34 saltokik emakume zientzialariei eskainiko dizkiete erakusleihoak

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 17a, 17:59

Tolosaldea Garatzenek, Elhuyarrekin batera eta eskualdeko merkatari elkarteekin elkarlanean, '#ErakusleihoakO11 egitasmoa izango du martxan, otsailaren 28ra bitartean 

Emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egin duten lana ezagutarazteko euren erakusleihoak apaindu dituzte Tolosaldeko 34 saltokik. Tolosaldea Garatzenek eta Elhuyar fundazioak jarri dute martxan ekimena, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko Bizilabe egitasmoaren barruan. Otsailaren 28ra arte izango dira erakusleihoak ikusgai.

Tolosaldea Garatzenen administrazio kontseiluaren izenean hitz egin du Pili Legarra Asteasuko alkateak eta nabarmendu du gazteen artean zientziarekiko bokazioak pizteko estrategia bat beharrezkoa dela: «Mundu mailan zientzia eta teknologiarekiko interesa eta jarrera ona dute gazteek, baina gero gutxik aukeratzen dituzte ikasketa horiek. Unibertsitatean ikasleen gehiengoa (%54,4) emakumea izan arren, ingeniaritza edo arkitektura bezalako ikasketetan kopuru hori %26ra jaisten da». Erreferente falta aipatu du Legarrak eta  zientzian dabiltzan emakumeak ikusgarri egiteko ekimenak txalotu ditu.

Erakusleihoak ikasleiho

Egitasmo horietako bat da Bizilabe. Bertan biltzen dira Tolosaldeko gazteak jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdian. Leire Ferro Elhuyar fundazioko Steam arloko arduradunak azaldu duenez gazteek zientzialaria «gizon zuri» bezala identifikatzen dute eta modu horretara «nekez» ikusiko dute neska gazteek euren burua zientzialari bezala.

Horregatik, otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren bueltan antolatu du Elhuyarrek, Bizilabe egitasmoaren barruan, #ErakusleihoakO11 kanpaina. «Guztira 12 emakume zientzialari omenduko ditugu. Zientzialarien ikerketan inspiratuta saltokiko erakusleihoa apaintzeko eskaintza egin zaie dendariei. Horrela, emakume horien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira merkatariak», esan du Ferrok.

Saltokiekin harremana egiteko Oria merkatari elkartearen eta Tolosa&Co elkartearen laguntza izan dute Tolosaldea Garatzenek eta Elhuyarrek. Dendari «asko» animatu dira Legarrak nabarmendu duenez. Horietako bat da herriko botikako arduraduna, Ana Sarasua. Gertrude Belle Elion biokimikarian oinarrituta apaindu du botikako erakusleihoa: «Zelula arrunten eta zelula patogenoen artean dagoen aldea ikertu zuen eta sendabide berriak asmatu. Gure lanarekin badu zerikusia, botika berrien asmakuntzan jardun zuelako. Besteak beste, herpesa edota malaria sendatzeko baliagarriak diren erremedioak asmatu eta organoen transplantean erabiltzen diren botika batzuk deskubritu zituen».

Botikaren atarian Tolosaldeko Bizilaben parte hartzen duten Aizpea Lasa eta Sugaar Zapirain gazteek Belle Ellionen ikerketetan oinarritutako esperimentua aurkeztu dute: paperezko mikroskopioa nola egiten den erakutsi diete bertaratutakoei. «Lagina hartu eta mikro unibertsoa dena baino 40 aldiz handiago ikus dezakegu paperezko mikroskopioarekin», esan dute.

Parte hartu duten saltokien berri eta  hautatutako zientzialarien inguruko informazio guztia zabaldu du Elhuyarrek www.bizilabe.eus webgunean. Bide batez, Bizilaben parte hartzen duten gaztetxoek bideoak osatu dituzte aipatutako emakume zientzialarien esperimentuak eginez.

Parte hartzen duten saltokien zerrenda:

Alegian

  • Aikur

Asteasun

  • Coviran Asteasu
  • Javier Iraola harategia
  • Aneli Ile-apaindegia eta estetika
  • Mattin liburu denda
  • Ana Sarasua farmazia
  • Axun Ileapaindegia

Iruran

  • Bakarne Arrue
  • Xare okindegia
  • Attonaren denda

Tolosan

  • Dandaka
  • Ibañez Gozona gozotegia
  • Ubel
  • Xarma
  • Beotibar etxetresna elektrikoak
  • Ipar Roller
  • Muñazabal
  • Josune Ile-apaindegia
  • Imanna
  • Taller Merceria Karmele
  • Aralart dekorazioa
  • Karmele mertzeria
  • Berezi Tallas Especiales
  • Dentieder
  • Itsasargi izoztuak
  • MikelAltzariak
  • Kirei
  • Ross lentzeria
  • Zunzu

Villabonan

  • Farmazia Berria
  • Basajaun liburudenda 
  • Garintza mertzeria
  • Galerias M.J.
  • Ifni

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!