Euskararen suaren txinparta

Eneritz Maiz / Josu Artutxa 2021ko mai. 28a, 07:57

Antton Iztueta Anbune izan zen Uemako lehen lehendakaria,  zinegotzia zen unean. Abaltzisketarra jaiotzez, Altzon bizi da gaur egun. «Esperientzia ona, baina gogorra» izan zela azaldu zuen 2019an Atariari eskainitako elkarrizketa batean. «Herri Batasuna bakartu egin nahi izaten zen beti. Beste erakunderen batera gure asmoak azaltzera joanez gero, begirada hutsekin antzematen zen erantzuna», gogoratu zuen.

Anbune izan zen, beraz, mankomunitatea sortzeko pausoa eman zuten hamasei udalerrietako ordezkarietako bat. «Gaztelaniaz funtzionatzen zen ordura arte, eta pausoak ematen hasi nahi genuen, poliki-poliki hori guztia normalizatzeko eta euskaraz aritzeko. Zailtasun batzuk izan genituen, baina aurrera egin du poliki-poliki; errespetatu eta aitortu egiten da gaur egun. Pauso handiak eman direla iruditzen zait, nahiz eta, oraindik, badauzkagun erronkak; euskararen erabilera, esaterako», nabarmendu zuen. Bestetik, pentsaera ezberdineko udal gobernuak Uemakide izatea ere azpimarratzekoa dela esan zuen abaltzisketarrak. «Bere garaian ez zen posible hori».

Gerora, euskararen esparruan, «aurrera» egin dela aitortu zuen Anbunek. «Lehen, herri bateko biztanleen %80k izan behar zuten euskaldunak herri hori euskaldun gisa hartzeko. Gerora, %70era jaitsi zen. Mapari begiratuta, garrantzitsua dela uste dut arnasgune deitzen diegun herri handiak sartzea, baina, aldi berean, erronka handia da hori, herri handiak direlako».

Olatuak elkartzearen garrantzia

Iztuetak, ordea, kezka handiagoa azaltzen du herri txikien inguruan. «Poliki bada ere, konturatu gabe edo konturatuta, gaztelania sartu zaigu zirrikituetatik, eta erdalduntzen ari dira. Horri nola aurre egin aztertzen ari gara denok, baina ez da erraza. Denok egin beharko dugu indarra eta baliabide guztiak beharko dira. Konbentzituta jarraitu beharko dugu lanean; konbentzimendutik eta borondatetik etorriko dira emaitzak, eta ez derrigortasunetik», aipatu zuen.

Adinaren inguruan, gainera, ez du bazterketarik egiten Anbunek. «Haurrak ere hasi dira kalean gaztelaniaz hizketan», aipatu zuen damututa. «Olatu handi bat dira atzerriko hizkuntzak, eta gu hiztun gutxi gara; olatu txikiak dira gureak. Baina ea olatu txiki asko elkartzen garen».

Arrazoi horien ondorioz, euskarari dagokionez, gizartea «lasaitzen» ari zela uste zuen orduan Anbunek. «Hizkuntza mordoa sartu zaigu etxean eta gaztelaniazko programak ikusten ditugu telebistan. Aldi berean, euskararen olatua handitzen ari dela ikusten da. Mugimendu euskaltzalea sortu da hainbat herri ez hain euskaldunetan. Horietan ematen du konpromiso handiagoa dutela euskaraz bizitzeko. Hemen, ordea, ez dakit zer gertatu zaigun lehen arnasgune ziren toki batzuetan. Egia da jende erdalduna etorri zaigula, baina guk haiek integratu beharrean, gu sartzen gara haien sareetan. Kontzientzia horri eutsi behar zaiola uste dut».

Erlazionatuak

Gure hizkuntzak har dezan arnas

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 mai 28 Amasa-Villabona   Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!