XVII. Sentsibilizazio Astea antolatu du Gainditzen elkarteak

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urriaren 21a

Egoerara egokitutako egitaraua osatu du Gorren komunitateak, pertsona gorrei gune bat eskaini, komunikazio hesiak hautsi eta zeinu hizkuntza bultzatzeko. 

Gorren komunitatearen mugak eta haien errealitatea gizarteratzeko eta ezagutzera eramateko lan egiten du Gainditzen Tolosaldeko eta Goierriko pertsona gorren elkarteak. Beste urte batez, mugak eta oztopoak gainditzea eta sentsibilizazioa sustatzea helburu izanik,  XVII. Sentsibilizazio Astea antolatu dute elkarteko ordezkariek. 

Asteartean egin zuten ekimenaren aurkezpena Tolosako Udaletxeko pleno aretoan. Bertan izan ziren elkarteko ordezkariak, Olatz Peon Tolosako alkatearekin batera. «Pertsonen integrazioan urratsak egiten jarraitu behar dugu, are gehiago egungo testuinguruan, musukoen erabilerak komunikazio oztopoak eta komunitate honek dituen beharrak areagotu baititu, eta horiek bistaraztea eta herritarrak sentsibilizatzea ezinbestekoa da», adierazi zuen alkateak.

COVID-19aren pandemiak eragindako osasun egoerara moldatu behar izan dituzte aurtengo ekintzak. Hori dela eta, eskaintza mugatuagoa izango da. Larunbat honetan izango da lehen jarduera: COVID-19 eta osasuna hitzaldia. Bestetik, Zeinu Hizkuntzako Filmen XI. Nazioarteko Jaialdia ospatuko da azaroaren 14an. Egun berean, arratsaldez, hitzaldia eskainiko du Santiago Erigola ikertzaileak.

Gorren komunitatea osatzen duten pertsonei errekonozimendurako espazio bat eskaintzea eta aukera berriak sustatzea da aurtengo edizioaren helburuetako bat. Horrez gain, entzuten duten pertsonak gorren komunitatera gerturatzea ere lortu nahi da, gorrek egunerokoan dituzten komunikazio arazoei irtenbidea eman eta zeinu hizkuntza bultzatzeko.

TOLOSAKO XVII. SENTSIBILIZAZIO ASTEA

Urriak 24, larunbata
18:00. COVID-19 eta osasuna hitzaldia, kultur etxean. Edukiera mugatua: 60 pertsona. Aurrez eman behar da izena gainditzent-g@hotmail.com helbidera mezua bidaliz.

Azaroak 14, larunbata
11:00. Zeinu Hizkuntzako Filmen XI. Nazioarteko Jaialdia, Leidorren. 18:00etan, Santiago Frigola Kataluniako zeinu hizkuntzako ikertzailearen hitzaldia, kultur etxean. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!