Erik Jaka hasieratik izan da garbia bere adierazpenetan: "Buruz burukoan ni gehiago izan nintzen, eta lau eta erdikoan Jokin gehiago izan da. Partida bere aldetik oso ona izan da eta nire aldetik ez hain ona, eta meritu guztiarekin irabazi dit". Lizartzarraren lehen inpresioa izan da erabaki garrantzitsuetan ez duela asmatu: "Aurrera egin behar zen pilota batzuetan atzera egin dut, eta atzera egin behar zenetan, berriz, aurrera. Eta tanto askotan gertatu da, bera dominatzaile eta ni joko horri ezin buelta emanda. Berak nik baino partida hobeagoa egin du, eta berari zoriontzea besterik ez da geratzen".
Bere lana egiterakoan ez zela asmatzen ari ikusi du lizartzarrak: "Horren arrazoi handi bat da bera asmatzen ari zela. Hasieran errestatzen ez naiz ondo aritu, pilota eskuan sartzea kosta egiten zitzaidan, ez nuen altura hartzen eta berari eskura uzten nion. Horrelako xehetasun txikiekin asko izaten duzu galduta edo irabazita. Gaur, nire kasuan, xehetasun horietan ez dut asmatu eta berak bai". Bere jokoarekin ez da eroso geratu Jaka, eta pena hori du: "Final-laurdenetan ere antzekoa gertatu zitzaidan Peioren aurka, ez nuela ondo ulertu nola jokatu edota ez nuela asmatu, eta gaurko sentsazioak antzekoak dira".
Aurtengo bere urteari begirada botatzean, "koadroko edozein pilotarik sinatuko lukeena" izan dela azaldu du lizartzarrak. "Bai nik egin dudana eta baita Jokinek egin duena. Binakakoan finalerdietan, buruz buru txapeldun eta lau eta erdian txapeldunorde izan niaz. Ez da erraza final batera iristea, bitara iristea oraindik gutxiago. Une honetan izorratuta nago, burumakur nago, baina perspektibarekin hartzen saiatuko naiz, urte osoari behar bezalako balorea ematen. Nik uste dut dudarik gabe oso urte ona dela, eta errepikatzea sinatuko nuke".