Hasteko zer da EBEL, eta zergatik eta zertarako sortu zen?
1991. urtean sortu zen EHNE sindikatuaren barruan. Sindikatuaren barruan lanean zebiltzan emakume batzuen borondatez sortu zen, eta batez ere nahi batzuk edo behar batzuk ikusi zituztelako. Sektorearen barruko sektoreetan, bakoitzak bere lanean, behar batzuk ikusi, mahai gainean jarri, eta elkartzen hasi ziren. Gero, elkarte itxura eman zitzaion.
Emakume baserritarraren lana ezkutuan egon den lana izan da.
Egon den eta dagoen lana da. Bai garai hartan, eta baita gaur egun ere. Emakume baserritarrek bizi zuten egoerak aldarrikapen batzuk edo behar batzuk mahai gainean jartzea eskatzen zuen. Sektorean bertan, eta baita gizartean ere, eta instituzio eta gobernuetako mahai ezberdinetan. 1991n, batez ere, emakume bakoitzak bere lanean bakardade, ikusezin, autoestimua eta errekonozimendu falta,... sentitzen zuen. Hori dena kontuan hartuta, ardiekin, behiekin, baratzean, basoan... behar guzti horiek antzematen zituen. Horri erantzunez sortu zen elkartea, eta hori lantzen etorri da gaur arteraino. Horrek ez du esan nahi 91tik aldatu ez denik. Egoera noski aldatu dela, baina aldaketa horiek dira moldatu, bizkortu edo lehenetsi behar ditugunak.
Urte guzti horietan lortu da aldaketak ematea?
Bai. Asko gainera, eta pozik gaude. Ni 2001az geroztik nago elkartean lanean, eta batez ere ikasten. Ni ez naiz emakume baserritarra, eta batez ere bizitzaz ikasten ari naiz emakume baserritarrekin. Landa eremuko biztanlea izanagatik ez naiz baserritik bizi, gustatuko litzaidakeen arren. Asko ikasi dut, asko eman didate eta asko ematen didate. Aldatu da? Bai. Asko. Beharrak erakutsi die astintzen bai beraien ipurdia eta baita ingurukoena ere. Nahiz eta aldaketa horiek oso poliki izan, berandu etorri kasu batzuetan, eta berandu eta poliki etortzeaz aparte, beti nekazaritza politika ankerren menpe egon den sistema kapitalista patriarkal honen menpe egon da. Ez gara hortik at dagoen zerbait. Gizartearen parte gara, eta horrek ere asko eragiten du aldaketak ematerakoan edo nola emateko garaian.
Urte asko dira, baina non jarri du indarra urte hauetan guztietan EBEL-ek?
Emakumeak baserrian norberak bere lekua aurkitzetik hasi, eta bai autoestimua, bai formazioa,... hartu-eman horiek ondo erabiltzean, eta beste aldetik, ikusezin izatetik, lan munduan ikusten den eragile langile bihurtzera. Horretan oinarritzen gara, eta horretan aldaketa dezente eman dira. 2017an jada nazkatuta, ez instituzioetatik, ez diputaziotik ezta Eusko Jaurlaritzatik ere ez ziren prest agertzen Euskal Herriko emakume baserritarren egoeran azterketa sakon bat egiteko. Aldundiaren diru laguntza bat baliatuz EBEL elkartea Gipuzkoako emakume baserritarren egoeraren diagnostiko txukun bat egiten saiatu zen. Mila baserrietara iritsi ginen, eta diagnostiko horrek erakutsi zigun orain dela hogei urte bezala gaudela, hainbat eta hainbat lan esparrutan. Horrek alarma piztu zigun, eta alarma piztekoa da. Instituzio guztietan, eta batez ere, nekazaritza politikak egiten dituztenen artean. Sektorea bizirik mantendu nahi baldin badugu ezinbestean emakumea bertan ageriko eta eskubide guztiekin mantendu behar da.
Nola egiten da hori?
Ez gara ari emakumeari diruz lagundu behar zaionik esaten. Emakumeari lagundu behar zaio neurri positiboak eta diskriminazio positiboak eginez. Eta hori egin dezakete. Nekazaritza politikak aldatu behar direla gertatzen da, eta hori oso ankerra da. Oso-oso handia da, baina gure egitekoa horretara mugatzen da. Elefanteak pauso bat gehiago eman behar du aurrera, eta zalantzan jarri behar dugu sistema. Oker dabilela bai sektore honetan, eta baita orokorrean ere, baina batez ere sektore honetako gizon-emakumeekin. Batez ere emakumeekin. Nekazaritza politika horiek aldatzeko modua mahai gainean eztabaidatzeko jarri, eta amorrua ematen diguna da, gai ez izateak.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Azken urte hauetan asko entzuten da emakume baserritarren estatutuari buruz. Estatutu hau 2007an hasi genuen Eusko Jaurlaritzan momentu hartan zeuden arduradun batzuekin, eta egia da borondate ona jarri zela, baina teknikoen mahai bat zen. Ez zen bukatu, ez zitzaion bukaera on bat eman. Gero beste batzuk etorri ziren gobernura, eta hartu eta ezer jakin gabe onartu egin zuten. Eta esaten dut ezer jakin gabe, zeren ez dakite. Lege bat ez da onartzen jakin gabe lege horrek zer behartzen duen edo zertan eragiten duen, eta gaur da eguna, oraindik ere, ez dakitena.
Zein egoeratan dago gaur egun estatutu hori?
Momentu honetan teknikoki aplikatu nahian dago, bakarrik baserritarrak behartuz. Gobernu edo sindikatuetako gobernu elkarteetan %40ak emakumea behar du izan. Inposatuz lege batzuk, erraztu gabe bidea. Jakin gabe zein egoeratan dauden emakumeak. Hori emakumeari sortu egin behar zaio, formatu. Emakumeak momentu honetan ez dauka elkarte batean egoteko beharra lehentasunen artean. Emakumeak bere lana ahalik eta agerikoena izatea nahi du, eta ahalik eta errentagarriena izatea nahi du.
Nola lortzen da hori?
Lagundu dezakete. Gizarte segurantzan kotizazioan lagunduz, prestazioak hobetuz, presio fiskala jaitsiz, errentagarritasuna bilatuz ekoizten diren elikagaietan. Azken finean elikagaiak ekoizten direnean salmentarako dira. Etxeetara iristeko egiten da, eta hori erraztu behar da. Aho eta ikusmena betetzen zaigu iragarkietan Km 0arekin. Km 0 egiten da bakoitza bere herrian, bere etxean, eta hori lagundu egin behar da. Zergatik ez da laguntzen hori? Iristen direnak laguntzen dira, eta horra iristen ez direnak hor konpon. Egindako diagnostikoan hamar emakume baserritarretatik bakarra da gizartearen aurrean eskubide osoz langile. Hori oso larria da. Emakumeen %80ak ez du kotizatzen. Izugarrikeria bat da.
Datu esanguratsua...
Benetan nahi baldin badugu sektoreak bizirautea eta benetan emakumeen berdintasuna sektorean bermatzea, eta nahi baldin badugu Km 0,... benetan goazen nekazaritza politika txukun bat planteatzera. Eta hori posible da. Gobernuan eta instituzio ezberdinetan dauden arduradun horiek badakite.
Zer falta da, beraz?
Borondatea behar du. Borondate politikoa. Erabiltzen duten diru kopurua erabili behar denean erabiltzea falta da. Ez dago, eta ez dagoen momentutik, urriaren 15a [Landa-eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna] moduko egun zoragarriekin margotzen saiatzen dira mundua. Hori ez da emakume baserritarren eguna. Emakume baserritarrok betidanik esan dugu bi egun ditugula: maiatzaren 15a [San Isidro, baserritar eta nekazarien eguna] eta martxoaren 8a [Emakumeen Nazioarteko Eguna]. Ez dugu egun baten beharrik. Txalotzeko zer? Zein gaizki gauden? Benetan oso tristea da ikusi nahi ezarekin aurkitzea. Eta online bidez saioak antolatzea, non ez den landuko emakume baserritarrak kezkatzen dituena. Segurtasuna baserrian, errentagarritasuna baserrian, forma juridikoak, ikusaraztea, ahalduntzea, laguntzea, titular den hori eskubide osoko titular eta langile izatea. Ez gara ari diru laguntzak gehitzeaz, baizik eta erabiltzen den diru hori nekazaritza politikak egiteko benetan ondo erabiltzeaz. Eta hori posible da. Udaletxe hainbatek hartu dute beregain, eta bere gain hartu duten udaletxe horietako egoera hobea da, nahiz eta, orokortasunean, kaskarra izan. Gure aldarrikapenak aldatu dira, baina iparrak berbera izaten jarraitzen du.
Badago zer egina, beraz, oraindik.
Benetan borondatea eta nahia egonez gero, emakume baserritarren lanaren errekonozimendua eta ikusgaitasuna benetako izateko, goazen arautzera, baina estatutu txukun batzuekin dena. Ez dadila bakarrik jaso betebeharra, baizik eta, eskubideak ere bai. Eta instituzioen eta administrazioaren egin beharrak ere bai.
Ez da emakume baserritarren ahotsik entzuten?
Ez da entzuten, ez zaiolako benetan galdetzen. Arduradunak ez dira kezkatzen benetan emakume baserritar horren lehentasunak zeintzuk diren jakiten. Nik tekniko izanda, zerbait koordinatu edo antolatu nahi badut, lehenengo ezagutu egin beharko dut eremu hori. Hori da falta dena. Hortik abiatu, eta prest gaude eta irekita gaude. Mahai guztietan gaude. Estatutuen mahaian ere bagaude, eta mila aldiz esan dugu, ez dugula onartu behar, non guri betebeharrak baino ez zaizkigun jartzen. Legezko eta loteslea den estatutu bat behar dugu. Administrazioak zer egin handia dauka, eta instituzioetan izugarrizko lana dute. Politikoek, bene-benetan, zintzo izanda, zerbait lortu nahi badute badakite nondik nora jo behar duten. Gertatzen dena da beraien lehentasunak beste nonbait jartzen dituztela. Sistema kapitalista patriarkatuari egur gehiago botatzen diote. Tristea da, baina hori horrela da. Kontrakoa dioenak, ikusi nahi ez duelako da. Ematen du itxita gaudela, baina ez gaude itxita. Nik uste dut batasuna lortzen ari garela, gure artean eta baita beste herrialdeetako emakumeekin ere. Poliki-poliki bakoitza bere ñabardurak eta koloreak jarriz, nik uste dut bagoazela batasun batera. Gaur ez bada, bihar lortuko dugu jake mate hori egitea. Baina benetan egitea beharrezkoa da, bai emakumeen aldetik eta baita gizonezkoen aldetik ere; orokorrean, sektore honek egitea behar du.
Estatutu hori duzue lehentasunezko?
Estatutua lehentasunetako bat bada, eta gaur egun ez da, eta pena ematen digu. Hamahiru urte daramatzagu. Gutxitan elkartzen da mahaia, eta elkartzen den aldi gutxitan hor gaude. Baina dena esango dizut, dozena bat lagun elkartzen bagara, bi baino ez dira emakume baserritarrak. Ez da lurrera eta sektorera lotzen. Hori birbideratu nahiko genuke.
Emakume baserritarrak ere kontuan hartzea behar du.
Emakume baserritarrak benetan behar duena da bere lanak erraztea. Presio fiskal hori jaistea baserrietan emakumeak bere lekua izan dezan. Eta errentagarritasuna bilatzeko ez izatea horrenbeste arau eta behar betearaztea. Langile oso izateko eskubide batzuen gozamena behar du, eta aldarrikapen hori egiten dugu errazte aldera. Autonomo berezi horietan kotizazioak eta prestazioak aldatzea, eta ez dit balio hori gizarte segurantzaren kontua dela esateak, eta pilota bata bestearengana botatzeak. Hemen borondate politikoa baldin badago, posible da aldatzea. Ekonomiaren %2a produzituko dugu, baina herri honek eta Euskal Herriak daukan aberastasun garrantzitsuenetako bat sektorea da. Bertan dago herri honek behar duen oxigenoa, eta behar duen elikagaia.
Berdintasuna urruti dago?
Ez da berdina kaleko eta baserriko emakume bat. Ez da gutxiago eta ez da gehiago, baina ez da berdina. Orduan, ezin dugu berdin tratatu. Lege ezberdinak behar ditugu, eta nekazaritza politikak barneratu behar ditu. Kaleko emakume baten berdintasuna edota baserritar emakume baten berdintasuna oso ezberdina da. Gaur egun, nahiz eta lan egin, emakume baserritarren %80ak ez du kotizatzen.
Gizonezko baten azpian ezkutatuta dago emakume baserritarra.
Betidanik gertatu dena da. Elizak, politika, industrializazioak... kalte handia egin zuen gure rolak zeintzuk ziren zehaztuz. Hori, baserrian oraindik ere neurri txiki batean mantentzen da. Kulturalki horrela izan da, eta horrela izaten jarraitzen du. Eta zorionez emakume baserritar gazteak badatoz. Nekez eta lan askorekin, eta horiei erraztu egin behar zaie bidea.