Mahala Binakako Euskal Pentatloia 2021

«Egindakoa eginda dago, eta plazan erakutsi beharko da»

Asier Imaz / Eneritz Maiz 2021eko ekainaren 18a

Karmele Gisasola 'Zelai III'. JOSEBA URRETABIZKAIA

Karmele Gisasola, Zelai III, Uxue Ansorregirekin batera bikotea osaturik bihar Tolosako zezen plazan Pentatloian lehiatuko da Lucia Orbe eta Garazi Arruti herri kirolariak aurkari dituela.

Azken astea nola pasa duzue?

Urduri. Entrenamendu bat edo beste egin dugu baina deskantsatu ere bai. Egindakoa eginda dago, eta plazan erakutsi beharko da.

Hiru bikote izatekoak zineten, baina azkenean bi izango zarete.

Bai, azken asteetan Klaudiak aizkorarekin mina hartu du, eta ebakuntza eta gero ezinezkoa du parte hartzea. Batari deitu eta besteari deitu ibili gara, baina ezinezkoa egin zaigu hirugarren bikotea osatzea. Froga batzuk egin dituzte, baina hiru astean plazaratzeko beste ez.

Uxue Ansorregirekin osatzen duzu bikotea. Zer moduz moldatzen zarete?

Oso ondo. Oso gustura ibili gara elkarrekin entrenatzen. Bi egunetik behin ikusi dugu elkar, eta oso erraza egin zait berarekin lan egitea. Orain plazan erakutsi beharko dugu zelan moldatu garen etxean.

Lucia Orbe eta Garazi Arruti aurkariak. Erreferentziarik baduzue?

Beldur pixka bat badaukat. Orain artean, herri kiroletan plazaratutakoan txapelketak laburragoak izan dira, eta bakoitzak bere txanda du, eta ez naiz plazaratu aurkariekin batera. Orain, aldamenean ikusiko ditugu gure aurkariak ere nola doazen, eta nerbio horiek kontrolatzea zaila egingo zait. Garazi eta Lucia oso fuerteak dira. Garazi kirolari bete-betea da, eta herri kiroletan urte dezente daramatza. Gezurrik ez noa esatera, beldurra eta errespetua bai ematen dute, baina ikusiko da.

Tolosako zezen plazan eta begi asko telebistatik begira.

Errespetua ematen du. Sekula ez naiz egon zezen plaza batean lehian; sekula pentatloia egin gabe, sekula aizkoran eta giza proban aritu gabe. Lehengoan izan ginenean zezen plazan; pena sentitzen dut publikoak ezin duelako etorri, baina uste dut lasaitua eta dena dela niretzat. Lehenengo aldi baterako agian hobe publikorik gabe.

Tristea bada publikorik gabe izatea, ezta?

Bai izugarrizko pena da, eta badakit antolatzaileek ahalegin guztiak egin dituztela. Atzeratzea ere pentsatu zuten. Guk esan genien erabakitzen zenarekin aurrera egingo genuela. Pena da eta tristura ematen dizu.

Pentatloiko probetatik zeri diozu beldurrik handiena?

Korrika egiteari. Ez zait gehiegi gustatzen, eta ea nola iristen garen amaierara.

Gakoa non egongo da?

Nik aizkoran ikusten dut. Bestetik, guri besteei baino gehiago kostako zaigu harri-jasotzen, baina horrek ez du esan nahi beti atzean geratuko garenik.

Zer moduz moldatzen zara aizkoran?

Aizkoran ez da ikasten egun batetik bestera. Aizkoran denbora behar da, teknika asko eskatzen du, eta ez da indarra bakarrik. Saiatuko naiz ahalik eta ondoen egiten, eta orain artean ikasitakoa erakusten. Hango nerbioekin ez dakidana da gauzak ondo aterako diren, baina saiatuko gara.

Erlazionatuak

Prest final handirako

Eneritz Maiz Etxarri 2021 eka 18 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!