Elkarrekiko 'Konpromisoa'

Jon Miranda Labaien 2021ko urt. 22a, 07:58

Txalo Produkzioak konpainiak Konpromisoa izeneko antzerki obra dakar Tolosaldeko antzokietara. Hiru aktore ariko dira taula gainean: Ramon Agirre, Zuhaitz Gurrutxaga eta Joseba Apaolaza.

Urtarrilaren 3an Urnietako Sarobe antzokian aurrestreinaldia egin ondoren, astebetera Eibarren eskaini zuten lehen aldiz Konpromisoa antzerki lana. Aurreko asteburuan Donostiako Antzoki Zaharrean aritu ondoren gaur iritsiko da Leidor aretora Ramon Agirre, Zuhaitz Gurrutxaga eta Joseba Apaolazak osatutako hirukoa. Txalo Produkzioak konpainiak ekoitzitako lana Begoña Bilbaok zuzendu du eta Philippe Claudel idazle eta zinemagile frantsesaren Compromis obraren moldaketa da.

Sinopsia: «Tomas eta German aspaldiko lagunak dira; Tomas sasi-autore bat da eta German, bere lanbidean arrakasta handirik gabeko aktorea. Germanek arazo ekonomikoak dauzka eta bere apartamendua saldu beharra du, bai ala bai. Pisua erosi nahi duen batekin tratua egiteko geratu da eta Tomasi laguntza eskatu dio. Izan ere, bere idazlanak maila eskasekoak izan arren, zintzo plantak egiten ez du parekorik. Bere dohainik handiena da. Eroslearekin tratua egiteko prest daude. Eroslea edo engainatuko duten inuzentea? Eroslearen zain dauden bitartean, bi lagunak elkarri belarria goxatzen arituko dira, mokoka, adar jotzen. Baina, halako batean, egoerak okerrera egingo du. Aspaldi gordeta zeuzkaten erremin eta sumindurak elkarri botako dizkiote. Eroslea iristen denean, bi tratanteak eztabaidako punturik gordinean harrapatuko ditu. Erosleak ikusle soil baten jarrera hartuko du? Edo bi lagunen arteko sesioan epaile lanak egingo ditu? Edo okerrenera, bien arteko joko maltzur horretan, biktima bihurtuko ote da?».

Gizartean puri-purian dauden zenbait gai jorratuko dira obran zehar, hala nola, adiskidetasuna, etika edo elkarrekiko konpromisoa. Konpainiak, dagoeneko, datozen hiru hilabeteetan 30 emanaldi hitzartuta dauzka eta eskualdean ere eskainiko dute Konpromisoa, gaur ziren eskaintzekoak, Tolosan baina bertan behera geratu da emanaldia. Hilaren 31n, Villabonako Gurean ikusteko aukera izango da.

 

'Konpromisoa'

Tolosaldean

[BERTAN BEHERA] Gaur, urtarrilak 22, ostirala 19:00etan Tolosako Leidor antzokian. Sarrerak salgai leihatilan edo Kutxako webgunean.

Urtarrilak 31, igandea 19:00etan Villabonako Gurea antzokian. Sarrerak salgai https://gureantzokia.sacatuentrada.es/eu  webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!