ERREPORTAJEA

Irensteko hamaika modu

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko eka. 28a, 07:59
Lidia Hernandez, Ibai Luque eta Amaia Agirre. JOSU ARTUTXA

Ez Hernandezi, ez Luqueri, ezta Agirreri ere ez diete berdin eragiten egunerokoan gainditu behar izaten dituzten oztopo edota iruzkinek. Euren ustez, lan handia dago egiteko, batez ere, gazteen artean, eta faltan botatzen dute eskualde mailan LGTBIQA+ talde bat eratzea.

Kaletik doanean, «marikoia» bezalako irainak entzun behar izaten dituela adierazi du Luquek; askotan, «euren identitatea lagunen aurrean finkatzen edo defendatzen duten» mutil nerabeen ahoetatik. «Eta zu igarlea!» esanez erantzuten die berak. «Nire kasuan erraza delako, baina ea beste batzuekin ausartzen diren», esan du. «Badakit kalea ez dela niretzako espazioa, badakit ni ikusita jendea deseroso egongo dela eta euren beldur guztien fokua izango naizela, baina hain justu, hori izaten da nire defentsarako tresna».

Luquek aitortu du «ikaragarri» kosta zaiola bere gorputza eta identitatea onartzea, «benetan zein den jakitea». Ez bitarra izateak askatasun bat duela azaltzen du tolosarrak, eta ondorioz, maskulinitatearekin eta feminitatearekin jolasean aritzen dela. «Nahi dudan bezala joaten naiz kaletik eta nahi dudana egiten dut nire identitatearekin, baina naizen bezala izateagatik ez dut inoren begirada jakin edo irainik aguantatu behar».

Bere emozioen araberakoa izaten da eguneroko bere itxura. «Ez dut nire itxura moldatzen edo erabiltzen, begiratu edo ez begiratzeko. Ez naiz gizarte honen parte sentitzen, gizarteak hala erabaki duelako». Txikitatik gorputz ez normatibo bat izateagatik jasotako biolentziak ere horretan eragina duela gaineratu du Luquek. «Gizartean inoiz onartua sentitu ez bazara, bertatik kanpo zaude».

Hernandezek, bere aldetik, garrantzia eman nahi izan dio norberak bere buruarengan sinesteari. «Arazoa begiratzen edo irainak botatzen dituen horrena da. Ez da pertsona irekia, eta ez du horretarako gaitasunik. Ez da gai barruan duena kanporatzeko. Lotsa sentiarazten dio nahi duen bezala izateko gai ez izateak. Nire kasuan, ezagutzen ez nauen norbaitek iraintzen banau, bost axola dit bere epaiak».

Tolosarraren iritziz, «ezinbestekoa» da errealitate guztiak gertutik ezagutzea. «Gizartean barneratzeko galderak egin behar dira. Oso aberasgarria iruditzen zait, betiere maitasunetik eta jakin-nahietik egiten direnean». Luqueren ustez, baina, askotan morboak hartzen du maitasunaren edo jakin-nahiaren lekua. «Onartezina iruditzen zait guzti honen inguruan barre egitea».

Kondoia, gorputz bat eta bi ama

Agirrek dio, askotan, txorakeriak iruditzen zaizkigun irainak, bola handi bilakatzera heldu daitezkeela, eta orduan, motxilak sekulako zama hartzen duela. Adibide bat jarri du hori azaltzeko: «Eskola batean, adibidez, ikasleekin bertsoak osatzen ari nintzela, kondoia errima erabiltzeko asmoa nuen. Irakasle batek, ordea, hori ez jartzeko eskatu zidan. Ulergaitza da. Sexualitatea lantzen dute, baina gero ez dituzte halakoak onartzen, hau da, zuk pentsarazten diezu umeei zerbait berezia dela».

Gizartearen ehuneko handi baten diskurtsoaren garapenaz ohartuta, kezka handia du Agirrek. «Ez gara gai pentsatzen duguna defendatzeko, ezta ikusten duguna onartzeko ere. Ni irakaslea naiz, 800-1.000 ikaslerekin nabil urtero, eta harrigarria da, geroz eta abaniko zabalagoa eta koloretsuagoa izan ordez, geroz eta zuri-beltzagoa dugu. Ikastetxean ez ezik, oholtza gainean ere gorputz bat gara, ahots bat izan beharrean».

Eskubideak babesterako garaian, asteasuarrak oso erradikaltzat du bere burua. «Niri ere kosta zait lesbiana nintzen edo ez benetan ohartzea». Gerora, gainera, bi ama diren aldetik, leku guztietan oztopoak izaten dituztela esan du. «Ez dago bi amen aztarnarik liburuetan edo bete beharreko paper ofizialetan; beti azaltzen da tartean aitaren figura. Nahiz eta ama biologikoa nire bikotea izan, ni ere ama naiz. Askok sekulakoak esaten dituzte ni izendatzerakoan, eta behin baino gehiagotan gertatu zait «aita edo beste hori» bezalako iruzkinak edo ume bakoitza norena den bezalako galderak entzun behar izatea. Orain oso lasai daramat dena, anekdotak kontatzeko balio izaten didalako, baina momentuan sutan jartzen naiz».

Talde baten beharra, eskualdean

Lasai bizi ahal izateko ekosistema baten beharra aldarrikatzen du Luquek. «Aintzat hartu behar dugu gizartearen egitura. Bi figura bakarrik agertzen zaizkigu, emakume femeninoarena eta gizon maskulinoarena. Hortik ateraz gero, ez duzu tokirik, ez duzulako zure sareak ehuntzeko aukerarik. Hortaz, errespetutik egin behar dugu aurrera».

Tolosarraren ustez, arazoa gaizki begiratzen edo iraintzen duenarena balitz, eta eurengan eraginik izango ez balu, horrenbeste eragile feminista dauden moduan, eskualdean LGTBIQA+ taldeak ere egongo lirateke, «baina Tolosaldean ez dago gure sexualitateaz eta gure genero identitateaz askatasunez hitz egiteko lekurik».

Erlazionatuak

Aske bizi eta gozatu nahian

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 eka 28 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!