ELKARRIZKETA

«Kasu honetan geure buruaz barre egitea proposatu dugu»

Irati Saizar Artola 2021ko ots. 19a, 09:32
Patxo Telleria, 'Ez dok ero' ikuskizunaren une batean. GUILLERMO CASAS

Azken boladan herriz herri eta aretoz areto dabil Patxo Telleria (Bilbo, 1960), Mikel Martinezekin batera. Ez dok ero antzezlana dute eskuartean, eta asteburu honetan zein hurrengoan, eskualdean izango dira. Haiek ikustera hurbiltzen direnei ez zaiela damutuko aurreratu du Telleriak.

Azaroan estreinatu zenuten lan berria. Emaitzarekin gustura?

Dagoeneko hamabost bat emanaldi egin ditugu eta oso gustura gaude. Kontatu nahi genuena kontatzen dugu eta publikoarekin sintonia onean sentitzen gara.

Mikel Martinezekin konpartitzen duzu oholtza. Dagoeneko ohituta harekin lan egitera?

Berarekin aritzeaz ohituta ez banago, zerekin egongo ote naiz ohituta? Urteak daramatzagu elkarrekin lanean, baina ez da egiten dugun lan bakarra. Artistikoki hitz egiten beste lan batzuetan ere aritzen gara, baina oso esparru garrantzitsua da guretzat bikote artistiko hau, eta ohituta gaude, noski.

Euskal kultura izan ohi duzue ardatz zuen antzezlanetan. Oraingoan ere ildo beretik jarraitu duzue?

Zehatzago esanda, gehienetan euskara bera izan dugu hizpide. Kasu honetan, aldaketa txiki bat izan du: euskal kultura hartzen dugu gaitzat, eta horrez gain, gu geu gara hizpide. Azken hau oso berria da gure kasuan. Hau da, euskal kulturaren gainbegirada umoristiko eta irionikoa planteatzen dugu, eta geure buruari buruzko begirada ironiko eta kritikoa dugu. Autoerreferentziala da zentzu horretan. Jendeak esaten du espezializatuak gaudela euskararen inguruan, euskararen kontura, eta euskaldunei barre egiteko, baina kasu honetan batez ere geure buruaz barre egitea proposatu dugu.

Zuek zeuen buruaz egingo duzue barre, beraz. Benetako Patxo eta Mikel ikusi ahalko dira oholtzan?

Normalean, beti izaten gara gu geu. Hori gure zigiluaren ezaugarri bat da; lehen ikuskizunetik, oraindik autofikzioa ezagutzen ez zenean, guk geure buruari agertokian Mikel eta Patxo deitzen genion, eta horrek bazuen esanahi konkretu bat. Azken finean, geure buruetatik abiatzen gara umorea egiteko. Kasu honetan, hori urrunago eraman dugu: planteamendua da Mikel eta Patxo antzezleak aspaldi erretiratu zirela, jendea gure estiloaz eta umoreaz nekatuta zegoelako. Gainbeheran gindoazen eta uztea erabaki genuen; batez ere nik hartu nuen erabaki hori, eta Mikelek ez zuen onartu. Ez zuen onartu dekadentzia hori, oraindik ere ahots bat bagenuela amesten zuelako.

Kontua da, Mikelek prozesu horretan burua galtzen duela, eta errealitatea eta fikzioa nahasten hasten dela. Kasu honetan, nabarmena da On Kixote eta Santxo Panzarekin egiten dugun parekotasuna. Orduan, bidaia zoro bat egitera behartzen nau Euskal Herri osoan zehar, euskal antzerkia eraberritzeko asmo zoroarekin. Horrekin argi geratzen da geure buruaz barre egin nahi dugula, eta nola edo hala, modu arin edo dibertigarri batean bada ere, euskal antzerkia ere plazaratzen dugu gai bezala.

On Kixote eta Santxo Panzaren ordez, Mikelote eta Pantxo zarete. Nolakoa da Pantxo?

Cervantesek sortu zituen arketipo horiek, eta unibertsalak dira egun. Nik lurra zapaltzen dut, errealitateaz fidatzen naiz eta errealitatea ondoegi interpretatzen dut. Berez, Cervantesen arabera, zentzumena Santxo Panzak islatzen du, baina On Kixoteren erotasuna askoz ere zuhurragoa da, ia-ia egokiagoa. Bizitzak errenditzera behartzen duenaren papera jokatzen dut, eta Mikelotek kontrakoa, ez du onartzen porrot hori, ez du onartu nahi bizitza gure gainetik pasatu dela, eta bere jarrera muturreraino eraman nahi du.

Zoramen horretan Euskal Herrian barrena ibiliko zarete antzezlanean.

Formalki road movie bat bezala planteatu dugu. Azken finean, gure arketipoek egiten duten modu bertsuan. Haiek Gaztela Mantxatik barrena ibiltzen dira eta gu Euskal Herritik ibiltzen gara. Hainbat txoko bisitatzen ditugu, eta tokian toki, bertako agerraldi kulturalak aipatu eta horren inguruan barre egin eta ikuspuntu ironiko bat ematen saiatzen gara.

Leku bakoitzak eszenografia desberdina du?

Gaur egun erreminta teknologiko asko daude tokiak irudikatzeko, baina teknologiarik puntakoena ikuslearen irudimena da. Kasu honetan, ordea, ikus-entzunezko errekurtsoak erabiltzen ditugu, nahiko modu berezian. Gure ikuskizunean telebista pantaila asko daude, eszenografia telebista txiki askoz osatuta dago, eta horietan irudi fragmentatuak ateratzen dira, eta irudi horiekin irudikatzen ditugu tokiak eta espazioak. Baina betiere, figuratibismoa eta esplizitutasuna guztiz baztertuz.

Amasa-Villabonako Gurea antzokian eta Tolosako Leidor aretoan izango zarete. Aurrez arituak zarete oholtza horietan?

Bai, bietan behin baino gehiagotan. Villabonako Gurea antzokikoak oso programatzaile fidelak dira, eta askotan eduki dugu han antzezteko zoria. Eta Tolosa ere berdin, askoz plaza handiagoa da eta kultur aukera handiagoa eskaintzen du. Biak dira guretzat oso plaza gozoak lan egiteko.

Aurrerantzean lotuta dituzue beste hainbat emanaldi. Egoera kontuan hartuta, segurtasuna ematen dizue horrek?

Hasierako konfinamendu bortitza amaitu zenetik, beldur handia geneukan, pentsatzen genuelako asko jaitsiko zela programazioa batetik, eta bestetik publikoaren erantzuna. Baina esperientzia erabat alderantzizkoa izan da. Euskal Herrian emanaldi mordo bat egiteko aukera izan dugu, ia-ia konfinamenduan galduta geneukan guztia berreskuratzeko modua izan dugu. Antzerkia nola hala indarturik atera da krisialdi honetatik, batetik, aisialdirako konpetentzia gutxiago daukagulako, eta bestetik, jendeak kultura gehiago baloratzen ikasi duelako. Konturatu gara kulturarik gabe bizitzea oso zaila dela, eta gure gorputzetan hori sentitu dugu, nolabaiteko prestigioa berreskuratu dugu zentzu horretan. Kulturaren papera ez da hutsala, eta aurretik zituen aurreiritzi horiek errotik ezabatu dira pandemia honekin.

Erlazionatuak

Bi artisten ibilerak

Irati Saizar Artola 2021 ots 19 Amasa-Villabona   Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!