ERREPORTAJEA

Bertatik kanpo ere, bertakoa eskuragarri

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko urr. 16a, 07:58

Datorren ostiralean, Baserritik zuretzat, zentzuzko merkataritza proiektua aurkeztuko dute Zarautzen. EHNE-k eta Ederto erosketa taldeak sustatu dute eta Gipuzkoako 11 ekoizlek eta 15 saltokik hartuko dute parte urtebeteko proba pilotuan; tartean badira eskualdekoak.

Datorren ostiralean, hilak 22, Baserritik zuretzat, zentzuzko merkataritza izeneko proiektua aurkeztuko dute Zarautzen. Aurkezpenarekin batera, hasiera emango diote urtebeteko proba pilotuari, eta oraingoz, Gipuzkoan zehar hedatuko da. Guztira, 11 ekoizlek edo baserritarrek eta hamabost saltoki edo denda txikik hartuko dute parte, eta horien artean badira eskualdeko ordezkariak.

Euskal Herriko Nekazaritza Elkarteak Gipuzkoan duen ordezkaritzak eta Ederto Harakin eta Urdaikarien Erosketa Taldeak elkarlanean antolatutako proiektua da, kooperatibitatean oinarritutakoa. «Komertzializazio kate motz sostengarri bat eta zentzuzkoa edo bidezkoagoa sortzea du helburu», adierazi du Joseba Altuna EHNE sindikatuko kide amezketarrak. Edertok, 50 bazkide eta 200dik gora bezero ditu Gipuzkoan. «Horregatik, aukera oso egokia zela ikusi genuen, lurralde osoan zehar proiektua hedatzeko».

Iazko apirila aldera elkartu ziren proiektuaren bi aldeak, artzainei kameratan gaztak pilatzen hasi zitzaizkien une berean. «Horiei irteera emate aldera hasi ginen, zerrenda ezberdinak egiten eta prezioak hitzartzen. Herritarrak kalera ateratzen hasi zirenean, kaos handia izan zen erosketak egiterako orduan. Ondorioz, orduan zuen zentzua aldatu behar izan genion proiektuari, eta beste era batera zehaztu genuen».

 

EHNEk begirale modura funtzionatuko du; Ederto, berriz, eragile komertziala izango da, zubi lanak egingo dituena, alegia



EHNEk eta Edertok sustatu arren, Altunak adierazi duenez, saltoki txikiak eta elikagaien ekoizleak edo baserritarrak izango dira proiektuko protagonista nagusiak. Sindikatuak begirale modura funtzionatuko du; erosketa taldea, berriz, eragile komertziala izango da, zubi lanak egingo dituena, alegia. «Baserritarrei produktuak erosi, eta ondoren denda txikietan salduko ditu Edertok. EHNEk, kasu honetan, prezioen zainketan egingo du lan handiena», aurreratu du amezketarrak.



Etekina, hiru alderdientzat

Oinarrian, komertzio txikien sarea indartzea eta sustatzea, eta denda horietan euskal produktuak, bertakoak, gehiago topatzea da sustatzaileen nahia. «Denda batean egon liteke Larretako gazta edo Mahalako jogurta, baina guztiak batera toki batzuetan bilatzea zaila izango da». Horrez gain, merkataritza gune txikiak sostengatzea eta indartzea, eta horrela, hurrengo belaunaldientzako berme bat izatea nahi dute. «Logistika lanak suposatzen duen traba handi hori erraztea, askotan, denbora eta diru xahuketa handia izaten baita», arrazoitu du Altunak.

Edertok jada diseinatuta du bere sare komertziala edo bide logistikoa. Ekoizle bakoitzak produktu jakin batzuk eskainiko ditu, eta horietako bakoitzari prezio bat zehaztuko zaio, ondoren, komertzio txikietan garestiago saltzeko. «Akordio batera iritsi ondoren banatu da balioen katea, eta hori izan da proiektu honen bereizgarri nagusiena. Balioen kate osoa, parte hartzaile guztien interesen arabera banatzen da. Beraz, kasu honetan, inor kaltetua izan gabe, prezioen marjinak ahalik eta interesgarrienak izan daitezen saiatuko gara. Ekoizleak, bide-lanak egiten dituen enpresak eta saltzaileak, hirurek atera behar dute etekina. Aurrera begira, balioen kate hori orekatzen saiatuko gara».

 

Joseba Altuna: «Balioen kate osoa izan da proiektuaren bereizgarri nagusiena. Beraz, prezioen marjinak ahalik eta interesgarrienak izan daitezen saiatuko gara»



Behin balioak zehaztuta daudenean, Edertok Zumaian egongo den logistika zentrora eramango ditu ekoizleari erositako produktuak, bertan biltegiratzeko. Gero, bere banaketa-ibilbideko denda batera eramango ditu. «Proiektuan parte hartuko duten eskualdeko ekoizleek ez dute bertako saltokietan soilik salduko euren produktua. Zabaldu egingo da sare hori, eta beraz, lurralde historikoko beste denda batzuetan ere bertako produktuak erosteko aukera izango dute herritarrek. Ondorioz, Gipuzkoako ekoizle askorentzat, aurrerapauso bat izango da, proiektu honek are gehiago zabalduko dituelako norberak sortu dituen sare komertzialak, zentzuzko merkataritzaren bitartez», nabarmendu du Altunak. Azkenik, proiektuan parte hartuko duten dendak eta ekoizleek eskainitako produktuak etiketa edo zigilu beltz batekin bereiziko dira.

Arestian aipatu moduan, proba pilotu bat izango da. «Urtebete igaro ondoren, denda eta ekoizle gehiagotara zabaltzea litzake gure nahia. Oraingoz azterketa bat egin beharko dugu, kateak nola funtzionatzen duen ikusi eta kalkulatutako portzentaiak eta prezioak egokiak diren ala ez ikusteko, eta aldatu behar izanez gero, jakiteko. Errentagarria izatea espero dugu».

Lehengaien prezioa, mugarri

Eskualdeko baserritarren egoerari buruz galdetuta, denetik aurkitu daitekeela dio Altunak. «Noski bultzada bat behar dutela. Errentagarritasunari begira, beste proiektu batzuei begira, zuzeneko bide komertziala hartzea erabaki dute askok. Hala ere, gaur egun, kontsumorako edo ekoizteko erabiltzen diren lehengaien prezioa mugarri bilakatu da baserri guztientzat. Asko igo da, eta horrek errentagarritasuna jaisten du, salmenta prezioa produktu guztietan mantentzen delako. Hori da aldatu beharrekoa, etorkizun oparoa izatea nahi badugu behintzat».

Elikaduraren Nazioarteko Egunaren bezperan, bere alea jarri nahi izan du EHNE sindikatuko kideak. Bere ustez, osasuntsu elikatzeko garrantzitsua da baserritik elikatzea: «Egun bizi dugun egoera ikustea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Mikrotxiparen kasuan adibidez, zenbaterainoko galera ekonomikoa eragin dezakeen ikusita, ezinbestekoa da elikadura behar bezala zaintzea. Hala ere, herritar ugari gara, eta muga ezberdinak direla eta, ezinezkoa da guztiontzat berdin ekoiztea. Bestetik, bertako saltokietan ez dugu behar adina bertako produktu topatzen gaur egun, eta beharrezkoa da bertako ekonomiarentzat eta bertako biztanleentzat ekoizpen mota hori izatea».

Gaurko data mugarri izango bada ere, urte osoan zehar osasuntsu elikatzearen garrantzia azpimarratzen dute adituek. Hori dela eta, Altunak mezu bat zabaldu nahi izan die herritarrei: «Norberaren esku dago egunerokoan erosketa non egin erabakitzea; orduan erakusten da benetako militantzia. Leloarekin bat eginez, bertakoa kontsumitu eta bertako produktuak erostera animatuko nituzke herritarrak, ez soilik osasuntsua delako, eguneroko intzidentziari begira, beharrezkoa delako baizik».

 

PROIEKTUAN PARTE HARTZEN DUTEN EKOIZLEAK ETA EUREN PRODUKTUAK

· Igeldoko Esnea (Igeldo): esne fresko pasteurizatua.

· Arriatzu (Hernani): IV. gamako barazkiak, kontserbak eta barazki freskoak.

· Larreta (Orendain), Mahala (Leaburu) eta Behieko (Altzo): gaztak, jogurtak, izozkiak eta irabiakiak, baita ekologikoan ere.

· Zelaieta (Orendain) eta Baztarrika (Gabiria): gazta onduak eta ketuak (Jatorrizko Izendapena - Idiazabal Gazta).

· Isastegi (Tolosa), Lizeaga (Astigarraga), Gaintza (Getaria) eta Akarregi Txiki (Getaria): Euskal Sagardoa eta Getariako Txakolina (Jatorrizko Izendapena).

PROIEKTUAN PARTE HARTZEN DUTEN DENDAK EDO SALMENTA GUNEAK

· Iturralde harategia: Oria kalea 8, Tolosa.

· Iñaki Ormazabal harategia: Igartza Oleta 10, Beasain.

· Fernando Salegi harategia: Secundino Esnaola kalea 34, Zumarraga.

· Gabilondo Arregi harategia: Kalebarren kalea 5, Antzuola.

· Javi Vadillo harategia: Kale Nagusia 6, Legazpi.

· Igarza harategia: Irizar ibilbidea 1, Bergara.

· Leturia harategia: Pedro Deuna kalea 24, Bergara.

· Agirre-Etxe harategia: Zarugalde kalea 33, Arrasate.

· Jon Diaz harategia: Durana kalea 15, Aretxabaleta.

· Txantxiku harategia: Arantzazuko Ama kalea 2, Oñati.

· Odriozola harategia: Arana kalea 14, Azpeitia.

· Uzkudun harategia: Erdikalea kalea 5, Zestoa.

· Arozena harategia: Zigordia kalea 4, Zarautz.

· Otar Goxo harategia: Zubiaurrenea kalea 2, Usurbil.

· Arriatzu barazki denda: Felipe Sagarna Zapa kalea 41, Hernani.

Erlazionatuak

Jaten duguna garelako

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 urr 16 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!