Elkarrizketa

«Lanerako moduak erabat aldatu arren, ondo eta azkar moldatu dira enpresak»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urr. 14a, 07:59

Hilaren 19tik 23ra, era guztietako enpresei zuzendutako doako hamar ikastaro izango dira, 'online' nahiz presentzialki; izena aurrez ematea eskatzen dute antolatzaileek.

Egungo testuingurua kontuan izanik, IKT Astearen 12. edizioa oso berezia izatea aurreikusten dute antolatzaileek. Aimar Arzelus (1987, Donostia) Tolosaldea Garatzeneko enpresa saileko arduradunaren esanetan, koronabirusak enpresetan izandako eragina aztertu eta utzitako ondorioak leuntzen saiatuko dira formazio-saioetan.

Zein helburu izango du aurtengo IKT Asteak?

Edozein enpresari gaur egun dauden tresnen desberdintasunak eta enpresa bera kudeatzeko modu berriak mahai gainean eta eskuragarri jartzea oso garrantzitsua da, hainbat aspektutan hobetzen laguntzeko, hala nola, merkatu berriak irekitzeko, komunikazioa hobetzeko eta prozesuak automatizatzeko, baita enpresak mehatxu teknologikoetatik babesteko ere. Teknologia arloan enpresak zenbat eta garatuago egon, efizienteagoak izateko eta ongi funtzionatzeko aukera gehiago izango dituzte.

Teknologiaren garapena ere nabaritu da enpresetan ezta?

Dudarik gabe. Duela hamabi urte, oso bestelakoa zen enpresen egoera edo abiapuntua, beste irtenbiderik izan ez dutelako, eta konpetentzien ondoan atzean ez geratzeko. Emaitza aldetik onurak ekartzen dituela ere ikusi da. Gure kasuan, formazio-saioetan tresna digitalen bidez bezeroekiko harremana nola gauzatu jorratuko dugu, modu erraz eta azkarrean aplikatu daitezkeen tresnen bidez.

Zein motatako enpresariak izango dituzue saioetan?

Mota eta tamaina askotako enpresak izan daitezke, baina eskualdeko industria-sarea kontuan izanda, gehienak enpresa txiki eta ertainak izango dira. Sektore aldetik, edozein sektoreko enpresak hurbilduko dira. Gainera, sektoreka eta eguneko gaiaren arabera banatuko dira saioak: goizean, industria arlokoak; eguerdian, komertzio txikiari zuzendutakoak; eta arratsaldean, ostalaritzari eta turismoari begirakoak.

Zein gai jorratuko dira lau sektore horiekin?

Esate baterako, ostalaritza eta turismo sektoreetako enpresariekin QR kodeen erabilera landuko da, egun ezinezkoa baita esku-orriak bezeroekin partekatzea, kutsatze-arriskuak ekiditeko. Sare sozialen kudeaketa eta erabilera ere irakatsiko da, aurrerantzean geroz eta garrantzi handiagoa hartuko duelako. Merkatariek, berriz, internetek eman ditzakeen onurak nola probestu ikasi ahal izango dute.

Eskualdeko enpresen kasuan, nola eragin du COVID-19ak?

Dudarik gabe, enpresen eta bezeroen arteko harremanak mantentzeko modua aldatu da. Enpresek ere ezohiko egoerara egokitzeko beharra aurkitu dute, bere alderdi on eta txarrekin. Hala ere, azken hilabeteetan lan handia egin da. Lanerako moduak erabat aldatu arren, ondo eta azkar moldatu dira enpresak, eta ekoizpenak kalitatezkoa izaten jarraitu du. Hortaz, lan egiteko eredu tradizionala IKT-ek eskainitako aukera berriekin uztartzen jakin behar dugu, emaitzak positiboak direlako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!