ERREPORTAJEA

Gure hizkuntzak har dezan arnas

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mai. 28a, 07:59

Udalerri Euskaldunen eguna ospatu zuten 2014ko ekainaren 14an Tolosan. M. IRAOLA

Pasa den maiatzaren 5ean, 30 urte bete zituen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA). Urteurren berezia borobiltzeko, Uema Eguna ospatuko dute, bihar, Amasa-Villabonan; hain justu, bertako udala izan da erakundean sartzeko eskaria egin duen azkena, Zizurkilen atzetik.

Mila bederatziehun eta laurogeita zortzian Euskal Herrian Euskaraz elkarteak, hainbat udaletan aurkeztu zuen mozio batetik abiatuz sortu zen Udalerri Euskaldunen Mugimendua. Mozio hark herri euskaldunetako udalek euskara hutsean lan egitea proposatzen zuen, eta Euskal Herriko 32 udalek onartu zuten. Mozioarekin batera, Euskararen Erabilpena Normaltzeko Udal Arautegia onartu zuten, administrazioan eta udalerrietan euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko eta bitartekoak jartzeko asmoarekin.

Hala ere, udal haiek laster konturatu ziren aurrera egin ahal izateko beraien arteko koordinazioa beharrezkoa izango zutela, eta mozioa onartu zuten udaletako batzuk elkartzen hasi ziren. Koordinazioa ez ezik, laguntza teknikoa eta juridikoa ere beharko zutela ohartu ziren, eta EKB-k (Euskal Kulturaren Batzarra) eskaini zien babes hura, horretarako Birreuskalduntzearen Planifikaziorako Zerbitzua (BPZ) sortuz.

Elkartzen hasi ziren udal haiek Udalerri Elebakarrak izena hartu zuten, baina elebakar hitzarekin nahasmena sor zitekeela iritzita eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu nahi zituztela kontuan hartuta, Udalerri Euskaldunak bilakatu ziren.

Epaitegi Gorenaren ezezkoa

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortzea eta estatutuak onartzea izan zen hurrengo urratsa. 1991ko maiatzaren 5ean, Udalerri Euskaldunen Eguna ospatu zuten Aizarnazabalen, festa eta aldarrikapena uztartuz. Egun hartan, Uema sortzeko batzarra egin zuten erakundea osatu zuten lehen hemeretzi udaletako hautetsiek. Eskualdeari dagokionez, Abaltzisketa, Altzo, Baliarrain, Ikaztegieta, Leaburu-Txarama, Lizartza eta Orendain zeuden tartean. Lehen hemeretzi udal haiek udalerri txikietakoak ziren, eta ez zuten baliabide handirik. Orduan, Uema hasi zitzaien udala euskalduntzeko behar zituzten baliabideak eskaintzen eta ematen.

Denborak aurrera egin ahala, udal berriak gehitzen joan ziren, eta arazo administratiboak eta oztopo juridikoak ere heldu ziren. 1995ean, Espainiako Epaitegi Gorenak Uemaren estatutuak ez legezkotzat jo zituen, eta mankomunitateak estatutuak berritu eta egokitu behar izan zituen, beti ere hasierako helburuei, funtzionamenduari eta lanari eutsiz. «Oztopoak oztopo, udalak euskalduntzeko borondate irmoa azaldu zuten udalerri euskaldunek, eta helegiteei eta epaiei aurre eginez, euskaraz lanean jarraitzea erabaki zuten», adierazten dute erakundetik.

Aitzindari eta eredu

Euskarari dagokionez, Uema «aitzindari eta bide urratzaile» izan dela nabarmentzen dute erakundetik. «1991n sortu zenetik, ibilbide luzea egin du, eta egiaztatutako esperientzia du. Hizkuntza politika aurrerakoiak bultzatzen ditugu, erakunde publikoetatik bultzatzen den elebitasun politikak ez dielako bere herrietako errealitate soziolinguistikoari erantzuten».

30 urteko bidean, eremu instituzionalean, euskalduntzeari dagokionez, «erreferente» bilakatu dela azpimarratzen dute. «Izan ere, euskara hutsean funtziona daitekeela eta funtzionatu nahi dutela erakutsi dute bertako udalek». Instituzio edo erakunde publikoetatik harago, herritarrentzako nahiz merkatarientzako zerbitzuak ere eskaintzen ditu mankomunitateak. Horrela, herritarrek arlo guztietan euskaraz bizitzea posible izateko lan egiten dute. «Euskara nagusi den lurgunea erabat euskalduntzeaz gain, lurgune euskalduna zabaltzea bultzatu nahi dugu», diote Uematik.

Duela zenbait urte, ordea, udalak euskalduntzearekin batera udalerriak euskalduntzea ere giltzarria zela ondorioztatu zuen mankomunitateak, eta horretarako herritarren kontzientziazioan eragitea ezinbestekoa dela ohartuta, hainbat ildo eta zerbitzu berri abiarazi zituen: eskola guztietarako hezkuntza proiektua, hizkuntza ekologiaren eta euskararen arnasguneei buruzkoa, herritarrak ahalduntzeko tailerrak eta kanpainak, edota zerbitzu sektorea euskalduntzeko baliabideak.

Martin Ugalde Aulestiko Udalerri Euskaldunen Egunaren bueltan. UEMA

Eskualdekoak, gehiengoa

Gaur egun, Hego Euskal Herriko lau probintzietako udalak biltzen dituen mankomunitate bakarra da Uema. Tamainaz zein izaeraz askotarikoak dira erakundea osatzen duten 89 udalerriak, baina ezaugarri batek elkartzen ditu: euskaldunak dira guztiak. «Uemako kide diren udalerrietan, biztanleen %70ak baino gehiagok daki euskaraz».

Zizurkil eta Amasa-Villabona batuta,  Tolosaldetik 18 herri izango dira Uemako kide,  erakundearen %20a, alegia

Tolosaldeari dagokionez, hamazazpi herrietako udalak dira Uemako kide: Aduna, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Berastegi, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa eta Zizurkil. Aiztondo bailarako udalerria izan da mankomunitatera batu den azkena. Horrez gain, Amasa-Villabonako Udalak ere Ueman sartzeko eskaria egin du; beraz, hamazortzi herrik ordezkatuko dute eskualdea. Euskal Herrian 90 izango direla kontuan izanda, %20a Tolosaldeko udalak izango dira.

Erakundearen zuzendaritza batzordean, hainbat alderdi politikotako ordezkariak daude: EH Bildu koaliziokoak, EAJ-PNV alderdikoak eta independenteak. «Elkarlanean aritzen gara, Uemaren helburuak lortzeko bideak urratzen», diote erakundetik. Xabier Balerdi, Tolosako EAJ-PNV taldeko kidea eta zinegotzia da zuzendaritza batzordean eskualdeak duen ordezkari bakarra.

Euskaraz arnasteko guneak

Aurrerantzean, beraz, 250.000 biztanle baino gehiagoko lurgunea osatuko dute Uemako 90 udalerri euskaldunek. «Euskararen arnasguneak babesten eta sendotzen jarraitzen dugu. Horien garrantzia ikusaraztea eta aitortzea, zehazki, Uemaren oinarrietako bat da. Urte askoan egindako lanak eman du uzta, eta gaur egun euskalgintzak ez ezik erakunde publikoek ere bat egiten dute mankomunitatearekin, arnasguneak euskararen biziberritzean giltzarriak direla nabarmenduz».

Egun, etorkizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa da Uema, euskaraz bizi nahi duten udalerrien beharrei erantzuten die. «Euskal Herriko mutur batean zein bestean sakabanatuta egon arren, eta neurriz ere denak berdinak ez izan arren, elkarren artean antzekotasun handiak dituzten herriz osatuta dago, eta berezko hizkuntzak batzen gaitu».

 

UEMAn dauden Tolosaldeko 18 herriak

 

• Aduna • Alegia • Alkiza • Altzo • Amasa-Villabona (laster batuko da) • Amezketa • Anoeta • Baliarrain • Berastegi • Gaztelu • Ikaztegieta • Irura • Leaburu-Txarama • Lizartza • Orendain • Orexa • Tolosa • Zizurkil

 

Uema Eguna Amasa-Villabonan

Maiatzak 29, larunbata 

Bihar, 2021eko lehen batzar nagusia egingo du Uemak, Amasa-Villabonan. Segidan, Uemaren 30. urteurrena eta egindako bidea gogoratzeko ekitaldi xumea egingo dute, Gurea antzokian. Euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkariak izango dira bertan, eta Uemak 30 urteotan egindako bideari errepasoa emango diote, gaur egungo ildoak eta erronka berriak zehaztearekin batera.

Erlazionatuak

Euskararen suaren txinparta

Eneritz Maiz / Josu Artutxa 2021 mai 28 Abaltzisketa   Altzo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!