Euskal Herriko Eskubide Sozialen gutunak egin zuen greba orokorrerako deia. «Pentsio eta bizitza duinen aldekoa» izan zen greba, eta pentsiodunek azken bi urteetan egindako mobilizazioekin lotu zuten sindikatu eta beste talde deitzaileek. 2019ko urrian jakinarazi zuen Eskubide Sozialen Gutunak greba antolatu nahi zuela, baina ez zuen data zehaztu.
«Egungo egoera ikusita, erantzunak eta alternatibak hainbat sektoretatik bideratu dira; pentsiodunetatik, feminismotik, ekologismotik eta lan baldintzen aldeko borroketatik. Greba horiek guztiak gure grebak dira; denekin bat egiten dugu», esan zuten sindikatuek. Beraz, urtarrileko grebaren helburua izan zen borroka horiek guztiak batzea. «Bizitza erdigunean jarriko duen eredu bat» bultzatu nahi zuen gutunak mobilizazio horrekin, «zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna» emango diona.
Eredu horren ardatzak izango liratekeenak ere zerrendatu zituzten: aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa eta eskubideen unibertsaltasuna. Era berean, Hego Euskal Herriko bi gobernuekin kritiko azaldu ziren deitzaleak, haien iritziz ez zirelako gai izan kontrako norabidean doazen Espainiako Gobernuaren neurrien bestelako politikak hartzeko. CCOO sindikatuak ez zuen bat egin grebarekin.