Zein gorputzaldirekin zaude?
Jada urduri eta azken astea deskantsua hartzen. Entrenamendu aldetik egin beharreko guztia eginda dago, eta deskantsatzea baino ez zaigu geratzen. Ea lan ona egiten dugun.
Azken astean egindakoak ez du askorako balioko.
Hori da. Teknika pixka bat landu edo korrika egitea da, gorputza aktibatzeko.
Zenbat denbora daramazue proba prestatzen?
Gutxi gorabehera duela urtebete hasi nintzen harri-jasotzen, aizkoran,... pixka bat ikasten. Hori ikasteko denbora behar da; aizkoran batez ere. Aizkora ikusi dut oso zaila dela. Beraz, denbora bat daramat. Jada pentatloia egingo genuela urtarrila aldera esan genuen.
Lucia Orberekin osatuko duzu bikotea. Nola moldatu zarete?
Ondo. Hasieran beldurtuta. Luciak indar asko dauka, eta harriarekin oso ondo dabil, baina ez du ikusi aizkora bat bere bizitzan. Bera beldurtuta egon da, eta ni ere bai, pixka bat. Baina poliki-poliki serio hartu dugu, eta espero dugu ondo ateratzea.
Zoritxarrez lesio bat tarteko, azkenean bi bikote izango zarete.
Pena da. Claudia lesionatu da, eta gainera neska oso indartsua da eta pena handia ematen digu. Aizkoran badaki, eta guregana etortzen zen harria jasotzen aritzera. Azkenean batera aritu gara entrenatzen eta jakin genuenean sekulako pena hartu genuen.
Zelai III.a eta Uxue Ansorregi izango dituzue aurkari. Hauekin kontuz, ezta?
Karmelek beldurra ematen du [Barreak]. Beste txapelketa batzuetan Karmelerekin askotan egon gara, eta bera ere urduri jartzen da eta beldurrarekin joaten da, baina badakit gero plazan asko hazten dela.
Publikorik gabe izango da. Horrela nahiago?
Erakustaldi moduan edo hartuko dugu; intimoagoa den zerbait moduan. Nik ez dakit benetan zer nahiago dudan, baina bai, argi dago publikoa egotea berezia dela. Batez ere, gure lagunak ezin direla joan eta faltan botako ditugula; bakarrik gure laguntzailea joan daiteke, orduan faltako zaigu gure gertuko jendearen animo hori.
Plazan hazi egiten zaren seinale.
Bai. Behar ditugu animoak eta oihuak, eta hori ez badago ez dugu dena ematen.
Harri-jasotzea, aizkora, txingak, korrika,... Non egongo da gakoa?
Aizkoran. Argi eta garbi. Benetan ofiziozko lan bat da, eta denbora gutxi daramagu ikasten.
Beste probaren bati beldurrik badiozu?
Nik harriari. Badakit ez direla altxaldi asko, baina 50 kilo pisatzen ditut eta asko kostatzen zait. Eta giza proban ere asko sufritzen dut.
Korrika arin-arin.
Bai. Korrika ondo ibiltzen naiz, baina aurretik egin duzun lan guztiak hankak kargatzen dizkizu.
Zer eskatzen diozu biharkoari?
Lan polita egitea, eta akats larririk ez egitea. Batez ere, urduri ez egotea. Behintzat telebistan ikustean jendeak ikusi dezala entrenatu dugula, eta lan polita egin dugula esatea nahiko nuke.