«Bere bizitzaren inguruko liburuak irakurri ditut eta asko sakondu dut bere biografian»

Ataria 2021eko otsailaren 17a

Lehen aldiz parte hartu du Villabonako Galerias M.J. saltokiko Carmen Fuentek ekimen honetan. Poppy Northcutt matematikari eta NASAko ingeniariari eskaini dio dendako erakusleihoa.

Nola jakin zenuen ekimenaren berri?

Oria merkatari elkartearen bitartez. Asko gustatzen zait erakusleihoak prestatzea eta antolatzen diren ekimenetan parte hartzea. Interesgarria iruditu zitzaidan eta izena eman nuen.

Zein da Poppy Northcutt?

NASAn lan egin zuen lehenengo emakumea izan zen. Matematikari eta ingeniaria zen eta gero zuzenbidea ikasi zuen. Oraindik bizi da, 77 urte ditu.

Nondik jaso duzu Northcutti buruzko informazioa?

Elhuyar fundazioak esleitu dio saltoki bakoitzari dagokion zientzialaria eta esleitzearekin batera bere inguruko informazioa bidali digu. Gero, nik nire aldetik, bere bizitzaren inguruko liburuak irakurri ditut eta asko sakondu dut bere biografian.

Nola antolatu duzu erakusleihoa?

Apolo programan parte hartu zuenez, astronauta bat eta espazio-ontzi bat bururatu zitzaizkidan aurrena. Planeta batzuk ere zintzilikatu ditut sabaitik eta irudikatu dut ilargiaren zorua. Kartelak Internetetik lortu ditut. Etorkizuneko emakume eta neska zientzialariei keinua egiteko probeta batzuk jarri ditut.

Denbora asko pasa duzu dena prestatzen?

Ordu dezente eskaini dizkiot. Lanetik aterata jardun dut dena prestatzen eta igande batzuk ere eman ditut lanean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!