ERREPORTAJEA

Zuhaitzak hiltzeak, biziak galtzea dakar

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mar. 21a, 07:58

Gizakiaren eraginez, ikaragarri murriztu da munduko baso kopurua; azken 30 urtetan, 178 milioi baso-hektarea galdu dira, eta gaur egun, urtean, 17 milioi hektarea xahutzen dira. Nabarmentzekoa da 400 milioi biztanlek basotik eskuratzen dituztela bizitzarako lehengaiak.

Gizarteak eta basoek elkarri eragiten diote, modu positiboan zein negatiboan. Basoek ekosistemako zerbitzu ezberdinak eskaintzen dizkiete gizakiei, eta hauen osasunean ere eragin dezakete. Giza jarduerek, baso-baliabideen erabilera jasanezina barne, eragin negatiboa izan dezakete baso-ekosistemetan, deforestazioa eragiteraino.

Arestian aipatutako zerbitzu horien artean aurkitzen dira, besteak beste, karbono dioxidoa oxigeno eta biomasa bilakatzea (zuhaitz heldu batek 100 kg. oxigeno ekoizten du urtean), klima aldaketa leuntzeko karbono putzu izatea, klima doitzen laguntzea (basoek euria eginarazten dute eta, moztuz gero, lehortea sorraraziko lukete), hondamendi naturalak leuntzea, hala nola, uholde eta luiziak, janaria eta zura ekoiztea eta aisia-gunea izatea.

Gizakiaren eraginez, ordea, baso kopurua murriztu egin da mundu osoan, faktore ezberdinengatik: egur-mozketa, hiri-barreiatzea, eragindako suteak, euri azidoa, espezie inbaditzaileak, nekazaritza ibiltaria eta erretura-nekazaritza. Era berean, faktore natural askok aldaketak eragin ditzakete basoetan denborarekin; besteak beste, baso-suteek, intsektuek, gaixotasunek, klimak, espezieen arteko lehiak eta abarrek. 1997an, munduan zeuden jatorrizko basoen %20ak bakarrik jarraitzen zuen ukitu gabeko baso-eremu handietan, eta horien %75a baino gehiago, Errusian, Kanadan eta Brasilen daude.

180 milioi baso-hektarea, pikutara

Gizakiaren jarduerak eragindako eremuen soiltzea da baso-gabetzea; deforestazioa ere deitzen zaio. Munduko baso eremua 17 miloi hektareatan (zortzi bider Euskal Herria) murrizten da urtean. Ez dira nahastu behar baso-gabetzea (deforestazioa) eta basoaren degradazioa; azken horrek basoaren kalitate mailaren murrizketa adierazten du. Bi prozesuek baina elkarrekin zerikusia dute eta zenbait arazo ekartzen dituzte. Lurra higatu, uholdeak edo lehorteak gertatzea erraztu, edota bioaniztasuna murriztu dezakete.

Munduak, 1990az geroztik, 178 milioi baso-hektarea galdu ditu. Hala ere, 1990-2020 bitartean, basoen galera garbiaren erritmoa nabarmen jaitsi da, herrialde batzuetako baso-soiltzea murriztearen ondorioz, eta, gainera, beste herrialde batzuetako baso-azalera handitu egin da, basoak berritzearen eta basoen hedapen naturalaren bidez.

Herri askotako kultura eta jakintza basoarekin harremanetan sortu eta bilakatu da, eta basoarekin batera ari dira galtzen. Munduan 400 bat milioi lagunek basotik eskuratzen dute janaria, berogarria eta erregaia, eta baso-galerak bizimodua aldatzera behartuko ditu. Baso-galerak eta degradazioak, bestalde, desorekak eragin ditzake eskualde jakin bateko edo munduko kliman. Baso eremua murriztuz gero, karbono dioxido gehiegi izango litzateke eguratsean, eta Lurraren berotzea eragingo luke.

 

Basoen egoera Tolosaldean


Intsinis pinua da eskualdeko basoetan nagusitzen den espeziea. J. ARTUTXA

EAE Baso eremua: 490.000 hektarea; erkidegoko azalera osoaren %68a. 15 urtetan, 4.000 hektareatan murriztu da EAEko baso eremua.

Gipuzkoa Baso eremua: 122.000 hektarea; lurraldeko azalera osoaren %62a.

Tolosaldea Baso eremua: 22.000 hektarea; eskualdeko azalera osoaren %61a.

Baso eremu handieneko herriak

Lizartza (%72), Orexa (%73), Berastegi (%74), Gaztelu (%75) eta Elduain (%90).

Baso eremu txikieneko herriak Hernialde (%48), Berrobi (%47), Ikaztegieta (%44), Asteasu (%43) eta Ibarra (%39).

Espezie nagusiak eskualdean

Intsinis pinua (%21), pagoa (%18) eta haritza (%11).

 

Intsinis pinua: hiru hostoko bakarra

 

Intsinis pinua (Pinus radiata), 30-40 metroraino hazten den zuhaitza da. Jatorriz kaliforniarra da, asko erabiltzen da basoak sortzeko, azkar hazten delako; baina, batez ere, papera, altzariak eta meatzaritzako habeak egiteko erabiltzen da.

Euskal Herrian, pinu mota honen gehiegizko landaketa eta ustiaketak, arriskuan jarri ditu bertako basoak. Gainera, intsinis pinuak eragiten duen lurra azidotzeak bertako basoen birsortzea eragozten du. XXI. mendearen hastapenetan, ordea, erruz galdu du balioa merkatuan, krisiak eraginda; eta horrez gain, gaitzak jota dago (Lecanosticta acicola onddoaren erasoa, xingola marroia...). Beraz, ez zaio etorkizunik ikusten, eta zuhaitz espezie autoktonoak landatzera jotzen ari dira lur-jabe asko. Hala ere, oraindik zuhaitz hau da ekoizpen handiena duena (%80tik gorakoa, urtero).

Azaleko sustrai sistema dute, hori dela eta, haize boladak ez dituzte oso ondo jasaten. Azala lodiera aldakorrekoa da, iluna, latza eta berehala zartatzen dena. Orratz-formako hostoak ditu, 10-16 zentimetro ingurukoak, eta hiru urtetik behin aldatzen direnak. EAEn bera da hiru hosto dituen pinu bakarra.

Oraindik ere, espezie hau da EAEn azalera handiena duena, baina, urtero, 2.000 hektareatik gora galtzen ditu, batez ere, eukaliptoaren (Eucalyptus) eraginez (azken bi urteetan, 9.000). 1986an, 163.000 hektarea hartzen zituen; 2005ean, 137.000; eta 2020an, 109.000. Eskualdean, 4.500 hektarea hartzen ditu gaur egun (%21).

 

Eukaliptoa: bertako basoen gaitza

 

Eukaliptoa (Eucalyptus) mirtazeoen familiako zuhaitza da, jatorriz Ozeaniakoa, eta 60 metroraino hazi daitekeena. Bere hostoen olioa sudurreko kongestioari eta arnas aparatuko infekzioei aurre egiteko erabiltzen da, baita giharretako minen tratamendu gisa ere. Eltxo naturalen uxagarri ere bada. Baina batez ere, eukalipto-zura paper-orea egiteko erabiltzen da.

Ezaguna da bere hazkuntza azkarragatik; ustiapen-zikloa hamabi urtekoa izan daiteke. Pinuena 25 urtekoa da, eta espezie autoktonoena (haritza, pagoa...) oraindik luzeagoa. Ondorioz, prozesu azkar horrek, modu esanguratsuan ahultzen du lurraren kalitatea eta bizitza. Espezie honek nabarmen hondatzen ditu errekak, inguruko onddoak eta ornogabeak kaltetuz. Eukaliptoz inguratutako errekek, orbel gutxiago eta kalitate txarragokoa jasotzen dute baso naturalez inguratutakoek baino. Eukaliptoaren orbela, gainera, toxikoa da animalia askorentzat.

XX. mende hasieran, foru aldundiek hazkunde azkarreko espezieak bultzatu zituzten, bereziki, intsinis pinua. Orain, ordea, mendiak eta gizartea guztiz aldatu dira, eta erakundeek pinuen eta eukaliptoen landaketa bultzatzen jarraitzen dute.

Espezie honek gorakada nabarmena izan du EAEn. Urtero, 500-700 hektareatan hazten du bere azalera, gutxi gorabehera; azken 15 urtetan, %77 hazi da. 2005ean, 13.000 hektarea hartzen zituen; 2011n, 15.000; 2016an, 18.000; eta 2020an, 23.000. Eskualdean, 82 hektarea hartzen ditu gaur egun (baso-eremu osoaren %0,36).

Erlazionatuak

Faunaren flora, floraren fauna

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 mar 21 Tolosa

Herriko lurrak biziberritzen

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 mar 21 Altzo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!