Bukatzear den urte honek denbora luzean hizketagai izango diren gertakariak utzi ditu. Sektore eta arlo guztiak kolpatu ditu COVID-19ak, baina batez ere enpleguan eta lan baldintzetan izango du eragina, eta horrenbestez gizarteko eremu guztietan sumatuko da bere itzala. Langabezia igo da eskualdean, joera orokorrarekin bat, eta horren adierazle iraileko langabezia datua; urtero izaten du beheranzko joera, udarako turismoari lotutako lan kontratuak direla eta, baina aurten goranzko joera izan du eskualdean. Tolosaldean iraila bukaeran 2.257 langabe zeuden, martxo bukaeran baino gehiago: orduan 2.134 langabe zeuden (%9,27). Iazko irailean baino gehiago dira; 1.913 langabe zenbatu zituen SEPEk duela urte bete.
Pandemia baino lehen ere, baziren konpondu beharreko lan gatazkak, hala ere, eta eskualdeari dagokionez, Tolosako Arriaran-Avia gasolindegiko lanuzte eta protestaldia izan da hilabete gehien luzatu dena. Zazpi hilabete iraun zuen protestak, mobilizazio eta greba egunak, eta azken lau hilabeteak, otsailetik ekainera, greba mugagabean pasa zituzten, gainera. Enpresa hitzarmenerako negoziaziorik ezak eta bi kaleratzek eraman zituen greba mugagabera. Izan ere, langileen ustez, 1.000 euroko soldatak ez zuen bat egiten gasolindegiko lan baldintzekin. Sei langile aritzen dira bertan lanean. «Soldata duinago bat nahi dugulako hasi gara protestan. 1.000 euroko soldata dugu, eta asteburu eta jai egunetan ere lan egin behar izaten dugu». ELA sindikatuaren arabera, ordainsari hori ez da nahikoa gaur egungo beharrei erantzuteko eta horregatik erabaki zuten protestaldiarekin hastea, baina harago ere joan ziren: enpresako itun propioa lortzea ere bazuten helburu.
Gorabehera askoren ondoren, Arriaran Avia gasolindegiko langileek enpresarekin «akordio on» bat lortu zutela iragarri zuten, eta boikota egiten ez jarraitzea ere eskatu zuten. Gasolindegiko arduradunaren jarrera ikusita, herritarrei boikota egiteko eskaera ere egin baitzieten. Ekainean «pixkanaka normaltasunerako itzulerari» ekin zioten. Eskerrak emanez bukatu zuten borrokaldia, bereziki ELA sindikatuari, eta baita elkartasun mezuak eman zizkieten Tolosako Gazte Asanbladari eta Tolosaldeko Autodefentsa Laboraleko Sareari ere, besteak beste.
Oria galdarategia
Belauntzako Oria galdarategian, kontrara, egun gutxiren buruan bideratu zen gatazka. Lanik ez dagoela argudiatuz, kudeatzaileak urrian eman zien langileei enpresa ixteko asmoaren berri. 1945 urtean sortu zuten enpresa eta beraz, 70 urtetik gora eman ditu galdaragintza sektorean. Urri hasieran, baina, enpresa ixteko asmoa zuela jakinarazi zien bertako kudeatzaileak langileei. «Aurretik ere usaintzen genuen. Hala ere, kolpetik etorri zaigu albistea, eta hori ez genuen espero», esan zuten langileek. Lan karga txikia zela eta egon zitekeen lan kopururako lehiakorrak ez zirela esan zien. Langileek, baina, bestelako ikuspegi bat zuten: «Interes faltagatik izan da. Bezeroekin lanak atzeratu dira, ez da eskaintza berririk egin, eta askori ez zaie erantzunik eman. Lana badago; sektoreko enpresa gehienek lanean jarraitzen dute. Enpresa utzi nahi dute, besterik gabe». Horrez gain, erabakia egun batetik bestera hartu eta jakinarazi izana leporatu zioten langileek. Negoziaketak hasi ziren orduan eta hamabost egunen buruan bazkideek enpresa ixteko erabakia bere horretan mantendu bazuten ere, irteera baldintzak «nabarmen hobetu» ahal izan zituzten. Langileak «harro» daude lortutako akordioarekin, «irtenbide duina» lortu zutelako, «langileen borroka eta LABen ekintza sindikalari esker».
«Ezin dugu esan erabat pozik gaudenik, izan ere langile eta sindikatuaren lehentasuna Oria galdarategia zabalik eta orain arte bezala martxan mantentzea baitzen, aukerak ikusten zirelako eta borondatea zelako falta zena».
Siemens Gamesa
Asteasuko Siemens Gamesan ere izan dituzte greba egunak, lan ituna berritzeko prozesua dela eta. Martxoaren 9an greba mugagabea hasi zuten eta hilabetez luzatu zen. Apirilaren 20an itzuli ziren lanera, zuzendaritzarekin akordioa sinatu eta gero. Hilabete pasatxo eman zuten beraz, greba mugagabean eta Josu Zubillaga langileen ordezkariak eredugarritzat jo zuen denbora horretan egin zuten borroka: «Enpresa multinazional handia da gurea, oso handia, baina gure txikitik demostratu dugu integritatea dugula, inor kaltetu gabe merezi dugunaren alde egiten jakin dugula. Borroka honek erakutsi digu duintasuna dela gehien balio duena». Beraz, 100 langilek baino gehiagok urrats garrantzitsua egin zuten lan itun berria izateko bidean, eta COVID-19aren garaiak baldintzatzen duen normaltasunera itzuliko ziren. Beharginek enplegu berme bat eskatu zuten, ikusita taldean itxierak eta murrizketak zetozela, eta horregatik hasi zituzten lanuzteak. Enplegu berme horren inguruan akordioa zegoen aspaldian, baina lan hitzarmena berritzea zaila gertatu zen, eta ia hilabeteko greba mugagabearen ondoren iritsi zen ituna egitea erraztuko zuen akordioa.
Langileen ordezkariak esan bezala mundu mailako enpresa bat da Siemens Gamesa. Asteasun albiste onik izan dute 2020an, Siemens Gamesako Asteasuko lantegian turbinen osagai berriak ekoitziko baitituzte, hastear den urtean. Baina kontrara Nafarroako Agoizko Siemens Gamesaren lantegia itxiko duela iragarri zuten uztailean. Instituzioek eta sindikatuek esan zuten ahalegin guztiak egingo zituztela enpresak atzera egin eta fabrikak irekita jarraitzeko, baina enpresak ez zuen atzera egin. Asteasuko langileek elkarretaratzeak egin zituzten, Nafarroako lankideei elkartasuna adierazteko.
Voith Paper
Ibarrako Voith Paper enpresan ere martxoan sei greba egun egin zituzten. ELAk eta LABek salatu zuten enpresak gero eta azpikontrata eta ABLE gehiago erabiltzen zituela. Zuzendaritzak enpresa hitzarmena betetzea lortu nahi zuten. Protesta egunen ondotik, soldaten arteko aldea «txikitu» egin zen, nahiz eta aitortu zuten oraindik ere badagoela lana egiteko.
Zauritu eta hildako bana
Greba egun eta bestelako protestaldiez harago, izan dira bestelako ezbeharrak Tolosaldean. Ekainean lan istripu larria izan zen Irurako Laskibar industrialdean. LAB eta ELA sindikatuek azaldu zutenez, 45 urteko langile bat hil zen istripuz: «Plataforma bat pintatze lanetan zegoen langile autonomoa 7 metroko altueratik erori zen». Heriotzaz gain, lan istripua ere egon zen Amezketako Aralar paper fabrikan. Urtarrilean izan zen. Azpikontratatutako enpresa batean egiten zuen lan arin zauriturik suertatu zen langileak. Bost metrotik erori zen.
Agour Lizartzan
Izan dira lan munduari lotutako bestelako albisteak ere. Esaterako Heletako (Nafarroa Beherea) Agour taldeak gaztandegi berria ireki du Lizartzan (Gipuzkoa). Idiazabal jatorri izeneko gazta egiten dute Lizartzan, baina gazta urdin bat ere ekoitzi dute, ardi esnearekin egindakoa hori ere.
Eusko Labela du gazta horrek, Eusko Jaurlaritzak aurki aurkeztuko duen Gaztaberri egitasmoaren barruan baitago. Agourrek Eceizaren banaketa sarea eta 35 urtez Goenaga jogurt egile donostiarrarekin landutakoa baliatzen du Lizartzako gaztak Hego Euskal Herrian eta Espainian banatzeko.