Duela bost urte inguru irakurketa sustatzeko asmoz sortu zuten Jorge Pineda eta Markel Elizaldek Book Box ekimena. Liburuak partekatzearen ideia, eta bide batez, ahaztuta edo erabili gabe dauden aleen berrerabilera bultzatzea da helburua. Altzarigintza kulturaren zerbitzura jarri eta apalategiz osatutako liburutegi mugikorra prestatzen dutela esan du Elizaldek: «Diseinatuta dagoen moduagatik espaziora zabaltzen da eta elkargune bat bezala irudikatzen dugu, non liburuaren bueltan herriko jendea biltzen den». Liburutegi horietako bat Alkizako herrian egongo da datozen hilabeteetan.
«Zenbat liburu ditugu etxean hautsa hartzen? Izango al dute liburu horiek bigarren irakurketarik? Denborarekin ez al ditugu zaborretara botako?». Galdera horiek luzatu zituzten Book Box liburutegi mugikorren sortzaileek proiektua pentsatzen hasi zirenean. «Ez da munduko ideia originalena izango, baina urteotan ikusi dugu jendeak baduela liburuak askatzeko borondatea. Elkarrekin liburuak partekatzeko ideia oinarrian izango zuen altzaria diseinatzera jo genuen. Izan duen arrakasta ikusita, esan dezakegu zuzen genbiltzala, jendeak baduela liburuak berrerabiltzeko gogoa», esan du Elizaldek
Tabakaleran sortutako Irekilabs laborategi herritarretik altzariak diseinatzeko egindako deialdi bati erantzun zioten Pinedak eta Elizaldek 2016an. «Oso garai polita» izan zela aitortu dute Book Box proiektuaren egileek: «30 sortzaile inguru bildu ginen bertara eta era guztietako proiektuak sortu genituen. Hiri altzariak garatu ziren edo negutegi ekologiko eta teknologikoak ere. Garai horretan sortutako proiektuetako askok aurrera egin dute, Book Box egitasmoak bezala. Oso eskertuta gaude».
Liburuak berrerabiltzeko
Elizalde Publizitate eta Harreman Publikoetako ikaslea da eta herrigintzako hainbat proiektutarako ikus-entzunezko edukiak sortu izan ditu. Pinedak, aldiz, hirian esku-hartzeak egitera bideratu du bere ibilbidea, eta altzarien diseinua, ahaztutako espazioen berrerabilera eta arkitektura jasangarria landu izan ditu. Elizaldek esan du, esperientzia pertsonaletik abiatuta sortu zitzaiela ideia: «Liburu mordo bat eduki eta haiekin zer egin jakin ez. Denoi gertatu izan zaigu. Nire aita arotza da eta etxe askotan egin du topo errealitate horrekin. Gordetzeko joera horri alternatiba bat topatu nahi genion, eta bururatu zitzaigun liburutegi mugikor hauek soluzio egokia izan zitezkeela».
Beraz, liburuak berrerabiltzeko kultura sustatzea da helburu nagusia: proiektuarekin bat egiten duten herritarrek, elkarteek, liburutegiek, dendek eta abarrek uzten dituzten liburuak Book Boxen jasotzen dira eta edozein pertsonari ematen zaio horiek irakurtzeko aukera. Tabakalera ondoko Kutxa Kultur plazan dago prototipo gisa sortu zuten lehenengo liburutegi mugikorra eta funtzionamenduan jarraitzen du. Altzako eskola batean edota Intxaurrondoko kultur etxean ere topatu daitezke Book Box-ak. «Intxaurrondokoa bereziki egokia iruditzen zaigu, oso ekosistema berezia sortzen da han eta askotariko jendea gurutzatzen da. Kultur etxea, liburutegia, kiroldegia eta auzotarren elkartea daude kokatuta eraikin berean eta han kanpoaldean edukitzen dute liburutegi mugikorra».
Alkizako plaza ere toki aproposa da Book Box-a bertan edukitzeko Elizalderen ustetan. «Liburutegia, eskola, frontoia eta ostatua bertatik bertara daude eta jende askoren bilgunea den espazioa da plaza». Sormenaren Kabia bekaren aurkezpen ekitaldian, maiatzaren erdialdean egingo dute Book Box-aren aurkezpena Alkizan. Bien bitartean, liburutegi mugikorraren apalategiak liburuz betetzen joango dira pixkana.
«Guk herrietara ez ditugu apalategiak hutsik eramaten, martxa pixka bat hartu arte liburutegi hori osatzeko materiala ere eramaten dugu. Baina ideia da Book Box-ak bere dinamika propioa hartzea, herritarrek elikatu dezatela liburutegi mugikorra eta elikatu daitezela bertatik», esan du Elizaldek. Ekimenaren bultzatzaileek urteotan toki ezberdinetan jarri diren liburutegi mugikorretan trukatu diren materialen kontaketa egin dute: 10.000 liburu, 5.000 aldizkari, 8.934 haur liburu eta 10 komiki. «Benetako altxorrak topa daitezke bertan eta horretara gonbidatzen dugu jendea. Arakatu dezala apalategietan, duela urte asko argitaratutako liburuen edizio bereziak ere aurkituko dituzte, seguru gaude».
Instituzio publiko edo enpresa pribatuek euren egoitzetan Book Box bat nahi izanez gero, hura erosteko aukera dute. «Bezeroaren beharretara egokitu dezakegu altzaria, horretarako gurekin harremanetan jartzea besterik ez dute. Irabazi asmorik gabeko ekimena da, gure borondatea liburuak partekatzeko kultura sustatzea da». Alkizan egin duten bezala, maileguan ere eskatu daiteke Book Box bat herrian jartzeko.
«Proiektu hau martxan jarri dugu irakurketa bultzatzeko, inongo bereizketarik gabe, aleak edonori eskaintzeko. Indartu nahi ditugu herritarren arteko sareak eta pertsonen ongizatea bultzatu nahi dugu. Horretarako zer egokiagoa kultura baino», esan du Elizaldek. Pandemia garai hauetan horrelako balioak indartu beharraz hitz egin du egitasmoaren bultzatzaileak. «Hilabete batzuetan geldirik egon ondoren, badirudi ari garela egoera berrira ohitzen eta segurtasun neurri guztiak hartuta, partekatzearen kultura hau zabaltzen segi nahi genuke».
Alkizan bezala, Tolosaldeko gainerako herrietan ere liburutegi mugikorrak eramateko gogoa azaldu dute Book Box proiektuaren sortzaileek. Horretarako, interesa dutenek, www.webookbox.com helbidean topatuko dute egitasmoaren inguruko informazio guztia.