Zerbitzuen berri emateko bi bideo, zeinu hizkuntzan

Ataria 2020ko urr. 21a, 13:35

Gizarte Zerbitzuen Gidari eta Zeinu Hizkuntza Interpretazio Zerbitzuari buruzko bi bideo informatibo argitaratu berri ditu Tolosako Udalak.

Komunikazio irisgarritasunaren garrantziaz jabetuta eta udalaren eta herritarren arteko komunikazioa hobetze aldera, udalak 2019an sinatutako lankidetza hitzarmena berritu du Eskuaire eta Gainditzen elkarteekin. Horrela, udalaren zerbitzu eta komunikazioak gorren komunitatearengana gerturatzeko urratsak ematen ari dira elkarrekin. 

Herritarren ongizatea bermatu eta hobetzeko urratsak ematea da udalaren lehentasunetako bat. Horregatik, tolosar guztien informaziorako eskubidea bermatzeko, Zeinu Hizkuntza Interpretazio Zerbitzua indartu dute. Entzumenaren funtzio-aniztasuna duten pertsonen eskubideen alde egitea eta herritarrak sentsibilizatzea da helburua. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019an egindako desgaitasun balorazioen datuen arabera, entzumenari dagokionez, 194 tolosarrek dute funtzio-aniztasuna. «Zerbitzu berriarekin, Tolosako herritarren aukera eta eskubide berdintasuna bermatuko da, eta udala eta herria guztientzat irisgarriagoa izango da», adierazten dute udaletik.

Hitzarmenari esker, ekintza publiko jakinetan, udaletxean izapideak egiterakoan edo sailekin harremanetan jartzerakoan zein antolatzen diren jardueretan, zeinu hizkuntzako interpretea eskatu ahal izango dute herritarrek. Gainera, abuztuan aurreratu zuenez, udal langileei, irakasleei, dendariei nahiz tabernariei zeinu hizkuntzaren oinarrizko formazio saioak eskaintzeko asmoa zuen udalak.

Bestetik, duela aste batzuk, Gizarte Zerbitzuen Gidari eta Zeinu Hizkuntza Interpretazio Zerbitzuari buruzko bi bideo informatibo argitaratu zituen udalak, zeinu hizkuntzan. «Udal zerbitzuak herritar guztiengana zabaltzen jarraitzeko aurrerapauso bat da», nabarmentzen dute. Bi bideo horiek eskuragarri daude www.tolosa.eus webgunean.
Aurrerantzean, baina udal zerbitzu gehiagori buruzko informazioa zeinu hizkuntzan argitaratzea da asmoa. «Herritar guztien informazio eta berdintasun eskubideak bermatzea eta entzumenaren funtzio-aniztasuna duten pertsonei komunitatean parte hartzeko dituzten aukerak areagotzea da helburua; baita zerbitzuak entzumen arazoak dituzten pertsonen behar eta gaitasunetara egokitzea ere»,

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!