Horren gertu eta hain urrun

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ots. 28a, 07:57

Tolosaldeko BiziLabe tailerrean esperimentatzen. J. ARTUTXA

Eskualdeko gazteak zientziara eta teknologiara gerturatzea da Tolosaldea Garatzenen erronka handietako bat. Horregatik, DBHko 3. eta 4. mailako 574 gaztek, ZTIAM gaiekiko pertzepzioari buruz Elhuyarrek sortutako galdetegian hartu dute parte. Neskek mutilek baino bokazio zientifiko-teknologiko baxuagoa dutela erakusten du aipatu ikerketak.

Duela gutxi, Tolosaldea Garatzenek eta Elhuyarrek, eskualdeko udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Tolosaldeko ikastetxe ezberdinetan gauzatu duten diagnosiaren emaitzak aurkeztu dituzte, Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan. Azterketa horrek, ZTIAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak) arloko gaien eta lanbideen inguruan eskualdeko gazteek duten ezagutza jasotzen du.

Guztira, DBHko 3. eta 4. mailako (14-16 urte bitarteko gazteak) 574 lagunek erantzun dute galdetegia. Parte-hartzaileen %48,6 neskak izan dira, % 47,9 mutilak eta % 3,5 ez-bitarrak. Zazpi ikastetxe hauetatik jaso dira erantzunak: Anoetako Herri Ikastola, Alegiako Aralar Institutua, Tolosako Herrikide Ikastetxea, Laskorain Ikastola eta Orixe Institutua, Ibarrako Uzturpe Ikastola eta Amasa-Villabonako Zubimusu Ikastola. Galdetegian, zientziaren eta teknologiaren alorrekiko interesa eta haiei lotutako lanpostuetan lan egiteko izan dezaketen asmoaz ez ezik, eskualdeko lan-jardueraren inguruan ere galdetu zaie ikasleei.

Oro har, diagnosiaren emaitzek adierazten dutenez, Tolosaldeko ZTIAM jardueraren inguruko ezagutza baxua da, eta neskek mutilek baino bokazio zientifiko-teknologiko baxuagoa dute. Galdetegiaren emaitzak Tolosaldeko ZTIAM-diagnosia ikus-entzunezkoan laburbildu dira, eta bai txostena, baita bideoa ere, ikusgai daude www.tolosaldeagaratzen.eus webgunean.

Informatika eta moda, oraindik alde banatan

Adituen arabera, adin hauetan oso garrantzitsua izaten da familiaren babesa, izan ere, ZTIAM arloei buruz dakien edo arlo horietan lan egiten duten senitarteko bat duten familietako gazteek gehiago aukeratzen dituzte ikasketa horiek. Bada, diagnosiaren arabera, gazteen %42ak erantzun du ZTIAM arloan jarduten duen gertuko norbait duela. Horietatik %44ak, pertsona hori gurasoa edo anai-arreba dela adierazi dute.

Gazteei zenbait gairi buruz duten interesa 0tik 10erako eskalan baloratzeko eskatuta, ezberdintasun nabariak antzeman daitezke zenbait gaietan. Esate baterako, mutilek neskek baino %20tik gorako interes handiagoa erakutsi dute informatika, programazioa, robotika eta kirola gaiekiko. Neskek, berriz, mutilek baino %20 inguruko interes handiagoa erakutsi dute irudi pertsonala eta moda gaiekiko. Zientzia eta teknologia gaien kasuan, mutilek erakutsi dute interes handiagoa, nahiz eta aldea horren handia ez izan. Gai sozialen, medikuntzaren eta osasunaren kasuan ere antzekoa gertatzen da, kasu honetan, nesken aldera.

Badira bestelako gai batzuk, baina, ez dutenak alde baterako joera nabarmena erakusten. Elikadura eta kontsumoa, hezkuntza, ingurumena, politika eta kultura dira gai horiek. «Oro har, neskek interes handiagoa erakusten dute gai gehiagotan, baina ZTIAM arloarekin erlazionatutakoak ez dira nabarienak. Mutilen interesa, berriz, askoz ere zehatzagoa da, eta hobeto baloratu dituzte ZTIAM arloko gaiak», diote aztertzaileek.

Eskolaz kanpo ere, interes txikia

Ikastetxeko ikasgaiekiko gazteek duten interes falta orokorra izateaz gain, generoen artean ere ezberdintasunak daudela adierazten du azterketak. Mutilek gustukoagoak dituzte informatika eta teknologia; neskek, berriz, interes handiagoa azaltzen dute literatura, artea eta biologia ikasgaiekiko.

Oro har, oso ikasgai gutxik jaso dute 5,5etik gorako batezbesteko puntuazioa. «Tolosaldeko gazteek duten interes txikia bat dator munduko beste leku batzuetako interes-mailarekin. Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, 275.000 gazte ingururi galdetuta, %81ak dio ikasten duena ez dela interesgarria». Motibazioa ikertzen duten ikerketek diotenez, «asperdura eragiten duen horri aurre egiteko konponbidea ez da dibertigarri egitea».

Eskolaz kanpoko jarduerei dagokienez, gazteen %30ak adierazi du 8-10 urte zituztenean gustuko zutela horrelako ekintzetan parte hartzea. Orain, ordea, bestelakoa da kopurua: mutilek haurrak zireneko interesaren erdia azaldu dute, eta neskek eta ez-bitarrek lehen zutenaren herena. «Gazteen eskolaz kanpoko ekintzen agenda zabalagoa da 15-16 urterekin. Horregatik, txikitan duten interesa mantentzeko garrantzitsua da zientziarekin eta teknologiarekin erlazionatutako jarduerak eskaintzea. Hori da, hain zuzen, Bizilabe ikerketa-zentroen helburuetako bat.

Etorkizunari begira

Azterketaren bultzatzaileek, gazteei etorkizunean zenbait ikasgai ikasteko izango duten gaitasuna balioan jartzeko ere eskatu diete. Oro har, gazteen interesak bat datoz etorkizunean hainbat ikasgai ikasteko izango duten gaitasunaren autopertzepzioarekin. Mutilek, neskek eta ez-bitarrek baino gaitasun-maila handiagoa hautematen dute etorkizunean ZTIAM arloan lan egiteko.

Ikerketa garrantzitsuenetan azpimarratzen dutenez, garrantzitsua da autopertzepzioa berariaz lantzea. «Gaitasunaren autopertzepzioan zuzeneko eragina du gazteek nerabezaroan zehar duten autoestimu-mailak. Hala ere, bada oztopo nagusi bat: zientzia-ikasketak oso zailak direla pentsatzen dute, eta horretarako gai ez direla uste dute, nahiz eta kasu askotan horrela ez izan».

Bestetik, gazteei etorkizunean ZTIAM arloan lan egitea gustatuko litzaieken galdetuta, jasotako erantzunak bat datoz etorkizunean arlo horretan jarduteko duten autopertzepzioarekin. Nesken %23ak esan du jarduera horietan lan egitea gustatuko litzaiekeela; mutilen kasuan, berriz, %50ak adierazi du horretarako interesa. Hala ere, «Zer izan nahiko zenuke nagusitan?» galderari, «Ez dakit» erantzun diote gazte gehienek.

Eta, eskualdean zer?

Hain justu, eskualdeko enpresetan zer lan egiten dituzten galdetuta ere, «Ez dakit» erantzun dute gazte gehienek. Bestela, papergintza, industria eta piezak dira gehien erantzundakoak. «Gazteek, hortaz, nahiko ondo irudikatu dute eskualdeko jarduera ekonomikoa». Bestalde, eskualdeko industria hitz bakarrean deskribatzeko eskatuta, «kutsadura», «ona» eta «lanpostuak» izan dira gehien errepikatutakoak.

Azkenik, zientzia eta teknologian jarduten duten emakumeek eta gizonek lan-baldintza berdinak ote dituzten galdetuz gero, ikuspegi oso ezberdinak antzematen dira genero batetik bestera, eta oso nabariak dira batzuen eta besteen erantzunen arteko aldeak. Nesken %60ak uste du ZTIAM arloan jarduten duten emakume eta gizonek baldintza ezberdinetan lan egiten dutela; aldiz, mutilen %30ak eta ez-bitarren %15ak bakarrik aukeratu dute erantzun hori.

Galdera bera eskualde mailan kokatuta, ordea, erantzunak oso ezberdinak izan dira. Ezberdintasunak daudela erantzun duten nesken kopurua %31koa da; mutilena, berriz, %20koa. «Ikusgarria da nesken iritzi-aldaketa; parekidetasunari buruz duten ikuspegia baikorragoa da eskualdean».

Generoen arteko lan-baldintzak berdinak ez direla uste dutenek, hainbat faktorerekin arrazoitu dute erantzuna: gizarte patriarkalaren eragina, estereotipoen eragina, emakumeak lan batzuetan gutxiestea, batzuen eta besteen lorpenak ezberdin baloratzea edota emakumeek postu garrantzitsuetara iristeko zailtasun handiagoak izatea.

 

GALDETEGIAREN EMAITZEN ONDORIO NAGUSIAK

Genero-estereotipo tradizionalen eragina.

Oro har, neskek interes handiagoa erakusten dute gai desberdin ugaritan, eta mutilen interesa askoz ere fokalizatuagoa dago.

Genero-estereotipoen indarra etorkizuneko lanbideak hautatzerakoan.

Neskek osasun-zientziekin eta irakaskuntzarekin erlazionatutako lanbideak hautatu dituzte gehienbat; mutilek, berriz, teknologiari lotutakoak.

Ikasgaiekiko interes-maila baxua. 

Neskek biologian eta kimikan dute interesik handiena; mutilek, aldiz, teknologian eta informatikan.

Etorkizunean STEM arloan lan egitea.

Mutilen % 45ak, nesken % 25ak eta ez-bitarren % 20k ikusten dute euren burua sektore horretan lanean.

ZTIAM arloko profesionalen profila. 

Pertsona langileak, jakintsuak, argiak, pazientzia handikoak eta sortzaileak direla uste dute gazteek. Ezaugarri horietako batzuk ikasle onak deskribatzeko ohiko adjektiboak dira. Lanpostu horietan lan egitea ikasketa-prozesu luze, zorrotz eta zailarekin lotu ohi dute gazte askok, eta, ondorioz, bestelako ikasketak hautatzeko aukerak handitu egiten dira.

ZTIAM arloko profesionalen bizimodua.

Mutilak dira ZTIAM arloko profesionalen bizimodua hobeto baloratu dutenak eta etorkizunean arlo horretan lan egiteko interes handiena azaldu dutenak (% 50,7, neskek halako bi).

Zientzian eta teknologian jarduten duten emakume eta gizonen arteko lan-baldintzak.

Oro har, ezberdintasun handiak antzeman dira batzuen eta besteen erantzunen artean. Baina, eskualde mailako ikuspuntua baikorragoa da eta ez dituzte desberdintasunak hainbeste nabarmentzen.

Eskualdeko industriarekiko ezagutza.

Gazteen erdiek ez dute eskualdeko industria ezagutzen, eta bertan lan egiteak ez ditu bereziki erakartzen. Halere, badira eskualdeko industria eta lana gauza positiboekin lotzen dituztenak.

Zientzia eta teknologiak gizartean duten eragina.

Nesken %46k, mutilen %47k eta ez-bitarren %40k pentsatzen dute ikerketa zientifikoek eta asmakuntza teknologikoek gizartearentzat dituzten onurak eta kalteak orekatuta daudela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!