«Guk tente jarraitzeko jendeak bertako elikagaiak eta garaiko produktua erostea behar dugu»

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko urr. 18a, 07:58
Ainhoa Otaño ibartarra haragitarako behiekin hasi da lanean Abaltzisketa Ipintza Barrenan. E. MAIZ

Ainhoa Otaño ibartarra Abaltzisketako Ipintza Barrena baserrian bizi da familiarekin. Okindegiko lana utzi, eta baserritik bizitzeko hautua egin du, haragitarako behiak jarriz.

Baserritik bizitzeko hautua egin duzu. Zein proiektu duzu esku artean?

Ukuilua daukat, eta haragitarako behiak ditut Pirenaika arrazakoak. Txekorrak gizentzen ditut.

Zerotik hasten duzun proiektua da, edota bazenuten zerbait dagoeneko baserrian?

Bai, zerbait bazegoen. Ni Ipintza Barrena baserrira ezkondu nintzen, eta amaginarrebak esnetarako behiak zituen. Horiek kendu eta haragitarako behiak jarri genituen. Eta orain horri heltzea erabaki dugu.

Nolatan eman duzu pauso hau?

Ama naiz, eta okindegi bat nuen. Amatasuna eta okindegia lotzea oso zaila egiten zitzaidan.

Noiz hasi zinen, ordea, ideia honi bueltak ematen?

Pare bat urte izango dira. Berotzen nintzen, eta gero hoztu egiten nintzen. Okindegia nuen, eta ez nuen utzi nahi, baina beste aldetik oso lotua sentitzen nintzen. Pare bat urte bueltaka, eta heldu-heldu martxoan heldu nion. Pandemia hasi zen garaian.

Hor berotu zinen.

Bai. Okindegiko kontratua ere bukatu egiten zitzaidan, eta neure buruari esan nion: «Edo orain da aukera, edo beste pixka batean egon beharra daukat». Okindegia utzi eta baserriari heltzea erabaki genuen.

Behin erabakia hartuta, zer egin behar izan duzu?

Ukuilua bagenuen, baina nik jarri nahi izan dudan kopururako handiagoa izatea eskatzen zuen. Gaztenek proiektuan sartu nintzen, eta proiektu bat aurkeztu behar izan nuen. Gaur egun beste pabiloi handi bat bukatzen ari gara.

Orduan, laguntzaren bat jaso duzu.

Bai, Gaztenek proiektuan sartzean beraiek proiektua aurrera eramateko laguntza ematen dizute, eta bai laguntza jaso dut.

Bazenuen Gaztenek proiektuaren berri?

Amezketan badira beste bi-hiru neska sartuta daudenak, eta entzuna ere banuen. Haiei ere galdetu nien, eta informazioa lortuta sartzea erabaki nuen.

Urte batzuk atzera egin eta inoiz imajinatuko zenuen zeure burua horrelako zerbait egiten?

Ez. Orain dela urte batzuk esan izan balidate, ez, ez nuen pentsatzen. Bizitza honek buelta asko ematen ditu, eta amatasunarekin zerbait ezberdina nahi nuen. Etxean bagenuen, aitona-amonak ere adinean aurrera doazela ikusten genuen, eta pixka bat guztiari begiratu eta horri heltzea erabaki dugu.

Zer esan dizu gertuko jendeak?

Ondo. Gehienek animatu egin naute. Etxekoak-eta guztiak ere baserritarrak izanik, denak gustura.

Obran ari zara. Nola aurreikusten duzu martxan jartzea?

Udan mendian edukitzen dugu ganadua, baina dagoeneko sartu dugu barruan, eta ukuilu zaharra beteta daukagu. Berria ere ia bukatzear da. Urri amaierarako aurreikusten dugu amaitzea. Hor txekorrak sartuko ditut, eta biak beteta izango nituzke.

Behin behiak jarrita, irudikatzen duzu zure egunerokoa nolakoa izango den?

Irudikatzen dut. Badakit pixka bat martxa nolakoa izango den, orain arte izan dugulako. Guztia beteta irudikatzen dut, eta gustura. Oso ezberdina izango da lehen egiten ari nintzenetik honakoa, baina irudikatuta daukat egunerokoa nolakoa izango den.

Haragitarako behiak dira zureak. Esne behiekin alderatuta lana arinagoa izango dela esan daiteke?

Bai, askoz ere arinagoa da. Esne behiak bere orduak betetzea eskatzen du goizean eta gauean. Askoz ere lotuagoa da. Haragitarakoekin ere goizean eta gauean egin behar dituzu, baina ez da ordutegi baten barruan sartuta. Goizean ordu pare bateko lana izango dut, eta baita gauean ere. Egunean zehar beti izango da zer egina, baina askoz ere arinagoa da.

Txekorrak gizentzean, saldu egin behar.

Lotuta daukat guztia. Guk gizendutako txekorrak Urkaikora joango dira. Txekorrak gizentzean beraiei deitzen diegu, eta beraiek etorriko dira. Alde horretatik Urkaikorekin errazagoa da. Harakin bat bilatu, eta hari saltzea zailagoa da. Ez da hain erraza. Anaiak horrela egiten du, eta bera ikusten dut. Udan gutxiago saltzen da, eta txekorrak saltzea zailagoa da. Gero handiegi egin dela, eta harakinarekin tira-biran. Alde horretatik, ni lasaiago.

Uste duzu gizarteak baloratzen duela baserritarrok egiten duzuen lana?

Nik uste dut zerbait baloratzen dela, baino gehiago baloratu beharko litzateke. Egia da pandemia garaian pixka bat baloratu zela, baina berriro ere lehengokora itzuli gara. Jendeak ez dauka hemengo produktuak erosteko hainbesteko ohitura. Alde horretatik uste dut gauza asko dagoela egiteko.

Lehen sektorea bazterrean sentitzen duzu?

Pixka bat bai. Batzuk baloratzen dugu egiten den lana, baina gizarteak esango nuke ez duela asko baloratzen. Alde horretatik bai ikusten da baztertuta dagoela.

Instituzioetatik nahikoa egiten dela uste duzu?

Ez. Nik jaso dudan laguntza hori oso ondo dator, proiektu bat duzunean, horri hasiera emateko, baina nik uste dut hor ere oraindik asko falta dela. Gehiago lagundu behar litzaiguke lehen sektorea izanik. Bertakoa eta elikadura ona egin eta saltzen ahalegintzen gara, eta ez digute behar adina baloratzen eta laguntzen. Exijitu gehiago egiten digute, lagundu baino.

Beharrezkoa da bertakoa eta garaian garaikoa erosi eta jatea.

Guk hori behar dugu. Bertakoa den Km 0 jendeak erostea eta baloratzea, eta garaian garaikoa izatea. Guk tente jarraitzeko bertako jendeak bertako elikagaiak eta garaiko produktua erostea behar dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!