ERREPORTAJEA

Aske bizi eta gozatu nahian

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko eka. 28a, 07:58
Askotariko begirada eta identitateak, bide berean. J. ARTUTXA / I. LUQUE

Gaur, Sexu eta Genero Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Eskualdean ere badira LGTBIQA+ komunitatearen parte diren herritarrak, errealitate ezberdinak bizi dituzten arren, berdintasunera bidean, gainerakoen eskubide berdinak eskatzen dituzte.

Urtero legez, ekainaren 28an, gaur, da sexu eta genero aniztasunaren eguna; ospakizun eguna, batzuentzat, aldarrikapenerako data, beste askorentzat. Sistema heteropatriarkal kapitalista dela-eta, eskubide guztiak bermatuta ez dituen komunitatea da LGTBIQA+, lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual, queer eta asexualek osatzen dutena. Gutxi gorabehera, munduko herritarren %5 eta %10a bitartean, komunitatearen parte da.

Baina urrutira joan gabe, eskualdean ere badira euren eskubideak babestu, askatasuna aldarrikatu, eta tamalez, askoren handinahiaren ondorioz, sekulakoak entzun behar izaten dituztenak. Amaia Agirre asteasuarra, lesbiana eta hiru alabaren ama da; Ibai Luque tolosarra, ez bitarra, marika eta trabestia; eta Lidia Hernandez tolosarrak, bisexuala izanik ere, pertsona asketzat du bere burua.

Lidia Hernandez, Ibai Luque eta Amaia Agirre. JOSU ARTUTXA

Arestian aipatutako data seinalaturako hiru egun besterik geratzen ez badira ere, komunitateak eta gizarteak bizi duten borrokak ez du amaierarik ekainean; hobeto esanda, hilabete honetan are gehiago elikatzen da konfrontazio hori. «Egun puntuala da, mugarri bat», adierazi du Luquek. «Hala ere, oraindik genero eta identitate batzuk beste batzuk baino zapalduagoak daude, ez dute askatasunik egunerokoan lasai bizitzeko. Arazo hori, gainera, ikusgarria da. Inguruak babestuz gero, erraza da bizitza arrunta egitea, baina zure esku ez dagoenaren aurka borroka egitea besterik ez da geratzen. Ez soilik egun edo hilabete seinalatu bakarrean, egunero baizik».

Bere ikuspegitik, borrokatzeko «gauza garrantzitsuagoak» daudela uste du Hernandezek. «Gizarteko alor ia guztietan bezala, arazoa handia da noski, baina inoiz zapaldua, baztertua edo jazarria sentitu ez naizenez, ez dut borrokatzeko beharrik ikusten». Agirre, bestalde, ez da sekula aldarrikapenetan buru-belarri aritu, bertsotatik kanpo. «Inoiz ez dut jazarpenik jaso lesbiana izateagatik, baina bai etengabeko azalpenak eman beharra. Bertsoetan aurkitu dut horretarako sarea, leku oso maskulinoa delako».

Irudiak garbitzeko joera

Hungariako Gobernuak duela gutxi onartu du LGTBIQA+ pertsonen eskubideak murrizten duen legedia eta hain zuzen ere, kolektiboak elkarbiltzen dituen pertsona orori babesa eskaintzeko asmoz, asteazkenean jokatu zen Eurokopako Alemaniaren eta Hungariaren arteko partidarako, Allianz Arena futbol zelaiko eraikina ostadar kolorez argiztatzea proposatu zuen Municheko alkateak, keinu sinboliko horrek eduki zezakeen indarraz jabetuta.

Bada, zeresan handia eman duen proposamena izan da; batetik, UEFAk ezezkoa eman ziolako, eta ondorioz, ez zelako halakorik gertatu, baina bestalde, futbol munduko pertsonaia esanguratsuen babesa jaso duelako. Hala ere, Alemaniako futbol liga nagusiko zenbait estadio argiztatu ziren ostadar koloreez, baita Municheko zenbait kale eta eraikin ere.

Horrek guztiak, ordea, izen bat du atzean: Pinkwashing-a (garbiketa arrosa), LGTBIQA+ testuinguruan, erakundeak, herrialdeak, pertsonak, produktuak edota enpresak sustatzeko politika eta marketin estrategia, alegia. «Bere irudiak manipulatzen dituzte. Kapitalismoaren medioetatik, bitartasun bat defendatzen dute 365 egunetan. Baina ekaina iristen denean, inklusibotasuna landu eta zeinen modernoak diren erakusteko, jolastu egiten dute, etekina atera nahian», esan du haserre Luquek.

Euren identitateak eraikitzea eta defendatzea «ikaragarri» kosta zaiela aldarrikatu du ez bitarrak. «Min handia ematen dit nire identitatea honetarako erabiltzen dutela jakiteak. Izan ere, gure identitateagatik, askok izan dituzte arazoak lana topatzeko edo beti izan dira baztertuak euren postuetan. Hortaz, ez dezatela egun batean erabili, kanpaina baterako ondo datorkiela erabaki dutelako».

Artaldea sakabanatzeko beldurrez

Duela gutxi bozkatu zen Espainiako Kongresuan Unidas Podemos alderdiak proposatutako Trans Lege berriaren testu tramitea onartzea, baina ez zen aurrera atera PSOEk azken orduan abstentziora jo zuelako. Bestalde, hainbat herrialdetan (Danimarka, Irlanda, Malta, Belgika, Portugal eta Luxenburgon) eta Kanaria uharteetan genero identitatearen autodeterminazioa onartzen dute. «Oinarrizko edo benetako eskubideak mahai gainean jartzen direnean, ez dut ulertzen non dagoen ezezkoa emateko edo baiezkoa ez emateko arrazoia», esan du Agirrek.

Erresistentzia «handia» dela nabarmendu du asteasuarrak: «Zalantzan jartzen dute gizon hegemonikoaren irudia eta feminismoa ere mehatxu nuklearra da beraientzat. Hau da, erdigunean egon behar duen eta guztion euskarri izan beharko lukeen ikuspegi edo ideologia bat mehatxu bat da. Pentsa, beraz, transexualitatearen gaia zer den eurentzat. Ez-jakintasuna ikaragarria da, besteen zoriontasuna eta askatasuna ulertzen ez saiatzeagatik bakarrik».

Trans legearen kontuarekin hitzez bete behar ez luketen aho asko bete direla azpimarratu du Luquek. «Gehiegi hitz egin da azken boladan eta publikoki eztabaidatu da pertsona batzuen identitatea. Ez dute horien identitatea ulertu nahi, eta ez dira euren lekuan jarriko, baina beraien legeaz hitz egingo dute, eta gainera, bere iritzia emango dute. Halaber, transexualek ere hitz egin beharko lukete legeaz. Ez diete galdetu lege hori aurrera eramateak zer suposatuko lukeen. Ez da asertibitaterik egon, polarizazio prozesu bat baino ez».

Hirurak bat datoz hainbat legeri buruz hitz egiteko inkoherentzia eta adostasun eza «handiak» daudela; «abortuaren legearen kasuan, adibidez, gizonezkoak dira nagusi», aipatu du Agirrek. «Ikusgarritasuna eman behar zaio, baina ez gehiegi, ikusgarritasun oro ez delako positiboa. Lege gehiago onartzeak, identitate gehiago izateko aukera handituko luke, eta beraz, erabakitzeko aukera gutxiago izango lukete. Artaldea sakabanatuagoa egongo litzake, eta hori ez zaie batere interesatzen», gehitu du Luquek.

Gertuko kasuak

Familiako kasu bat tarteko, transexualitatearen gaia oso gertutik bizitzea egokitu zaio Hernandezi. «Anai transexual bat dut, 17 urtekoa. Berarekin gauza gogor asko bizitzea egokitu zait. Hala ere, oso ondo darama egoera». Gertu egokitu arte, gaiaren inguruan interes handirik ez erakustea onartu du tolosarrak. «Prozesua oso zaila izan zen. 14 urterekin transexuala zela ohartu zen, eta inoiz ez diot ordukoa bezalako zoriontasun aurpegirik ikusi. Arnasgune bat izan da, eta identitateak askatasun apur bat eman dio».

Transexualitatearen gaia ere heldu da bertsolaritzara. Hain justu, ekainean zehar, gaiaren inguruko hainbat saio izaten ari da Agirre, eta astelehenean lehen aldiz partekatuko du oholtza transexuala den bertsolari batekin; «egun berezia» izango dela dio. «Ni konturatzen naiz orduan eta gehiago jakin, orduan eta gutxiago dakidala. Hanka sartzeari ez diot beldurrik, baina bai errespetu handia. Askotan zalantzak izaten ditugu, trans saioak egiterakoan, gabiltzan bertsolariak bollerak garelako. Gaia ekarri nahi dugu plazara, ikusgarritasuna eman nahi diogu, baina ez gara egiari behar bezala erantzuten ari, motz samar geratzen ari garelako».

Zer falta da?

Gaia plazara eramanda ere, oraindik bide luzea eraiki beharra dago, berdintasun edo normalizatze prozesuan. «Errealitate ezberdinak errespetutik begiratzeaz gain, terapia pertsonala eta enpatia dira gakoak. Benetan maite diren bi lesbianek ez dute zertan lotsatu kalean musukatzeko, eta sexu bereko bi pertsona elkarrekin ikusteak norbait deseroso sentiaraziz gero, barrura begiratu eta hausnartzea eskatuko nioke», aipatu du Hernandezek. Barrura begira hastean, ordea, ia denek «kaka ugari» aurkitzen dutela esan du Agirrek, «eta hori ez dugu nahi».

Luquek, bere aldetik, gaiaren inguruko informazioa norberak aurkitzea eskatu du. «Kolektiboak, pertsonak hezteko edo araudi hori erakusteko ardura bere gain hartzea, latza iruditzen zait. Ni komunitatearen inguruan eta mugimendu ororen inguruan informatu naizen bezala, gainerako herritarrek ere gauza bera egin dezaketela esango nuke».

Agirreren ustez, «ia ezinezkoa» da gizarte heteropatriarkatutik ihes egitea. «Ez da hezkuntza kontua bakarrik. Erreferente falta ikaragarria da. Duela gutxi ohartu naiz gailu teknologikoak izan direla nire alaba zaharrenaren heziketa tresna indartsuena. Ondorioz, galdutzat jo dut borroka. Hala ere, justuak direla iruditzen zaizkidan baloreak transmititzen saiatuko naiz, baina ez da erraza izango».

Bestetik, gizarte berean, arrakala garbi bat dagoela salatu du Luquek. «Euskal Herrian, esaterako, ez dago erreferentzia marikarik. Erreferenteak sortu eta horiek espazio publikoan normaltzat hartzen ez baditugu, ez dugu aurrera egingo. Hasieratik sexuarekiko ezberdintasun bat dagoela planteatuz gero, dugun borroka handiena galduko genuke». Halaber, LGTBIfobiarik ez egoteko, eta berea bezalako gorputz eta identitateak arrotzak izan ez daitezen, lanketa handi bat egin behar dela azaldu du: «Heziketa prozesu, testu-liburu, eskola, irakasle eta abarretan egon behar dute erreferenteek».

Azkenik, «ezinbestekoa» iruditzen zaio indarkeria guztiak salatuko dituen eta ondorio larriak izango lituzkeen lege bat onartzea. «Bestela, ez goaz inora. 14 urterekin iraintzeko gai bazara, hogeirekin agian jipoitu eta norbait akabatzeko gai zara, eta hor sekulako arazoa izan dezakegu».

 

LGTBIQA+ komunitatea

1969ko ekainaren 28an du jatorria sexu eta genero aniztasunaren egunak, New Yorkeko Stonewall Inn tabernan. Urte luzeetako polizia-jazarpena, matxinada batean lehertu zen. Gerora, homosexualitatea gaixotasun modura diagnostikatzen hasi ziren, 1973an, Amerikako Psikiatria Elkarteak hori desklasifikatu zuen arte. Dalia enpresaren arabera, gaur egun, Europako biztanleen %6a da LGTBIQA+ kolektiboaren parte. Hiriburu koloretsuena, berriz, AEBtako San Frantzisko (800.000 biztanle) da, herritarren %15arekin.

Erlazionatuak

Irensteko hamaika modu

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 eka 28 Tolosaldea

«Beraiek nahi izan dutena kontatu dute»

Tolosaldeko Ataria 2021 eka 28 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!