Ingurumen larrialdiaren aurka U30 Aldaketaldia antolatu dute

Ataria 2021eko urtarrilaren 28a

Larreko Mahaiak antolatu du ekimena eta Tolosalderako ere prestatu dituzte ekitaldiak; hitzaldiak eta bizikleta martxa Tolosan eta zuhaitz landaketa Altzon.

Herri, auzo, ikastetxe eta lan zentroetan "ingurumen larrialdia salatzeko" ekintzak antolatu ditu Larreko Mahaiak. U30 Aldaketaldia deitu diote ekimenari, urtarrilaren 30aren bueltan egingo baitira ekintza horiek. Tolosaldean egiteko hainbat proposamen prestatu dituzte: batetik, larunbat honetan, bizikleta martxa egingo dute Tolosan, 11:00etan, Triangulotik hasita. Otsailaren 1ean, berriz, Gorka Egiak, Ekologista naiz baina liburuaren egileak, hitzaldia eskainiko du 18:30ean, Tolosako kultur etxean. Eta leku berean, baina otsailaren 5ean, Xabier Zubialde Hacia la soberania energetica: crisis y soluciones desde Euskal Herria liburuaren egileak hitzaldia eskainiko du 18:30ean. Azkenik, otsailaren 6an, zuhaitz landaketa egingo dute Altzon, Haritzalde taldeak dinamizatuta.

Egitaraua borobiltzeko, manifestazioa egingo dute larunbatean Donostian. 17:00etan abiatuko da Gladys Enea parketik eta Bulebarrera arteko ibilbidea osatuko dute. Egun horretan, Zaldibarko hondamendiaren bezperetan, gogoan izango dute urtebete atzera Zaldibarren gertatu zena, "argi geratu baita Euskal Herrian, ingurumen alorrean, gauzak ez direla ondo egin eta ez direla ondo egiten ari".

Era berean, larunbateko manifestaziora inguruko herrietatik joan ahal izateko Larreko Mahaiak esan du idatzi bat bidaliko diola Ertzaintzaren zuzendaritzari. Idatzi horretan gogoratuko dio "konfinamenduak ez duela bertan behera uzten herritarrek manifestazio batera joateko duten eskubidea, baita manifestazioa beraien herritik kanpo egiten denean ere". Manifestazio eskubidea "oinarrizkoa" dela esan dute, eta neurri horretan, Ertzaintzari eskatuko diote isunik ez jartzeko Donostiara manifestaziora doazen herritarrei.

"Hemen" bistaratzeko

Larreko Mahaia osatzen duten talde ekologista, sindikatu eta eragileek esan dute «ezinbestekoa» dela krisi globala «hemen» bistaratzea, «ikuspegi lokala» izatea. «Planetari gertatzen ari zaiona gurean hasten dela argi adierazi nahi dugu», esan dute. Agintari politikoek, «pandemiaren aitzakian», eredu ekonomiko eta sozial «jasanezinean» sakondu eta klima eta ingurumen larrialdi egoera areagotzen jarraitzen dutela gaineratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!