Jaka VS Altuna III _ Lau eta Erdiko Finala 2020

Jokin Altuna: "Harro egon behar naiz egiten ari naizen ibilbidearekin, egun puntual batekin baino gehiago"

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 27a, 19:39

Gustura azaldu da pilotari amezketarra prentsaren aurrean, txapela jantzita eta garaikurrarekin. Bere bigarren txapela du Lau eta Erdiko Txapelketan.

Hasieran erritmo handiko tantoak izan direla esan du Altunak: "Berak egin dizkit tanto batzuk, Erikek sekulako konfiantza duelako gaur egun. Ikusi da hasieratik hil edo bizi jokatzera atera dela. Nik ez nituen sentsazio txarrak. Ondo aurkitzen nintzen, egun guztian sentitu naiz oso ondo, goizetik nituen sentsazio onak. Azken egunak gozatu ditut: familiarekin, lagunekin... Astea polita izan da, eta gero hori kantxan nabaritu egin da eta oso gustura nago".

Banakakoa lehian, bietako bat ondo sentitzen denean, bestea ez dela hain ondo sentitzen azaldu du: "Buruz burukoan bera ondo hasi zen eta nik ez nituen sentsazio onak. Atzetik joaten dena lotu egiten da, eta nik alde egin dudanean bera lotu egin da. Ikusten nuen tantoa azkar nahi zuela egin, baina asmatu egiten nion hanketara jokatzen. Nire aldetik oso ondo eta bera ez dut bere mailan ikusi. Baina betikoa, bat ondo ari denean, oso zaila da bestea ondo aritzea".

Hanketara jokatzea oso zaila izaten dela azaldu du amezketarrak, eta hori ezin zuenean egin, Jakak  abiadura ematen ziolako, altura ematen zion pilotari. Horretan asmatu egin duela gaineratu du. "Pilota bat atera du berak nirea zena; aukeraketan ez nuen uste baino gastatutakoan altura dezente hartzen zuen, frontisetik irteera zuen eta lurrean asko ibiltzen zen. Pilota horrekin aprobetxatu egin dut hanketara jokatzeko. Teoria askotan ekartzen dugu, baina praktikan jartzea zaila izaten da eta gaur asmatu dut", zehaztu du Altunak.

Buruz burukoan hartutako kolpetik berreskuratu da: "Lagun batek esan zidan, etxeko atea ireki zidanean, ukabila estututa, lasai egoteko, kolpeetatik oraindik indartsuago ateratzen dela". Momentu horietan lagundu zioten guztiei eskertu die Altunak, bai pilotariei, bai enpresari, lagunei eta familiari: "Oso eskertuta nago, eta oso gustura nago".

24 urterekin hirugarren txapela lortu du lehen mailan, gaurkoa bigarrena lau eta erdian, eta pozik zegoen amezketarra: "Hotzean pentsatu behar da. Kostatu egiten zait baloratzea ere non nagoen. Aurrekoan galdu egin nuen, baina horrelakoetan ere ikasi egin behar dut baloratzen final bat egunero ez dela jokatzen eta final batean egotea handia dela. Kolpe bat hartzen duzunean, gero buelta ematen diozunean, konturatzen zara lehen egindako lanak zenbat balio duen. Nahiz eta gaur zoriontsu egon, eta gustura egon, harro egon behar naiz egiten ari naizen ibilbidearekin, egun puntual batekin baino gehiago".

Gaur egun maila handia dagoela dio: "Egun dagoen lehiakortasunarekin, pilotariok elkarri laguntzen ari gara. Arnasa hartzeko aukerarik ere ez duzu. Denok ari gara hobetzen eta ikasten; jokoa benetan azkarra da, eta erritmo horretara ohitzen ez denak jai du. Faborito bat edo bi ateratzen dira txapelketetan, baina ikusten da faborito izanik ez dagoela ezer hemen". Urtetik urtera pilotari gehiago ateratzen dira gaineratu du: "Erikek aurten partida garrantzitsu bat irabazi du eta sekulako konfiantza hartu duen moduan, pilotari asko ikusten ditut pauso hori ematen badute benetan arriskutsu izateko aukera dutela. Oso maila altua dago eta hemen irabaztea asko kostatzen da".

Erlazionatuak

Txapeldun handi baten garaipena

Josu Artutxa Dorronsoro 2020 abe 27 Amezketa   Lizartza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!