ELKARRIZKETA

«Joan-etorri asko daude eta elkarrizketa biziak ditu obrak»

Jon Miranda Labaien 2021ko urt. 22a, 07:59
Joseba Apaolaza aktorea- TXALO PRODUKZIOAK

Lanpetuta dabil azkenaldian Joseba Apaolaza (Urretxu, 1960), baina bizi dugun garaiotan ez da kexatzeko motiboa. Tomasen papera jokatzen du Konpromisoa antzerki lanean eta gustura dago obra honetan ere pertsonaiaren azalean sartzeak erronka suposatu diolako.

Adiskidetasuna da gai nagusia antzerki lan honetan?

Bai. Istorio honetan, amarru eta gezur asko daude. Etxe salerosketa batean, tratua errazteko-edo, aspaldiko lagun duen Tomasi hots egiten dio Germanek. Une horretan hasten da endredoa eta abiatzen da komedia. Ezustekoak agertzen dira, gaizki ulertuak, tranpak... Bien arteko giroa erabat gaiztotuta dago etxearen eroslea agertzen denean.

Nolakoa da zure pertsonaia, Tomas?

Tomasen izaeraren eta orientabide sexualaren inguruan badago nolabaiteko trama bat, funtzioarekin eta obraren argumentuarekin zerikusi handia izango duena. German Ramon Agirrek jokatzen duen pertsonaia eta biak adinean aurrera doazen bi tipo dira. Tomas idazlea da, saiatu izan da horretan baina ez du inoiz ezer argitaratzea lortu. Frakasatua dela esan daiteke.

Pertsonaia berri bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Nik, neurri handi batean, intuizioz egiten dut lan. Pertsonaia nolakoa izan daitekeen irudikatu eta saiatzen naiz nire arimaz hura gorpuzten. Dena den, ez dut izugarrizko transformaziorik egin behar izan. Erronka polita da obra honen lehen parte osoan German eta biok bakarrik gaudelako oholtza gainean. Joan-etorri asko daude, eta elkarrizketa biziak ditu obrak. Ariketa garrantzitsua da hori aktore batentzat.

Oholtza Ramon Agirre eta Zuhaitz Gurrutxagarekin konpartitzen dugu. Aspaldiko ezagunak dituzu.

Bai, noski. Ramonek eta biok elkarrekin denbora asko daramagu. Ia-ia batera hasi ginen mundu honetan, Ehun metro filmean, pentsa noizko kontuez ari naizen... Azkenaldian ere egin ditugu lanak elkarrekin, Lu eta Le antzerkia, esate baterako, edota DBH telesaila. Zuhaitzek beste ibilbide bat izan du, futbolari profesionala izan ondoren iritsi baita antzerki mundura. Hala ere, badarama denbora bat gure artean eta berarekin aritzeko zortea izan nuen duela lau urte, Tanttaka antzerki taldeak muntatutako Kreditua lanean. Buruz buru aritu ginen obra horretan eta lagun onak egin ginen. Pozgarria da berriro berekin aritu ahal izatea.

Taula gainean konplizitatea edukitzea garrantzitsua dela uste duzu?

Orokorrean, gure ofizioan gure arteko harremanak onak izaten dira, sanoak. Beste edozein lanbideetan ere garrantzizkoa izango da elkarrekin ondo moldatzea, baina gurean are gehiago. Agertoki batean erakutsi eta egin behar direnak eskatzen dute nolabaiteko feedback ona edukitzea.

Philippe Claudelen obraren egokitzapena da 'Konpromisoa'. Antzerki lanean parte hartzen duzuen aktoreok egin duzue lan hori. Nolakoa izan da prozesua?

Atrebentzia dezentekoa izan da gurea, bai. Txalo Produkzioak konpainiarekin egin ditugun lanetan ia ohitura bihurtu da gauzak elkarrekin egitea, eta kasu honetan, testua egokitzea. Konpromisoa obrari dagokionez, gaurkotze bat egin nahi izan dugu. Nahiz eta 2019an argitaratu zuen Philippe Claudelek, duela 40 urteko Frantzian dago kokatuta, Mitterrand presidente izendatu zutenean ezkerraren munduan sortu zen esperantza horretan dago girotuta. Guk Euskal Herrira ekarri dugu, gizarte garaikideago batera. Egokitzapen nagusia hori izan da, gero testua pixka bat kimatu dugu, baina obraren esentzia mantenduz. Euskaratzeko lana Martin Agirrek hartu du eta norberak bere pertsonaiari adierazpideak erantsi dizkio. Modu kooperatiboan aritu gara.

Begoña Bilbao aritu da zuen lana zuzentzen.

Bai. Aurretik ere aritu izan naiz berarekin lanean, eta ia segidan, hirugarren aldia da berarekin ari naizena: Ergela egin genuen Sara Cozarrek eta biok Begoñaren zuzendaritzapean eta baita Rita antzerki lana ere, Aitziber Garmendia eta biok.

Eszenografiari begiratuta, muntai handia da prestatu duzuena?

Ez. Alde horretatik, iruditzen zait gai izango garela toki ezberdinetan eskaintzeko. Euskal Herriko antzokiak ikusita, zure obra non eskaini dezakezun ikusita, ezin duzu planteatu eszenografia handi bat, mugitzeak berak lanak emango dizkizuna. Etxeko egongela bat da erakusten dena, Germanen etxeko egongela zehazkiago esateko. Mudantza egiteko zorian dago, eta beraz, kaxaz beteta dago egongela. Funtzionala da eta polita geratzen da eszenografia.

Tolosan gaur aritzekoak zineten [kide bat konfinatuta dagoela medio, bertan behera geratu da antzerki emanaldia] eta Villabonan datorren astean. Nolako plazak dira Leidor eta Gurea?

Oso onak dira. Apustu ezberdinak dira. Leidor handiagoa da eta hura beteta ikustea izugarria da. Niri noizbait tokatu izan zait eta oso areto ederra da. Orain, aforo erdiarekin moldatu beharko dugu osasun egoeragatik. Alde horretatik, plaza seguruagoa da Villabonako Gurea, txikiagoa delako. Bertan aritu naizen alditan oso gustura jardun dut.

Zein ibilbide egingo du 'Konpromisoa' obrak?

Emanaldi dezente dauzkagu lotuta eta guztiak nahikoa segidan. Hiru hilabetetan osatuko dugu, gutxi gorabehera, Euskal Herrian zehar egingo dugun bira. Gauzak sarri egiten direnean, aktorearentzat mesede ikaragarria da, fresko mantentzen duzulako buruan eta distira berezia hartzen duelako obrak.

Zuentzako mesede handia izango da denbora baterako lana ziurtatuta edukitzea?

Bai, neurri batean ziurtatuta daukagu, baina prebentzio guztiekin esan beharra dago, garai hauetan maiz aldatzen dituztelako arauak, egun batetik bestera gainera. Baina bai, pozik gaude gure lanbidearekin jarraitu ahal izan dugulako. Ez da gutxi.

Ni boladatxo bat daramat inoiz baino lanpetuago, kasualitatez, horrela tokatu zait. Madrilera joan eta etorri nabil Amar es para siempre telesailean aritzen naizelako, eta Konpromisoa obrarekin batera, Sisiforen paperak antzezlanean ere banabil. Hemendik aste batzuetara berriz egongo gara Tolosan Egunkariaren itxieran inspiratutako obrarekin.

Antzerki gosez sumatzen al duzue jendea?

Bai, hori da irudipena. Jendea orain maskarak jantzita ikusten duzu oholtza gainetik eta zailagoa da hartu-eman hori. Barreak sumatzea gehixeago kostatzen da garaiotan. Baina, oro har, jendea gogoz dago etxetik atera eta gauzak ikusteko eta baita kulturgileak laguntzeko ere.

Nola animatuko zenuke jendea 'Konpromisoa' ikustera joan dadin?

Funtzio bizia da, ordu eta laurdenekoa da. Jorratzen diren gaiak interesekoak dira eta gerturatzen den jendea suelto-suelto barrez sumatzen dugu. Komedia bat da, azken batean. Bizi dugun egoera malapartatu hau ahanzteko balioko digu, ziur nago. Hitz ematen diet ederki pasatuko dutela eta antzokitik ateratzerakoan bizpahiru galdera ibiliko dituztela bueltaka buruan. Ez zaie damutuko.

Erlazionatuak

Elkarrekiko 'Konpromisoa'

Jon Miranda Labaien 2021 urt 22 Amasa-Villabona   Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!