"Marra gorrian gaude, eta eremu hau zer litzateke baserritarrik gabe?"

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mar. 9a, 19:59

Baserritik saioan bi protagonista ezagutzeko aukera izango da. Bi herri eta proiektu bat. Baserrian jaio, baserrian hazi eta baserria bizimodu duten Fermin Murua altzotarra eta Gregorio Zuaznabar anoetarra. Duela hamabi urte elkartu zituen esne ekologikoa ekoizteak, eta Behieko proiektua sortu eta garatu zuten. Esneaz gain, jogurtak saltzen dituzte.

Anoetako Sarobe baserria eta Altzoko Berakoetxea baserria batzen dituzte Behieko proiektuarekin Gregorio Zuaznabarrek eta Fermin Muruak. Anoeta eta Altzo herri baserritarrak gogoan dituzte. 

Zuaznabarrentzat ez zen erabaki erraza izan baserritik bizitzeko erabakia hartzea. 25 bat urterekin magisteritzako lanak utzi, eta kezka askorekin hasi zen baserrian lanean: "Baserri mundua oso egoera zailean zegoen, eta gure adineko jende gutxik hartu zuen baserritik bizitzeko bidea, eta oso gutxi geratzen gara. Eta ondorengoak ere ez dira asko".

Murua, aldiz, zazpi senideren artean baserrirako gogo gehiena zuena izanik, bideak eraman zuela aitortzen du. Muruak ogibide errazik ez dela azpimarratu du, eta "beti lan asko egin behar izan den ogibidea da, eta lotua".

Sindikatu, elkarte eta bidaia batzuk tarteko ezagutu zuten elkar, eta batik bat, ganaderitza ekologikoak batu zituen bi baserritarrak. Biek esne ekologikoa ekoizten dute, eta bakoitza bere aldetik hasi beharrean, elkarte bat sortu eta Altzon jarri zuten Behieko esnetegia. Hasieran esnea pasteurizatzen hasi ziren, eta gerora baita jogurtak egiten ere. 2008-2009 urteen bueltan hasi ziren proiektua lantzen, eta 2010eko udaberrian hasi ziren esnea komertzializatzen, eta urtebete bat beranduago jogurtak egiten.

Esnetegiak batzen baditu ere, bakoitzak bere baserrian egiten du lan eta baratzean ere egiten dute lana. Bizimodu bat dute baserria, eta Zuaznabarren ustez, gizarteak orokorrean "oso-oso jakinduria gutxi du nekazaritzaz, eta arrakala handi bat dago gizartearen eta nekazaritza munduaren artean" eta "oso urruti bizi da nekazal mundutik, nahiz eta, askotan, bata bestearen ondoan egon", azpimarratu du. Muruak gehitzen du: "Altzo baserri eremu bat da, baina jendeak ez dakit zenbateraino bizi duen hori, eta jendeak baserri edo kale ikuspegitik begiratzen duen herri txiki hauetan ere".

Altzotarrak beraien lana baloratzen duela gizarteak uste du, eta ez estimatzen dutela, baina ezjakintasun handia dagoela dio. Zuaznabarrek, berriz, sentipen kontrajarriak ditu. 

Aurrera begira kezka agertu dute biek ala biek. Muruak Altzo adibide hartuta "marra gorrian gaude", dio. "Ez dakit nork hartu behar duen, baina instituzio aldetik eta gizarte aldetik ere lana bada. Eremu hau zer izango litzateke baserritarrik gabe?".  "Hemen gaude baserritarrak, janaria sortzeko eta ingurumena zaintzeko, eta hau kultura bat da".

Zalantzan dagoen gazteak animatu egin dituzte baserriari lotutako proiektuak martxan jartzera, beti ere, gustuko lana izanez gero. Eta Zuaznabarrek, "guk ere behar ditugu ondorengoak, eta gustatuko litzaiguke gure baserriek martxan jarraitzea", azpimarratu du. "Baserrietan gazteak behar ditugu, eta ahal den neurrian laguntzeko prest gaude".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!