Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo 13 eta 40 urte bitarteko herritarrei PCR probak egin eta egin jarraitzen dute, Osakidetzako langileek, Behar Zana frontoian. "Adin-tarte horretako herritarren artean intzidentzia tasa handiagoa delako ari gara egiten. Positibo ateratzen diren asintomatikoak atzematea da helburua, horiek lehenbailehen isolatzeko", adierazi du Arantxa Urruzola medikuak.
Urruzola bera ari da koordinatzaile lanak egiten baheketa honetan. Guztira, 1.100 PCR probatik gora egingo dituztela baieztatu du. "Atzo 663 proba egin genituen, eta gaur, 490 herritarrek dute hitzordua hartuta. Badira, tarteka, hitzordua hartu gabe datozen herritarrak, eta horiei ere PCR proba egiteko aukera ematen diegu".
Oro har, proba egitera deitutako herritarren %40ak parte hartu du Euskal Herriko herri ezberdinetan egin diren baheketetan. "Atzo eta gaur artean, herritarren %36ak zuen hitzordua eskatuta. Gaur ere eskatzen ari direla kontuan izanda, hemen ere portzentai hori gainditzea aurreikusten dugu", nabarmendu du. "Oraingoz, aurreikuspenak betetzen ari gara, eta herritarrak oso ondo ari dira erantzuten".
Hala ere, badira PCR probak egitera bertaratu nahi izaten ez duten herritarrak. "Borondatezkoa da, eta beraz, guk ezin ditugu herritarrak proba egitera derrigortu. Batzuek ez dute egin nahi, ondo sentitzen direla diotelako. Sintomarik ez dutenez, eta inguruan kasurik egokitu ez zaienez, ez dute beharrik ikusten", azaldu du Urruzolak.
Behin baheketa amaituta, 14:00ak aldera, adierazpenak egingo dituzte frontoian bertan, Beatriz Unzue eta Iker Urruzola Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo alkateek, balorazio orokor bat egiteko.