ERREPORTAJEA

Faunaren flora, floraren fauna

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mar. 21a, 07:57
Enbor beretik sortuz, borrokan irauten. J. ARTUTXA

Gaur, hilak 21, Basoen Nazioarteko Eguna da; planetaren biosferako osagai nagusietako bat dira basoak, azalera osoaren %31 hartzen baitute. Geruza ezberdinez osatuta egoten dira, eta modu bat baino gehiago daude sailkatzeko; eskualdekoen landaredian, pinuak dira nagusi.

Bi mila eta hamabian, Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak Basoen Nazioarteko Eguna izendatu zuen martxoaren 21a. Horrela, baso mota guztien garrantzia indartzen da urtero, kontzientzia sortzen saiatzearekin batera. Hau da 2021erako gaia: Basoa lehengoratzea: suspertzeko eta ongizatea lortzeko bidea.

Batzuetan, zuhaitzek ez omen digute basoa ikusten uzten, baina basoa hor dago, lasai, behar dugula baitaki. Hala dio esaera batek. Bereziki gizakiak landu gabeko zuhaitzez edota zuhaixkaz jantzitako lur-eremuak dira basoak. Eremu handiak estaltzen badituzte ere, funtzio ugari bete ditzakete: animalien eta landare-espezieen habitata izatea, fluxu hidrologikoak modulatzea edota lurzorua kontserbatzea. Hori dela eta, planetaren biosferako osagai handietakoa da, Lurreko ekosistema nagusia; izan ere, landare-biomasaren %80a dute. Munduko baso-baliabideen ebaluazio txostenaren arabera, 4.060 milioi hektarea daude basoz osatuta, hau da, lurraren azalera osoaren %31.

Munduan baso-zabalera handiena duten hamar herrialdeek planeta osoko %67ko baso-azalera dute. Errusiak bakarrik munduko %20a du. Atzetik daude, Brasil (%12), Kanada (%9), AEB (%8), Txina (%5), Kongoko Errepublika Demokratikoa (%4) Australia (%3), Indonesia (%2), Peru (%2) eta India (%2). Errusian, Brasilen, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Indonesian eta Perun, gainera, herrialdearen erdia baino gehiago hartzen dute basoek.

Iratiko oihana da Euskal Herriko basorik handiena, Europako pagadi-izeidi handienetan bigarrena, Alemaniako Oihan Beltzaren atzetik. 17.000 hektarea inguru ditu, Nafarroan, Zuberoan eta Nafarroa Beheran barrena banatuta. EAEri dagokionez, Bizkaian hostoiraunkorren landaketak dira nagusi (%66), pinudiak batez ere. Gipuzkoan, berriz, konifero landaketak (%56); azken horiek, %28 baino ez dira Araban.

Era guztietakoak

Basoak hainbat modutan sailka daitezke, hainbat espezifikotasun-mailarekin. Batetik, landarediaren arabera (hosto motaren arabera): hostozabalen basoa (landare loredunak nagusi direnean), koniferoen basoa (haziak sortzen dituzten landareak nagusi direnean), edo baso mistoa. Bestetik, klimaren arabera: ekosistema euritsueneko oihan ekuatoriala edo baso tropikala (%45), eremu azpiartikoko baso borealak (%27), klima kontinentaleko baso epelak (%16) eta klima azpitropikaleko baso heze eta lehorrak (%11). Badira giza eraginaren arabera sailkatzen direnak ere: baso antropogenikoak (gizakiek eragindakoak edo sortutakoak), baso primarioak (gizakiaren esku-hartzerik jasan gabeak), baso sekundarioak (lehen mozketa baten ondoren birsortutakoak), eta baso artifizialak (gizakiak edozein helburutarako landatutakoak).

Iratiko oihana da Euskal Herriko basorik handiena, Europako bigarren pagadi-izeidi handiena

Badira biomaren arabera ere sailkatutakoak, eta Naturarentzako Mundu Funtsak zortzi baso mota bereizten ditu: hostozabalen oihan heze tropikala, hostozabalen oihan lehor tropikala, hostozabalen baso misto epela, koniferoen baso tropikala, koniferoen baso epela, baso boreala (Taiga), baso mediterraneoa edo Mangladia. Munduko eskualde gehienetan aurki daitezke basoak, batez ere, zuhaitzak hazi daitezkeenetan. Baina, badira salbuespenak: sute naturalaren maiztasuna handiegia den guneetan eta prozesu naturalengatik edo giza jarduerengatik ingurumena kaltetua dagoen eremuetan.

Basoen konposizioa

Baso-ekosistema bat baso eremu bat da, bertako landare, animalia eta mikroorganismo guztiek osatua, inguruko osagai bizigabeekin batera lan egiten dutena. Oro har, landare loredunak nagusi diren basoak haziak sortzen dituztenak nagusi direnak baino espezie gehiago dituzte: zuhaitz-espezie asko izaten dituzte eremu txiki batean, edo espezie gutxi inguru zabaletan. Basoek animalia eta landare espezie asko izan ohi dituzte, eta beste landare-ekosistema batzuekin alderatuta, metro karratuko biomasa handia dute. Biomasa horren zati handi bat lur-azpian dago, sustraietan eta erdi-deskonposatutako orbeletan.

Baso batek osagai asko ditu, bi kategoriatan banatuak: osagai biotikoak (bizidunak) eta abiotikoak (ez bizidunak). Bizidunen artean daude landareak, animaliak eta landare-animalietan eta lurzoruan bizi diren mikroorganismoak. Baso bat, gainera, geruza ugariz osatuta egoten da. Bost dira baso mota guztietako geruza nagusiak: lurpeko-geruza (20 zentimetro lur-azpian), goroldio-geruza (milimetro gutxi batzuk), belar-geruza (metro bat arte), zuhaixka-geruza (bat eta zazpi metro artean) eta zuhaitz-geruza (zortzi metrotik gora). Geruza bakoitzak landare eta animalia multzo ezberdina du, eguzki argiaren, hezetasunaren eta elikagaien eskuragarritasunaren arabera.

Oihanak basoak dira?

Euskaraz, baso eta oihan hitzen esanahiak nahastuta edo ondo zehaztu gabe agertzen dira askotan, batez ere, euskalki batetik bestera igarotzen garenean. Euskara batuan, ordea, oihana izenak, baso handia eta basatia esan nahi du, eta klima epeleko zein tropikaleko baso handiak izendatzeko erabiltzen da, besteak beste, Iratiko oihana, Oihan Beltza (Alemania) eta Amazoniako oihana (Hego Amerika).

Erlazionatuak

Zuhaitzak hiltzeak, biziak galtzea dakar

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 mar 21 Tolosaldea

Herriko lurrak biziberritzen

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 mar 21 Altzo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!