Tolosako zezen plaza final handiaren zain dago. Pentatloia hartzeko prest. Biharkoa herri kirolen festa handia izango da: harri-jasotzea, giza proba, aizkora, txingak eta korrika. Emakumezkoetan bi bikote, eta gizonezkoetan sei. 17:00etatik aurrera, Emakumezkoen Laboral Kutxa Saria eta Gizonezkoen II. Mahala Binakako Euskal Pentatloia jokatuko dira.
Hiru bikote ziren lehiatzekoak Pentatloiko Laboral Kutxa Sarian, baina aizkorarekin ari zela Claudia Muñoz lesionatu egin zen. Julia Martinezekin osatzen zuen bikotea, baina lehiatzeko moduan ez dagoenez, ez dira Tolosan izango. Bi bikoteren artean jokatuko da finala. Alde batetik, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Uxue Ansorregi bikotea, eta bestetik, Lucia Orbe eta Garazi Arruti.
Lehen aldiz jokatuko da emakumeen pentatloia, eta ilusioz prestatu dute. Bikote bakoitzak harriari hogei jasoaldi eman beharko dizkio, eta gutxienez batek zortzi jasoaldi egin beharko dizkio harri biribilari. Harri-jasotzeko lanetik giza probara pasako dira, eta bi plaza egin beharko dituzte; bakoitzak bana. Ostean, aizkorak hartu beharko dituzte bi enbor 45 hontzako ebakitzeko. Kasu honetan, erdi bakoitzeko kolpe gutxien ematen dituenak 15 egin beharko ditu. Txingak hartuta sei plaza egin beharko dituzte hiruna plaza eginez, eta bukatzeko korrika egin beharko dute. Bi kilometro osatu beharko dituzte, eta gutxienez bikoteko kide batek zortzi itzuli eman beharko ditu zezen plazan. Irabazleek Laboral Kutxak emandako saria izango dute saritzat.
Sei bikoteren artekoa
Gizonezkoen kasuan finalean sei bikoterentzat zegoen lekua II. Mahala Binakako Euskal Pentatloian. Ia duela hilabete jokatu zen kanporaketan hamaika bikotek parte hartu zuten, eta biharko lehiarako Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Jon Gisasola Zelai V.a izan ziren lehenak sailkatzen. Atzetik, Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a eta Andoni Iruretagoiena Izeta IV.a izan ziren, eta hirugarren postuan sailkatu zen eskualdeko ordezkaria den Iñaki Errazkin tolosarra, Aratz Mugertzarekin bikotea osatuta. Kepa Peñagarikano eta Gorka Etxeberria; Mikel Larrañaga eta Jon Unanue Goenatxo III.a, eta Jagoba Otaegi eta Luis Txapartegi dira beste hiru bikote sailkatuak.
Kanporaketan finalean egin beharko dituzten lanen erdiak egin zituzten. Bihar, harri-jasotzen 40 jasoaldi egin beharko dituzte, eta gutxien jasotzen duenak 16 jasoaldi behintzat eman beharko dizkio harri biribilari. Giza proban lau plaza egin beharko dituzte, hau da, bina plaza. Aizkoran lau kana-erdiko ebaki beharko dituzte, eta erdi bakoitzeko gutxienez 15 golpe eman beharko ditu kirolari bakoitzak. Ostean, txingekin zortzi plaza egin beharko dituzte, launa plazatan banatuta. Bukatzeko, herri kirolari guztiek zezen plazan bueltaka korrika aritu beharko dute lau kilometroak osatu arte. Gutxiena egiten dituenak 16 itzuli eman beharko ditu.
Bi finalak publikorik gabe egingo dira, baina telebistaz zuzenean ikusteko aukera izango da oraingoan; behin amaituta, Ataria-k albistea emango du, www.ataria.eus webgunean.
Karmele Gisasola Zenikazelaia ‘Zelaia III.a’. Mallabia (Bizkaia). 27 urte. 1,70 metro eta 73 kilo.
Uxue Ansorregi Aranberri. Mendaro (Gipuzkoa). 25 urte. 1,65 metro eta 65 kilo.
Lucia Orbe Guisarro. Getxo (Bizkaia). 32 urte. 1,67 metro eta 85 kilo.
Garazi Arruti Garaizar. Bilbo (Bizkaia). 35 urte. 1,58 metro eta 51 kilo.