Ataria Irratia 'online' entzungo da momentuz

Ataria 2020ko urriaren 19a

Urkizuko antenako arazo teknikoak tarteko, FM-n ezin da seinalea zabaldu; 'ataria.eus' webgunean entzun ahalko da.

Ataria Irratia FM seinalerik gabe dago une honetan. Beraz, online bakarrik entzun daiteke ataria.eus/irratia/zuzenekoa helbidean. Irratiak Urkizun duen antenan arazo teknikoak daude, zehazki, argindarrarekin. Tolosako Udalarekin harremanetan burutzen ari diren konponketa lanek aurrera jarraitzen dute, baina, oraingoz ez dago irtenbiderik. Ondorioz, 107.6 FM seinalerik ez dago eskualdean, hau da, ez dago Ataria Irratirik irratian.

Hala eta guztiz ere, online entzuteko aukerak bere horretan jarraitzen du, ataria.eus webgunean sartuta. Horrela jarraituko du gainera, Urkizuko argindar arazoak konpondu arte.

PROGRAMAZIO BERRIA

Denboraldi berrirako programazioak ez du etenik, nahiz eta arazo teknikoak izan. Goizean Pasahitza magazinak eguneko aktualitatea errepasatzen du, protagonisten lekukotzarekin. Zuzeneko konexioetan oinarritzen den saioaren ondoren, musikaren txanda iristen da. Arratsaldean saio bereziak eta Zebrabidea, eta 20:00etatik aurrera, berrikuntzen tartea zabaltzen da. Herritarrek euren saioa egiteko aukera dute, eta jadanik Lokatzetan, Musikasi edo Eleak eta Beleak bezalako saioak martxan dira. Umorea, musika klasikoa eta antzerkia jorratzen dituzten saio horiei, aurreko denboralditik datozen (H)ari Naizela, Maillu eta Akullu edo Kantazgora gehitu behar zaizkie.

20:00etatik aurrerako saio libreetan parte hartu nahi duenak oraindik aukera dauka. Horretarako ATARIA-rekin harremanetan jartzea nahikoa du, 943 65 56 95 telefono zenbakira deituz edo ataria@ataria.eus-era idatziz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!