ERREPORTAJEA

Bi artisten ibilerak

Irati Saizar Artola 2021ko ots. 19a, 09:00
'Ez dok ero' Gurean eta Leidorren eskainiko da. GUILLERMO CASAS

Oholtzaz oholtza, Tolosaldeko antzokietara iritsi da Tartean konpainiaren Ez dok Ero lana; Patxo Telleriaren eta Mikel Martinezen aurpegiak lehen planoan direla, Amasa-Villabonan eta Tolosan izango da ikusgai.

Azaroan estreinatu zuten Patxo Telleria eta Mikel Martinezek Ez dok ero antzezlana, Bilboko Arriaga antzokian. Ordutik hamabost oholtza inguru zapaldu dituzte lan berriarekin, eta gaur Basaurin izango badira ere, igandean Amasa-Villabonan ikusteko aukera izango da 19:30etik aurrera, eta hurrengo ostiralean, berriz, Tolosako Leidor aretoan izango dira, 19:00etan.

Tartean konpainiaren antzezlanean Telleria eta Martinez dira oholtzara igotzen direnak, Jokin Oregiren zuzendaritzapean. Fikziozko istorio bat kontatzen dute, sustraiak errealitatean dituena, «autoerreferentziala».

Bikoteak ohiko formatuan, euskal kultura izango du jomuga, eta kasu honetan, baita euskal antzerkia eta euskal gizartearen irudi «deformatua, barregarria eta haluzinatua» ere. Beti egin ohi duten moduan komediatik, beraien buruari barre eginez, besteak barrez lehertu arazteko.

Sinopsia: «Mikelote eta Pantxo bikote artistikoa desegin da. Haien formula komikoa gastatua zegoen, eta belaunaldi berriek haien tokia okupatu dute. Pantxok ondo hartu du behartutako erretiroa. Agertokietatik urruntzeko gogoa zuen aspalditik, bizimodu lasai eta normalizatua desiratzen zuen, artearen eromenetik urrun. Mikelotek ez du bukaera onartu nahi. Antzerkiaren pozoia sakon errotuta dago bere zainetan. Eta pozoi horrek burua galtzeraino eramango du. Egun batean Mikelote, antzerkilari andante estrafalarioa, Pantxoren bila joango da, trasteak prestatu eta Euskal Herrian barna joateko, herriz herri antzeztera, Euskal Antzerkiak Behar Gaitu uste inozoarekin. Horrela ibilbide fantastiko bat egingo dute Euskal Herrian zehar, hamaika abentura ero biziz. Mikeloteren imajinazioak sorturiko pertsonaia harrigarriak ezagutu eta egoera korapilatsuetan endredatuko dira».

'Ez dok ero' antzezlana

 

Otsailak 21, igandea 19:30ean, Amasa-Villabonako Gurea antzokian.

Sarrerak salgai https://gureantzokia.sacatuentrada.es/eu  webgunean.

Otsailak 26, ostirala 19:00etan, Tolosako Leidor aretoan.

Sarrerak leihatilan eta www.kutxabank.es  webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!