Koronabirusa

"Parte-hartzea %41ekoa izan da"

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko azaroaren 14a

Beatriz Unzue eta Iker Urruzola Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo alkateek eskaera bat egin die Osakidetzari: Baheketa egiteko adin-tartea 13 urtetatik 40ra bitarte mugatu ordez, herritar guztientzako deialdi orokor bat egitea.

Unzuek eman du lehen datu nagusia: %41eko parte-hartzea izan du atzo eta gaur Amasa-Villabonako Behar Zana frontoian gauzatu den baheketak. Ondoren, esker mezua izan du parte-hartzaile guztientzat. "Eskerrak eman nahi dizkiegu, bihotz-bihotzez, parte hartu duten herritar guztiei, PCR proba egitera euren borondate guztiarekin etortzeagatik. Garrantzi handia du, une honetako bi herrietako argazki orokor bat izateko, eta aurrerantzean zein urrats eman behar ditugun jakiteko".

Bestetik, Urruzolak, argazki erreala izateko, proba hauek herritar gehiagori egiteak duen garrantzia nabarmendu du. "Baheketa honek, baina, errealitate bat soilik erakutsiko digu, eta guk errealitate osoa jakin nahi dugu, bi herrietan zer dugun jakiteko. Hori dela eta, eskaera luzatu nahi diogu Osakidetzari, adin-tartea 13tik 40ra bitarte izan ordez, herritar guztiei zabaltzea. Horrek, benetako errealitatea zein den erakutsiko digu".

Datozen egunetan jakingo da zein den emaitza erreala, eta horrek erakutsiko du zeintzuk izan beharko duten, Osakidetzarekin eta Osasun Sailarekin elkarlanean, hartu beharreko neurriak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!