ZTIAM arloko bizipenen labea

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ots. 28a, 07:58
'STEM arloko gaien eta lanbideen inguruko gazteen pertzepzioa'-aren aurkezpena. J. ARTUTXA

2020-2021 ikasturtean, 10-14 urte bitarteko neska-mutilentzat eskolaz kanpoko aisialdi-eskaintza berria jarri du martxan Elhuyarrek: Bizilabe tailerrak. ZTIAM arloetako profesional eta hezitzaileen laguntzarekin, gaitasunak eta jakintza garatu ahal dituzte gazteek, proiektuen bidez.

Eskualdeko gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa sustatzeko eta, aldi berean, eskualdeko lan-jarduera gazteenei hobeto ezagutarazteko asmoz jaio da Bizilabe Tolosaldea aisialdi-eskaintza 2020-2021 ikasturtean, Tolosaldeko udalen eta Tolosaldea Garatzenen eta Elhuyarren eskutik. Zientzia eta teknologiarekin erlazionatutako jarduerak eta eskolaz kanpoko bizipenak eskainiko ditu Bizilabek gazteentzat.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundutako ekimena da hau. EAEn zientzia- eta teknologia-ikasketak hautatzeko gazteen joera baxua da. Ez, ordea, alor horietako profesionalen beharra. Egungo egoerak agerian utzi du lehenago ere premiazkoa zen gauza bat, zientzia eta teknologiaren aldeko apustua egiteko beharra. Honen guztiaren aurrean, gazteen zientzia eta teknologiarekiko bokazioak indartzeko asmoz lagundu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Elhuyarrek eta Tolosaldea Garatzen garapen agentziak abian jarritako proiektua.

Ildo beretik, Iker Urruzola Aizpuruak, Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak, azaltzen du eskualdeko beharrak EAEkoekin lerrokatuta daudela eta, beraz, garrantzitsua dela zientzia eta teknologiako bokazioak sustatzerako estrategiak zehazteko orduan nondik abiatzen garen jakitea. «Gisa honetako mundu mailako ikerketek erakutsi dute zientzia eta teknologiaren inguruan gazteek interesa eta jarrera positiboa duten arren, gutxiengo batek baino ez duela hautatzen halako graduak ikastea. Estatu mailako unibertsitate-ikasleen % 54,3 emakumezkoa den arren, ingeniaritzako eta arkitekturako karreretan % 26,4ra jaisten da kopuru hori. Izan ere, oso gaztetatik hasten da interes falta sumatzen nesken artean».

Garazi Andonegi Beristain Elhuyarreko Zientzia unitateko zuzendariak, azaltzen duenez, Bizilabe 2017tik martxan dagoen ekimena da. «Gazteentzako ikerketa-zentroen sarea da, eta, Tolosaldean ez ezik, Bilbon, Nerbioi-Ibaizabaleko herrietan eta Debebarreneko herrietan du eskaintza».

Eskualdean proiektua abiatzeko, eskualdeko bi hirigune nagusietan ireki dira Bizilabe zentroak; Tolosan eta Amasa-Villabonan, alegia. Tolosako kasuan, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak orain gutxi berritu dituen instalazioetan; Amasa-Villabonako kasuan, berriz, Gaztelekuan. Bietan ere eskaintza berdina izango da.

Ekaina amaierara bitarte luzatuko dira tailerrak. Izen-ematea zabalik dago ikasturte osoan zehar, eta beraz, parte hartu nahi duenak, matrikulatzeko aukera du oraindik. Izena eman nahi duenak, www.bizilabe.eus webgunean sartu eta bertan aurkituko duen galdetegia bete behar du, datu pertsonalekin. Ondoren, Bizilabe proiektuko kideak jarriko dira interesa azaltzen dutenekin harremanetan, gazteak tailerretan parte hartzen hasi aurretik.

Erlazionatuak

Horren gertu eta hain urrun

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 ots 28 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!