Larre berde eta baso-eremu ugari ditugu Tolosaldean. Ia udalerri guztietan, herriaren azaleraren erdia baino gehiago hartzen dute basoek. Altzon, esaterako, baso-eremuan, 642 hektarea dituzte, tartean, Lizartzako mugan, 130 hektareako artadi zoragarria.
642 hektareatatik, ordea, 35 dira udalarenak, eta orain, hamar gehiago erosi ditu: sei Ollaunen eta lau Otsabion. «Duela 185 urte galdu genituen lursail guztiak, zehazki, saldu egin ziren, udala zorpetzearen ondorioz. Herri-lurrik gabe geratu ginen. Aspalditik dugun erronketako bat da pixkanaka herriko lursailak berreskuratzea, ezinbestekoa baita herriarena zen zerbait berrartzea», esan du Txomin Rezola alkateak.
Basoak sortzeko erabiliko dituzte lursail horiek, eremuak biziberritzeko. «Gaixorik dauden pinuz eta Douglas izeiez josita daude, egoera oso kaskarrean. Toki batzuetan, gainera, erortzen hasiak dira zuhaitzak, zaharkituta daudelako, baina azpitik, badatoz landare berriak, hala nola, pagoak eta arteak Otsabion, eta haritzak eta lizarrak, Ollaunen. Beraz, datorrenari eustea da gure asmoa, naturak emandako baso natural hori mantentzea».
Aberastea bai, baina zentzuz
Landaketa berri bat egin ohi denean, espezie bakarra landatzen da, izan pagoa, artea edota haritza. «Guretzat askoz aberasgarriagoa da baso mistoak sortzea, espezie bat baino gehiagoko eremuak izatea». Hori dela eta, neurri handi batean, pinuen azpian zegoena mantentzen saiatu dira; Otsabion adibidez, azpitik datozen zuhaitzak eta zuhaixkak hazten utziko dituzte.
Garai batean, haritzez josita zegoen Ollaun; hortaz, Rezolaren ustez ezinbestekoa da orain, bertan haritzak landatzea. «Naturan urrats bat eman nahi denean, garrantzitsua baita urrats hori nola eman behar den aurrez jakitea. Nahitaez jakin behar dugu lursail jakin batean zein espezie izan ditzakegun, bai altueragatik, baita klimagatik ere. Landare bakoitzaren ezaugarriak errespetatu behar ditugu».
Boluntarioak behar dituzte
Igande goizean hasiko dira landaketekin, Lurgaia fundazioarekin elkarlanean, Altzoko Udalarekin hitzarmena sinatu baitute. 2002an sortu zen elkartea, eta geroztik 150.000 landare txertatu dituzte Euskal Herriko basoetan, gehienak, Bizkaian, Urdaibai inguruan. Hala ere, Gipuzkoan ere hasi dira zenbait lanetan, Errezilen nahiz Mendaron. Altzo, berriz, aitzindaria izango da eskualdean. 500 bazkide inguru ditu elkarteak, eta Tolosaldean ere badira izena eman duten herritarrak.
Ollaunen egingo dute landaketa, eta 50 langile inguru bertaratuko dira Lurgaiatik. «Horiez gain, ezinbestekoa izango da herritarren lana; boluntarioak behar ditugu», dio Rezolak. Orain arte, 19 urtetan, 2.000 boluntariotik gora izan dituzte landaketetan.
Landare ugari ekarriko dituzte, zuhaitzak eta zuhaixkak, besteak beste, haritzak, lizarrak, gorostiak edota sagarminak. «Basoa sortzen dute, baso naturala; ez da landaketa klasikoa izaten. Ez dituzte espezie bakarreko eta adin bereko zuhaitzak landatzen, ezta lerrokatuta ere; zuhaitzak eta zuhaixkak nahasten dituzte. Ondorioz, bertako basoa sortzea da helburua, eta ahal dela, mistoa izan dadila», azaldu du Rezolak.
«Ez daitezela gehiago gaixotu»
Duela 20-30 urteko egoerarekin alderatuz gero, Gipuzkoako basoen egungo egoera «hobea» dela dio altzotarrak. «Hala ere, ez da batere ona. Eremu askotako basoak ez dira naturalak, gehienak landaketak dira. Horregatik, orain, eta pinuen gaitzak kontuan izanda, aukera ederra dugu gure basoak sortzeko».
Rezola ere jakitun da eukaliptoa munduko baso ezberdinetan eragiten ari den kalteaz. «Ikaragarri txarra da. Bizkaian, adibidez, izurrite ugari eragiten ari da, eta Gipuzkoan pixkanaka ere ari da sartzen. Tolosaldean eta Urola garaian baditugu eukaliptoen landaketak. Arrisku handia ikusten diot horri».
2017an, Portugalen gertatutakoa du gogoan berak. «500.000 hektarea erre ziren eukaliptoen eraginez; pentsa, Gipuzkoak 200.000 hektarea ditu. Eta are larriagoa, 112 lagun hil ziren, autoetan kiskalita. Gerora, Portugalgo lehendakariaren irudiek sekulako oihartzuna izan zuten. Eukaliptoak eskuz kentzen hasi zen, eta eremu horietan, artea eta haritza landatzen hasi zen. Bada, ikaragarri aldatu dira gauzak bertan. Orain, gainera, debekatuta dago eukaliptoak landatzea». Portugalen ez ezik, Galizian ere sute ugari izan dira azken urteetan, eukaliptoek eraginda. «Bertan ere neurri ugari hartu ditu gobernuak. Parke naturaletan debekatuta dago eukaliptoak landatzea. Hemen, Gipuzkoako parke naturaletan eukaliptoak ditugu, eta hori onartezina da».
Rezolaren ustez, eukaliptoa kentzea, edo behintzat, horien landaketa arautzea izango litzake irtenbiderik onena. «Lurrak oso merke daude orain, beraz, papergintzako enpresa handiek oso erraz erosten dituzte, gero, eukaliptoak landatzeko. Hernanin, Ereñotzuko bailaran harrigarria da gertatzen ari dena; erreka inguruan daude eukaliptoak, eta hori astakeri bat da. Administrazio publikoak badugu egiteko nagusi bat. Udal bezala, interesgarria da herri-lurrak berreskuratzea, lursailak erosiz eta bertako basoak sortuz. Jada nahikoa minduta daude bertako espezieak, bada, ez daitezela gehiago gaixotu».