Lea da Iguaranek idatzitako eleberriaren protagonista. Institutuko sarrerako horman Lea puta dioen pintada egin diote eta momentu horretatik aurrera bere ingurukoak nola erreakzionatzen duten edo nola ez duten erreakzionatzen kontatzen du liburuak. 10-11 urtetik gorakoentzat aproposa dela dio idazte amasarrak eta hortik gora irakurleei ez die adin mugarik jarri: «Liburuak baditu hainbat hari eta nondik heldu asmatzen duenak topatuko ditu».
Ahalduntze Bertso Eskolan jarritako gai batean du sorburua istorioak: «Ez dugu askotan horrelakoez hitz egiten eta orduko hartan bertsotan ari ginela agerian geratu zitzaigun zenbat gai geratzen diren ezkutuan indarkeria matxistaz ari garela». Esateko zegoen guzti hori hausnartu eta aukera sortu zaionean idatzi du eleberria Iguaranek.
«Asko ez dira ohartu ere egiten horrelakok gertatzen direnik eta ez ohartzea bada pribilegio bat», aipatu du idazleak liburuaz ari dela. «Eraso publiko bat gertatzen den bakoitzean erasoa jasan duenari zuzentzen zaizkio begiradak eta ez erasoa egin duenari. Bestea azpiratzeko nahi horren atzean zer ezkutatzen den azaltzen saiatu naiz liburuan». Interpelaturik agertzen da liburuan erasoa jaso duen neskatoaren ingurunea, familia, lagunak, ikastetxea... Konponbide magikorik ez dagoela argi du idazleak baina Hormak liburuan agentzia bat agertu nahi izan du. «Aurpegian lehertzen zaigun arte ez dugu ikusten, baina eraso horiek geldiarazteko badugu zer egina, agian ezingo ditugu eraso guztiak saihestu, baina badira gauzak gure txikian egin ditzakegunak. Liburuko gazteek asmatzen dute errora eta oinarrira jotzen. Bide posible horiek erakutsi nahi nituen».
Letren Errepublikan Hormak lanaren inguruan aritu zaigu Oihana Iguaran eta horrekin batera Book Box liburutegi ibiltariaz hitz egin digu Markel Elizaldek. Alkizara ekarri berri dute ekimena.
Kontalari2 taldeko Lurdes Gorostegik haurrentzako hainbat kontsulta libururen berri eman digu aholkuen tartean.
Lizardi jaio zela 125 urte bete berri diren honetan, Bultzi-leiotik poemaren inguruan Aireportuko musika nobelan Luis Gardek esandakoak bildu ditugu.
Eta gaur arratsaldean Galtzaundiren irakurle taldean landuko duten Oihane Amantegiren Ibaiertzeko ipuinak liburuaz hitz egin digu taldea dinamizatzen aritzen den Yurre Ugartek.