Ahoa bete-bete eginda esan ohi da emakumeek baserrian lan asko egiten dutela, beraiek gabe zaila izango litzatekeela baserria aurrera ateratzea, beraiek direla baserriaren kudeaketa zuzena egiten dutenak... Baina guzti horren aurrean, eta XXI. mendean egonagatik ere, emakume baserritarren lana ez da aitortua eta baloratua den lana.
Gehienetan, gizonaren pean agertzen da emakume baserritarra. Inon ez da ageri emakumearen izena, eta gizartearen aurrean ez du lanik egiten. Ez du kotizatzen bere bizitzan lan egindako ordu eta urteengatik. Lehen sektoreak egoera kaskarra bizi badu, emakume baserritarraren egoera are eta kaskarragoa da.
Horren aurrean sortu zuten Gipuzkoako Emakume Baserritarren elkartea, EBEL, 1991. urtean. Egun 230 bat kide ditu. Bakardadeak elkartu zituen. Lan baldintzak, errentagarritasuna, segurtasuna eta formazioa nahi eta behar dituztela aldarrikatzen jarraitzen dute. Teknikoei emakume baserritarrekin lan egiteko deia luzatzen diete: «Teknikook teoria jakin dezakegu, baina ez praktika», dio Maider Aramendi EBEL-eko koordinatzaileak. «Asko irakasten dute emakume baserritarrek, eta sarri-sarri protagonistekin elkartu beharko ginateke».
Koronabirusa etorri behar izan du, gizartearen zati batek lehen sektoreak egiten duen lana balioan jartzeko. «Tamalez, moda guztien moduan hau ere pasatu da», azpimarratzen du. «Ahoz bai, teorian bai, baina praktikan ez gaude prest gure xoxak herrian uzteko». Pasa da, baina arrastoa utzi du herrietan. «Utzi du bide bat, jende bat herrietan eta horrek poza eman digu». Beste aldean kokatu ditu politikoen erabakiak: «Ez du balio izan arduradun politikoekin eseri eta gauzak bideratzeko. Politikoen aldetik bakoitzak bere astoari egin dio so». Herrietan jarri du azpimarra, eta bide on asko jorratu direla, eta herri askotan lan ona egin dela dio. «Zaintza tarteko, dinamika on asko jarri dira martxan, eta izan dutena baino oihartzun handiagoa izan beharko lukete».
Aramendiren ustez, «benetako politikak egin eta benetako neurriak hartzen hasten baldin bagara, nik uste dut bestelako gizarte bat eraikitzeko ahalmena badugula, baina batetik utzi egin behar digute eta bestetik sinistu egin behar dugu». Sineste horretan lan handia daukagu egiteko, Aramendiren ustetan: «Sinistuta eta elkartuta indar handia egin dezakegu, eta COVID-19ak hori erakutsi du, eta ekimen oso politak atera dira. Sektoreak biziberritze bat eduki du».
Emakume gazteak animatzeko deia
Baserri asko eta askotan erreleboa falta izan da baserriak bizirik irauteko. Baserriak hiltzen ari dira. Aramendik «poliki-poliki, eta oso poliki» emakume baserritarrak agertzen ari direla dio. «Nekeza da, eta oso zaila da, baina ikusten da emakume baserritarren nahia badagoela. Poza ematen du», argitu du. Nekazaritza eskoletan 18-19 urteko neska gazteak ari direla ikasketak egiten azpimarratu du, eta «hori da behar duguna».
Ainhoa Otañok orain eman du baserritik bizitzeko pausoa. Abaltzisketako Ipintza Barrena baserrian ukuilua handitzeko lanekin ari da. Laguntzen aldetik behar beste ez dagoela azpimarratu du, baina bere moduko bati animatzeko esango lioke: «Ez dezala bi aldiz pentsatu. Bizitza kalitatea askoz ere hobea da, eta badago aukera».
Aramendik zalantzan dagoenari «etortzeko» esan dio, «entzun eta ikasi emakume baserritar helduagoetatik». Posible delakoan da, eta aurrera begirako proiektua egiteko: «Laguntza eskatzeko esango nieke, eta elkartuta, nahi duen hori egia bilakatu dadin».