Zaintzari lotutako lanpostuetan askotan, abusu eta esplotazio kasuak ematen direla salatzen dute ere. Zaintza sektorea publiko izatea eskatzen dute, izan ere, COVID-19az gain, sistema bera ere egoeraren erruduntzat jotzen dute: «Sistema hau ehunka hildako uzten ari da, lanera goazenean beldurrez goaz, izan ere, gu eta gure osasuna arrisku larrian jartzen ari garenaren jakitun gara».
Lankidetza publiko-pribatuak ezkutuan uzten dituenak ere salatu ditu: «Plantilla guztiz eskasak eta gizagabeak dauzkagu, egutegi gizagabeak, hilabete bukaerara iristea bermatzen ez diguten soldatak, baliabide materialetan eta babes neurrietan ez dute inbertitzen, arreta eskasa eta gizatasunik gabea ezkutatzen da eta pribatizaziorako apustu sendoa egiten dute». Sistema aldaketa eskatu dute, «non esklabotzatik, klandestinitatetik edo prekarietatetik aterako dituen milaka emakume, gizarte osoaren zainketen pisua gure bizkarrean kargatzen dugun milaka emakume». Interes kapitalista eta alderdikoien aurrean blindatuta egongo den sistema «ezinbestekoa» dela ere badiote.