Ekologismoari eta iraultzari buruzko hitzaldia, ostiralean

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 28a, 11:59

Ezker Iraultzaileak ostiral honetarako hitzaldi bat antolatu du ekologismoaren eta iraultzaren inguruan. Victor Taibo izango da hizlaria, El cambio climatico y la lucha por el socialismo liburuaren idazlea, hain zuzen.

Hitzaldia online izango da, 19:00etatik aurrera, eta entzun ahal izateko meet.jit.si/ekologismoaetairaultza helbidean sartu beharko da, edo bestela, 685 708 281 zenbakiarekin harremanetan jarri.

Otsailaren 6an urtebete egingo du Zaldibarko zabortegian gertatu zenak, eta horren harira eta U30 Aldaketaldia ekimenarekin bat eginez antolatu dute saioa.

Urtebete pasa izanagatik, Ezker Iraultzaileak esan du ez dela aldaketarik egon EAJren gobernuak Euskal Herriarentzat prestaturik daukan ibilbide orrian, eta mundu mailako osasun larrialdia erabiltzen ari dela "foku mediatikoa gure ingurumena kudeatzeko eta suntsitzeko politiketatik urruntzeko".

Zaldibarren gertatutakoaren ondoren, gertakari «larriak» onartu behar izan direla azaldu dute: "Besteak beste, 10 mila tona amianto biltegiratu ziren, metanoa neurtzeko gailuek ez zuten behar bezala funtzionatzen, zabor-isurketa batzuk ez ziren behar bezala egiten, eta zabortegiak baimendutakoa baino eremu handiagoa okupatzen zuen". Horren aurrean Eusko Jaurlaritza «isilik» geratu izana ere salatu dute: "Ezkutatu egin zuen besteak beste inguruko herrietan dioxina eta furanoa barreiatzen ari zela istripuaren ondorioz piztutako sutearekin. Lehentasun bakarra autobidea berriro irekitzea zen eta erantzukizunak ez iristea kargu politikoenganaino".

Zaldibarrekin batera, Zubietako erraustegia ere gogoratu dute, "nahiz eta Europak gisa horretako proiektuak bertan behera utzi dituen". Ezker Iraultzaileak esan du Zaldibarko zabortegiko hondakinak lekuz aldatzea eta erretzea pentsatzen ari dela EAJren gobernua, eta hori "arduragabekeria" dela, «ingurumenaren aurkako eraso larria, sailkatu gabeko hondakinetan substantzia kaltegarriak barreiatuko baitira».

Neurri berean, AHT eraikitzeko lanak ingurumenean dituen eraginak ere azpimarratu dituzte, bai eta monolaborantzaren alde egin duten apustua ere, "eukaliptoak landatzeko diru laguntzak emanez".

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!