ELKARRIZKETA

«Beraiek nahi izan dutena kontatu dute»

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 28a, 07:57

Ni naiz naizena websaila osatu du Izaskun Arandia tolosarrak, eta maiatzaz geroztik, astero-astero atal bat ematen dute ezagutzera www.trans.eus webgunean; hamar protagonista dira, eta guztiak dira trans.

Zuzendaria, gidoilaria, ekoizlea eta irakaslea da Izaskun Arandia (Tolosa, 1972). Donostian bizi bada ere, Tolosa eta Altzorekin harremana izaten jarraitzen du. Ni naiz naizena proiektua martxoa inguruan inauguratu zuten Zinegoak zinemaldian, eta estreinaldi ofiziala, websailerako sortu duten Trans.eus plataforman maiatzaren 13an egin zuten. Atal ezberdinak ikusgai daude.

Zer da websail bat?

Dokumental bat da. Hau proiektu handiago batetik dator. Ni ia duela hamar urtetik beste dokumental batekin bueltaka ari naiz, eta generoaren inguruko hausnarketa eta elkarrizketa batzuk egin genituen. Gero, dokumentalekin askotan gertatzen den moduan, garapen fasean beste bide bat hartzen du, eta hor geratu ziren elkarrizketa oso-oso interesgarri horiekin zer egin pentsatzen aritu nintzen, eta pena ematen zidan ez aprobetxatzeak, eta iruditzen zitzaidan garrantzitsuegia zela kaxoi batean sartzeko. Nik neronek ere izugarri ikasi nuen elkarrizketa horiekin. Garai horretan ni beste websail batean lanean ari nintzen; Puntu Koma ekoizten. Formatu nahiko egokia iruditu zitzaidan hor neuzkan elkarrizketa horiei bide bat emateko. Zorionez Gehitu elkartea bidelagun egin zen, eta martxan jarri genuen.

Websailek iraupen laburragoa izaten dute normalean, ezta?

Ez da telebista serie bat bezala; telebistako serieak 50 minutuaren bueltan ibiltzen dira. Sareak duen abiadurarengatik bakarrik jada websailak laburragoak izaten dira. Formatu bezala laburragoak dira, 10-15 minutu artekoa da atal bakoitza, eta guztira hamar dira.

Atal bakoitzean pertsona bat sartu duzue. Zer dute guztiek komunean?

Trans pertsonak direla guztiak. Guztiek beren burua horrela definitzen dute, eta hori izan zen baldintza bakarra edo hori zen guk jorratu nahi genuen gaia. Ez dago off ahotsik eta beraiek kontatzen dute beraien esperientzia. Beraiek nahi izan dutena kontatu dute. Bazegoen gidoi bat hor atzean, eta bazeuden niri interesatzen zitzaizkidan galderak, baina azkenean beraiek nahi izan dutena kontatu digute. Gehienek esango nuke esperientzia oso gogorrak bizi izan dituztela, baina niri beti gustatzen zait esperantza pixka bat jartzea. Eta atal bakoitza happy ending antzeko batekin bukatzen da.

Zein helburu du?

Ikusgarritasuna ematea pertsona hauei. Lortu dugula uste dut, eta erantzuna nahiko positiboa izan da orain arte.

Zer-nolako erantzuna jaso duzue?

Oso ona. Oraingoz zortzi bat atal publikatu dira, eta jendearen erreakzioa oso positiboa da. Nire asmoa nik ikasi dudana publikoak ere ikas dezala zen. Jakin-mina daukan jendeak ikus dezala pertsona hauen esperientzia, eta enpatia hori edo lortzea zen helburuetako bat eta lortu dugula uste dut nik.

Maiatzaren 13az geroztik astero kapitulu bat ari zarete bistaratzen.

Astero kapitulu bat ari gara jartzen www.trans.eus webgunean.

Hamar pertsona. Aukeraketa nola egin zenuen?

Nik topatu nituen batzuk, beste batzuk Gehitu bidez eta beste batzuk Naizenen bidez lortu nituen. Denetarik pixka bat. Protagonistetako bat telebista ikusten ari nintzela topatu nuen, eta sare sozialen bidez jarri nintzen berarekin harremanetan. Bigarren kapituluko Victor Viruta da bera. Madrildarra da, baina Gasteizen zela grabatu genuen. Lehen lau kapituluak pandemiaren aurretik grabatu genituen, eta errazagoa izan zen. Ondoren ere grabatu ditugu azken atalak, baina hori pixka bat zailagoa izan da. Erdi-erdian harrapatu gintuen, eta asko atzeratu da prozesua pandemiagatik.

«Neure pribilegio horretatik ikasi dut, hainbat pertsona daudela izate hutsagatik izugarri sufritzen dutenak»

Hamar protagonistek beraien bizitzako garapena kontatuko dute, ezta?

Egia esan oso eskuzabalak izan dira. Eta uste dut oso eroso sentitu direla grabaketetan. Gure lantaldean ia denak emakumeak gara, eta giro oso lasaia sortzen dugu. Beraiek nahi izan dutena kontatu dute, eta orokorrean erraza izan da.

Elkarrizketa hamar minututan sartzea ez zen horren erraza izango, ezta?

Hori zaila izan da. Elkarrizketak egiten hain gustura sentitzen ginen, eta elkarrizketak asko luzatu zitzaizkigun. Askotan ordu eta erdi edo bi ordu. Hori hamar minututara jaistea erronka oso handia izan da. Azken atala Josebe Iturriozena da, eta agian berea izan da zailena. Ia bi ordu egon ginen eta esaten duen guztia da interesgarria.

'Ni naiz naizena' da, baina elkarrizketa guztiak euskaraz egitea ezinezkoa izango zen. Nola egin duzue?

Hizkuntza aldetik konplikatua izan da. Hasieratik Gehiturekin egin genuen akordioaren ondorioz, atal guztiek bi hizkuntzetan izan behar zuten. Baina nik garbi adierazi nuen gaztelaniazko elkarrizketak ere euskaraz azpidatziak behar zutela izan. Lau bat daude euskaraz, bat ingelesez dago eta besteak gazteleraz dira; denek dituzte edo euskarazko edo gaztelerazko azpidatziak. Ingelesekoak biak ditu.

Asko ikasi duzula aipatu duzu. Zer ikasi duzu edo zein aldaketa eman da zure barruan?

Izugarria. Garrantzitsuena neure pribilegioaz jabetu naizela izan da. Hori izan da ikasketa garrantzitsuena. Pribilegio horretatik ikasi dut, hainbat pertsona daudela izate hutsagatik izugarri sufritzen dutenak. Hainbeste urtetan proiektu honetan lan egiteagatik uste dut pertsona irekiagoa egin nauela.

Erlazionatuak

Aske bizi eta gozatu nahian

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 eka 28 Tolosaldea

Irensteko hamaika modu

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 eka 28 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!