ELKARRIZKETA

«Tolosaldea altxor oso garrantzitsua da Uemarentzat»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mai. 28a, 07:58

Maier Ugartemendia leaburuarrak argi du euskaraz bizitzeak bizipoza dakarrela; hori dela eta, bizipoz hori eremu eta esparru ezberdinetan hedatu dadin lan egiten du Uemako Tolosaldeko teknikari gisa. Uemaren 30. urteurrenaz, erakundearen gaur egungo osasunaz, eskualdeak arnasguneen saretzean duen garrantziaz eta datozen urteetarako dituzten erronkez aritu da Ataria berarekin.

Oraindik Uemako kide ez den herri batean (Berrobin) bizi bada ere, beragatik balitz, honezkero Euskal Herri osoko herriak lirateke Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko ordezkari. Tolosladeko teknikari modura lan egiten du Maier Ugartemendiak, (Leaburu-Txarama, 1987), eta erakundea ia bera baino zaharragoa bada ere, harrotasunez eta ilusioz hitz egiten du bere jardunaz.

Zer suposatzen du Uema bezalako erakunde batentzat hiru hamarkada betetzeak?

Batetik, egindako lana gogorarazteko eta errepasatzeko aitzakia ederra da 30 urte betetzea. Bestetik, aurrera begira markatuta ditugun erronkei begira jartzeko aitzakia ere bada. Duela 30 urte, oso herri euskaldunak zituzten Uema sortu zuten udalek, baina administrazioan hutsune bat zutela ohartu ziren; argi esanda, ez zuten euskaraz funtzionatzen. Hortaz, udal eremu guztietan euskaraz bizi ahal izateko aurrerapausoa eman dute gerora. Une horretan, udalak ziren ahulgune nagusia, eta lan handia egin zuten; bide urratzaileak izan dira, eta gaur egun udal gehienek euskara hutsean funtzionatzea lortu dugu.

Urteak pasa ahala, lan-ildoak zabaltzeko beharra iritsi zaigu. Oso euskaldunak ziren herri horietan, erdararako joera handia sumatzen hasi ginen, eta beraz, bere estrategiak berrantolatu zituen erakundeak, udalei begira ez ezik, herritarrei begira ere hainbat egitasmo garatu eta zerbitzuak eskaini ahal izateko, Uemako kide diren herrietan euskaraz bizi ahal izatea baita gure helburu nagusietako bat. Orain, 30 urteotan egindako lan guztia balioan jarri eta aitortzeko garaia heldu da, baina kezka ere sortzen digu, lan handia egin arren, oraindik euskaraz bizitzeko hutsune handiak ditugula ikusten delako.

«Gurera zenbat  eta arnasgune  euskaldun gehiago batu, eragiteko baliabide gehiago eta babes handiagoa izango genuke»

Uemaren pentsamenduetan kokatzen zen 90 herri izatera heltzea?

Nire ustez, Uema sortu zutenek ez zuten inondik inora ere pentsatuko 90 udalerri izatera iritsiko ginenik. Hala ere, Uemaren helburu nagusietako bat lurgune euskalduna saretu eta indartzea izanik, agintaldi honen hasieran ezarritako erronketako bat zen kopuru horretara heltzea. Oraindik, Uemako kide izateko ezarritako baldintzak betetzen dituzten udalerri asko daude Euskal Herrian, eta beraz, pozgarria da oraingoz 90 udalerri izatera heltzea. Izan ere, elkartuta eragitea errazagoa da. Ondorioz, Uemara zenbat eta udalerri eta arnasgune euskaldun gehiago batu, guk ere eragiteko baliabide gehiago eta babes handiagoa izango genuke.

Uemaren garapenean ondoriorik izan du koronabirusaren pandemiak?

Kolpe latza izan da guztiontzat, garai hauetan euskaraz bizitzea ez baita erraza izaten ari. Batetik, gure funtzionamenduan eragin du. Udalera nahiz herrira begirako zerbitzu ezberdinak eskaintzen ditugu: ikastaroak, sentsibilizazio kanpainak, hezkuntza proiektu bat ikastetxeetan… guztia aurrez aurre egiten dugu, eta ezohiko egoeraren ondorioz, dena egokitu eta moldatu behar izan dugu. Hainbat aldaketa egin eta zerbitzu ezberdinak online eskaintzeko aprobetxatu dugu egoera.

Bestetik, COVID-19ak euskaraz bizitzeko hautuan nola eragin duen ikusi dugu gure herrietan. Beste behin, euskara bigarren mailan geratu dela ikusi da. Hainbat agiri gaztelaniaz argitaratu dira, eta denbora behar izan da, beranduago horiek euskaraz irakurtzeko. Argi ikusi da euskaraz sortzea zein beharrezkoa den, arlo guztietan euskara erdigunean jartzea ezinbestekoa dela, euskaratik sortzea, bizitzea eta zabaltzea, alegia. Une honetan, beraz, hutsune handi bat sumatzen da. Udaletatik beti euskaraz sortzen saiatzen gara, herritarrei eskaintzen zaien hizkuntzaz ez ezik, lan hizkuntza ere euskara izan dadin saiatzen gara. Uemako udalei dagokienez, euskara da lan hizkuntza, eta beraz, pozik gaude. Harro senti gaitezke, zentzu horretan, bide urratzaileak izan garelako eta beste udal batzuentzako eredu garelako. Administrazioan, euskaraz bizitzeaz gain, euskaraz ere lan egin daitekeela erakutsi dugu.

«Uemako udaletan euskara da lan  hizkuntza. Harro senti gaitezke, bide urratzaileak izan garelako, eta beste udalentzako eredu garelako»

Gaur egun, zein egoeratan dago Uema? 

Gihar aldetik, inoiz baino indartsuago gaude. Pentsa, duela 30 urte 14 udalerri ginen, eta orain ia 90 gara. Euskararen lurgunea saretzeko eta zabaltzen jarraitzeko erronkaren aterkipean, aterki hori erreferente da euskalgintzan zein erakunde instituzionalen artean. Uemaren lana eredu da, eta udalerri euskaldunak saretzearen filosofiari lotuta, gaur egun badu nolabaiteko onarpen sozial bat, eragile ezberdinen aldetik. Horren adibide da une honetan martxan dugun Arnasa Gara kanpaina, gazteei zuzendutakoa. Arnasgune diren herrietako herritarrak sentsibilizatzeaz gain, arnasgune ez direnetakoak sentsibilizatu nahi dira, arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantziaz jabetzeko.

Halaber, gaur egungo Euskal Herriko panorama politikoaren barruan, euskararekiko dagoen adostasunaren erakusle da Uema. Zuzendaritza batzordean ideologia ezberdineko alderdietako ordezkariak daude, eta erabaki guztiak aho batez onartzen dira.

Nolako erantzuna izaten dute eskaintzen dituzuen zerbitzuek eta martxan jarritako kanpainek?

Oro har, oso erantzun ona izaten dute. Egia da, guk eskaintzen ditugun zerbitzuak askotan ez direla ikusgarriak izaten, horien eragina kuantifikatzea ez dela erraza izaten, ezkutuko lana egitea egokitzen zaigulako. Kalean zoazela, saltoki bateko karteldegia euskaraz ikusten duzunean, agian ez zara ohartzen horren atzetik Uemak eskaintzen duen merkataritza zerbitzua egon daitekeela. Hortaz, aurrerapauso txikiak emanez eragiten saiatzen gara, aurkitzen ditugun hutsune ezberdinak betez. Euskal Herri euskaldun baten alde lan egitea da gure helburua, betiere, udalerri euskaldunen eta arnasguneen ikuspegitik. Gurea akuilu lana da. Udalen eta herritarren arteko bidean aritzen gara, bere osotasunean, euskaraz bizi daitezen.

«Tolosaldeko 28 herriak Uemako kide izatea da gure asmoa; asmoa baino gehiago, nahia»

Merkataritza aipatu dut, baina hezkuntza arloan ere badugu proiektu bat. HHtik Batxilergora bitarte garatzen da, ikastetxeetan, eta unitate didaktikoak lantzen dira bertan. Ikastaroak eskaintzen dizkiegu ikasleei eta entsegu ezberdinak egiten ditugu.

Tolosaldearen kasuan, orain arte hamasei herri ziren Uemakide. Laster hamazortzi izango dira. Eskualde indartsua da Uema barruan, ezta?

Eskualde indartsua da, zalantzarik gabe. Berezia ere bai, herri guztiak direlako euskaldunak, eta horietako asko, gainera, arnasguneak dira. Altxor handi bat dugu Tolosaldean, eta jabetu behar gara zaindu egin behar dugula. Zorionez, oso eskualde euskalduna da, mankomunitatearen barruan pisu handia duena, ez bakarrik kopuruagatik, herri horien izaeragatik ere bai. Zalantzarik gabe, oso altxor garrantzitsua da Uemarentzat.

Hamazortzi herri horietan denetik aurkitzen dugu. Tolosa herri biztanletsuena eta indartsuena, Orexa txikiena… Uema ordezkatzeko ezinbestekoak dira izaera eta tamaina ezberdinetako herriak.

Egia da, Uemako kide diren herri gehienak ez direla herri oso handiak. Guztiak dira beharrezkoak, udalerri euskaldunen aniztasuna erakusteko. Hala ere, bakoitzak izaera propioa du, eta guztiak herri euskaldunak izan arren, euskararen erabilerari eta ezagutzari dagokionez, denetan ez dugu errealitate berarekin topo egiten. Uemak lan ildo estrategiko orokor batzuk ditu, baina herrira begira, plan zehatzak diseinatzen dira, eta orduan, herriaren beharren arabera moldatzen dira. Askotan, arnasgune edo udalerri euskaldun irudika dezakegu mota jakin bateko herri bat, landa eremuko herri txiki bat, baina urrutira joan gabe, Tolosaldean bertan ikus dezakegu askotariko herriak direla Uemako kide.

Zizurkil eta Amasa-Villabonarekin, 28 herrietatik hamazortzi izango dira, hortaz, Uemako kide. Beste hamarrak ere hala izatea aurreikusten duzue?

Euskararen lurgunea saretzen jarraitu ahal izateko, Tolosaldeko 28 herriak Uemako kide izatea da gure asmoa; asmoa baino gehiago, nahia. Lehen esan bezala, horretarako aukera dute, eta eragiteko orduan nahiz Uemaren filosofia aurrera eramateko garaian eskualde erreferentea izanik, herri horiek batzeak sekulako poza emango liguke. Helburu hori lortzeko, aurrerapausoak ematen saiatzen gara, eta horretan jarraituko dugu. Espero dugu, aurrera begira, guztiak ez badira ere, horietako batzuk mankomunitatera batzea, eta epe motzean lortuko dugunaren esperantza dut.

Zer egin behar izaten du herri batek Uemaren parte izateko? Baldintza batzuk bete behar dira, ezta?

Berez, bi baldintza nagusi daude. Lehenik, ezagutzaren kasuan, euskaldunen indizea %70ekoa izatea. Langa hori gaindituz gero, udalak hartzen du Uemako kide izateko erabakia, osoko bilkuran. Azkenik, Uemako batzar nagusian hartzen da udalaren eskaera onartzeko behin betiko erabakia.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzuen asmoak?

Oraingoz, erabilera plana sustatzen jarraitzen dugu udaletan, ditugun helburu ezberdinak lantzen, udalek euskara hutsean funtzionatu dezaten. Arestian aipatu bezala, nonahi sortzen dira hutsune berriak, baita oso euskaldunak diren udaletan ere, eta beraz, horiek ekiditeko aritzen gara lanean.

«Udalen eta  herritarren  arteko akuilu lana da gurea, bere osotasunean, euskaraz bizi daitezen»

Uema, gainera, udalerri euskaldunen behatokia ere bada, ikerketa gune modura jarduten du. Gure herrien azterketa egiten dugu, gero horri erantzun ahal izateko. Herritarrei begira, hainbat egitasmorekin jarraituko dugu, hezkuntza proiektua edota ikerketa bekak, besteak beste. Esaterako, Arnasa gara kanpainaren atzetik, Bertatik bertara izeneko kanpaina helduko da, jasotzen ditugun bisitariei gure hizkuntza gerturatzeko, euskara balioan jar dezaten.

Azkenik, azken urteetan kezka nagusi bilakatu dira haurren eta gazteen hizkuntza erabilera ohiturak Uemako kide diren herrietan. Hori dela eta, bide horretara ari gara zentratzen gure ikerketak, kuantitatiboki nahiz kualitatiboki.

Akaso, epe laburrera begirako erronketako bat izan daiteke ehun udalerrien kopurura heltzea edo Ipar Euskal Herrian nahiz Araban esku hartzea.

Ehun udalerrien langa hurbil ikusten dugu, eta zalantzarik gabe, epe labur eta ertainera begira ezarritako helburuetako bat da kopuru horretara iristea. Arabaren kasuan, Aramaio da eskatutako baldintzak betetzen dituen herri bakarra eta aspalditik da Uemako kide. Ipar Euskal Herriari dagokionez, arazo bat dugu: bertako udalek ezin dute mankomunitate bateko kide izan. Hala ere, bertako udalerri euskaldunekin harremana estutzea da gure erronketako bat, eta horretan dihardugu.

Erlazionatuak

Gure hizkuntzak har dezan arnas

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 mai 28 Amasa-Villabona   Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!