaileek  alferrik galtzen dute


1979ko urrian, erakundearen 20. Batzar Nagusia egin zuten. Bertan, Paul Romany Hungariako ordezkariak paper aktiboa izan zuen; bere proposamen baten ondorioz, Elikaduraren Nazioarteko Eguna izendatu baitzuten urriaren 16a. Geroztik, urtero, mundu osoko 150 herrialde baino gehiagotan ospatzen da elikagaien arazoaz jabetzea, eta gosearen, desnutrizioaren eta pobreziaren aurkako borrokan elkartasuna sendotzea helburu duen data.

Pobrezia baita elikadura ez-osasungarriaren jatorrietako bat. Inoiz baino pobreagoa den gizartearentzat, inoiz baino konplexuagoa da osasuntsu elikatzea. Beste alor batzuetan bezala, adin-tarteei eta generoari erreparatuz gero, pobreziaren kasuan ere aldeak handiak dira. 25 eta 34 urte artekoen kasuan, adibidez, gizonak baino emakume gehiago (%20 gehiago) bizi dira muturreko pobrezian.

Elikaduraren Nazioarteko Egunaren orain arteko edizioetan, Landu, elikatu, kontserbatu. Elkarrekin., Mundua elikatzen, planeta zaintzen edota Gure ekintzak, gure etorkizuna dira bezalako leloak erabili dituzte. Biharko, berriz, Gaurko elikadura babestua, biharko bizitza osasuntsua eslogana aukeratu dute. Aurreko urteetan bezala, herritar oro kontzientziatu nahi dute, gose direnei babesa azaldu eta denontzat dieta osasungarriak bermatzeko beharraren alde.

Geroz eta aho gehiago elikatzen

Erakundeak argitaratutako datuen arabera, gaur egun, munduko 3.000 milioi biztanle inguruk (biztanleria osoaren %40k) ez dute dieta osasungarria egiteko aukerarik. Halaber, osasunarentzat kaltegarria den elikadurak eta bizi-estilo sedentarioak gora egiten jarraitzen duela azaldu du; ondorioz, ia 2.000 milioi biztanlek dute gehiegizko pisua edo obesitatea. Elikagai kaltegarriei lotuta, aipatzekoa da biztanleen %10a kaltetua izaten dela, bakterioek, birusek, bizkarroiek edo substantzia kimikoek kutsatutako elikagai kaltegarrien hornidurengatik.

Bestalde, elikagaiak ekoizteko, kontsumitzeko eta, tamalez, alferrik galtzeko dugun moduak, gure planetari oso prezio altua kobratzen diola azaldu dute, baliabide naturaletan, ingurumenean eta kliman beharrezkoa ez den presioa eginez. Munduko elikagaien %14a bilketa, manipulazio, biltegiratze eta lekualdaketa desegokien ondorioz galtzen dela adierazi du agentziak; %17a, berriz, kontsumitzaileek alferrik galtzen dutela esan du.

Gaur egungo arazoa larria bada ere, Elikadura eta Nekazaritza Erakundea epe luzera begira jarri da dagoeneko. 2050erako, ia 10.000 milioi biztanle elikatu beharra aurreikusten dute. Elikagaiak ekoitzi, prozesatu, merkaturatu eta kontsumitzeko, baina, erabateko eraldaketa beharko da. Munduko herritarrak modu jasangarrian elikatzeko, elikadura-sistemetan hobekuntza nabarmenak egin beharko direla adierazi dute, ekoizleei eta elikadura-katean parte hartzen duten langileei enplegu duina eta bizitzeko baliabideak eman ahal izateko, kontsumitzaileei produktu elikagarriak eskaintzeko, eta guzti hori, baliabide naturalak kaltetu gabe egiteko.

EGUNEROKO OGIA

Urtero, gure planetan bizi diren 7.300 milioi biztanle baino gehiagok behar duten janari kopuruaren bikoitza ekoizten da; gose direnak, ordea, 793 milioi dira. 2050erako, berriz, ia 10.000 milioi biztanle elikatu beharra aurreikusten dute. Kalkuluak egiteko, kontuan eduki daiteke Euskal Herrian 3,2 milioi biztanle bizi garela.

Erlazionatuak

Bertatik kanpo ere, bertakoa eskuragarri

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 urr 16 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!