ELKARRIZKETA

«Gorputzak hobeto asimilatzen ditu garaiko produktuak»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko urr. 16a, 07:56

Urteak dira Saldias-Uranga sendia Tolosako Korreo kalean produktu ekologikoak eskaintzen hasi zela. Igone eta Mirian alabak bertan ibili ohi dira; hala ere, azken hilabeteetan jarraipen serioagoa egiten ari dira baserriko lanari. Igone Saldias Uranga Soroenea dendako langilea da.

Produktu konbentzionaletatik ekologikoetara aldatzea erabaki ondoren, azoketan hasi ziren salmentan Soronea baserriko senideak. «Orduan ez zegoen orain dagoen konbentzimendu bera, ezta horrenbesteko eskaria ere», dio Igone Saldias berrobitarrak. Elikaduraren Nazioarteko Egunaren atarian, elikagai ekologikoak kontsumitzearen garrantzia azpimarratu du.

Nola hasi zineten produktu ekologikoak saltzen?

Baserria bizirik mantendu eta baratza horri etekina ateratzeko, salmenta puntu bat sortzeko beharra ikusi zuten senideek. Horrela, gure produktuak eta ekologikoak diren beste marka ezberdin batzuk uztartzen hasi ginen, horiekin soilik elikadura oso bat egin ahal izatea ahalbidetzeko helburuarekin. Orain, indar handia hartu du ekologikoa den horrek.

 

«Lurraren eta gizakiaren arteko harreman mota da ekologia, betikoa, errespetuzkoa»



Zeri deitzen zaio ekologikoa?

Badirudi ekologikoa hitza modari lotutako termino bat dela, edo ideologia bat. Itxurakeria bezala sailkatzen dute batzuek; beste batzuek, berriz, guay den zerbaitekin erlazionatzen dute. Hala ere, konfusio handia dugu. Kontuan izan behar da betiko ekoizpen mota ari garela bultzatzen, betidanik egin den nekazaritza mota ari garela aldarrikatzen, naturarekin errespetuz lantzen dena.

Bestalde, pestiziden erabilerak eragiten dituen kalteak ere kontuan hartzekoak dira. Ahalik eta denbora laburrenean, ahalik eta produktu gehien ateratzea dute helburu. Pestizidarik erabiltzen ez duzunean, ordea, ez duzu soilik zure osasunaren aldeko urrats bat ematen; zure naturari edota lurrari ere laguntzen diozu. Izan ere, lurraren eta gizakiaren arteko harreman mota da ekologia, betikoa, errespetuzkoa. Nik zugandik jasotzen dut, eta akaso, batzuetan gehiegi eskatzen dizut, baina ez zaitut suntsituko, ez zaitut gehiegikeriaz erabiliko.

Produktu ekologikoak lantzen ditugunon helburua, beraz, elikatzeko eta bizi ahal izateko pestizidak ez erabiltzea da; gizakiaren eta naturaren arteko harremana ahalik eta armonikoena izan dadila. Ondorioz, ekologikoa hitzak konfusio handia eragiten du, eta azken finean, ekoizpen mota bat besterik ez da.

Elikagai ekologikoak ekoizteko aukera handia dugu hemen?

Nire ustez, hemengo ekoizpenaren zati handi bat ez da ekologikoa. Azukre ekologikoa, esaterako, inoiz ez da Euskal Herrian sortuko. Oro har, gainera, ekoizpena txikia da, geroz eta txikiagoa. Orain ekologikoa den horren aldeko kontzientzia handiagoa dute gazte askok, baina transmisioa txikia da, batez ere, landutako produktuetan, nahiz eta horiek kanpotik, atzerritik, ekartzen diren. Gure kasuan, lehentasuna ematen diogu gertukoa den horri, kanpotik ekarritakoen aurrean; horretan saiatzen gara behintzat.

 

«Orain ekologikoa den horren aldeko kontzientzia handiagoa dute gazte askok, baina transmisioa txikia da»



Udazken bete-betean, zer eskatzen da gehien?

Espinaka. Brokoliarekin ez gara hasi oraindik. Uda igaro ondoren, hurrengo denboraldiko produktuak eskatzen etortzen dira bezeroak. Orain neguko barazkiak eskatzen dizkigute, eta aipatutakoez gain, kuia ere bai. Nabaritzen da uraza eta tomateak baino lehentasun handiagoa dutela, bezeroek elikadura mota aldatu nahi izaten dutelako, tenperatura freskoagoko egunei begira, gehienbat.

Salmentan zehar, osasuntsu elikatzera animatzen dituzue bezeroak?

Galdetuz gero, edo zerbaiten inguruko iritzia eskatuz gero, aholkuak ematen edo azalpenak ematen saiatzen gara erosleei, baina ez da gure ohiko egin beharrekoa izaten.

Zer egin dezakete osasuntsu elikatzen ez diren herritarrek euren egoera iraultzeko?

Nire ustez, ezinbestekoa da produktua ahalik eta gutxien prozesatua izatea; ahal bada, garaikoa izan dadila, gertukoa eta ekoizpen mota egoki batekoa. Gehiegi prozesatutako produktuek kalte handia eragin diezaieke dieta bati. Elikadura osasuntsu baterako, irinak, kontserbagarriak, edulkoratzaileak edota hozkailuan prest egoten diren elikagaiak, ahal dela, alde batera utziko nituzke. Bertakoa den hori, etxean kozinatu daitekeena, osasuntsuagoa da, zalantzarik gabe. Eta garaikoa bada, gainera, gorputzak hobeto asimilatzen du. Neguko barazkiek gorputza beroago mantentzen edo garai horretan bizi beharrekora egokitzen laguntzen dute. Adibide bat jartzearren, hobe da bertako eztia hartzea, Valentziako eztia hartzea baino. Bertako erleak zure ekosistema berean bizi dira, eta beraz, ezti horrek Valentzian laranja artean dabilen erlearenak baino onura handiagoa ekarriko dizu. Izan ere, gorputza oso adimentsua da, eta bizi zaren ekosisteman egokituta dago. Beste ezerk ez dizu hobeto sentiaraziko geroz eta gertuagokoa denak eta une horretan hazten ari denak baino.

Erlazionatuak

Jaten duguna garelako

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 urr 16 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!