Argazki galeria

Murala margotzen, Zumetaren omenez

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 12a, 16:56

Hamabost bat artista aritu dira mural bat margotzen Zarateko lepoan; bitartean, Rukula musika taldeak kontzertua eskaini du, eta 18:00etan Euskal Barrokesenbleren txanda izango da.

Artistak bildu ohi ditu Azken Mugak eta gaur ere ez da artistarik falta izan Zarateko lepoan, Gipuzkoak eta Nafarroak muga egiten duten lekuan. Goizean goizetik, mural zuri handi bat zuten parez pare margolariek, eta hura margotzen aritu dira, harik eta hutsune zuri guztiak koloreek hartu dituzten arte. Gaur ere Josu Luis Zumeta izan dute gogoan, eta hari omenaldia egiteko margotu dute murala. Aurtengo ekimeneko inaugurazio ekitaldian ere omendu zuten Zumeta. Gaurkoan, hamabost bat margolari aritu dira, bakoitza bere eremuan, batzuk txandaka, besteak elkarlanean, murala osatzen.

Eguerdi aldean, musikaren doinuen artean jarraitu dute margolariek haien lanetan. Usurbilgo Rukula musika taldeak eskaini du kontzertua, eta musikak irauten zuen bitartean, parrila piztu, eta pintxo-potea egin dute. Ondoren, bazkaltzen geratu dira Zaraten bertan artistak eta artistak ez direnak. Arratsaldean, 18:00etan, Euskal Barrokesenbleren kontzertuaz gozatzeko aukera izango da.

Atzoko hitzaldia, bertan behera

Atzo egitekoa zen Xabier Kerexetaren hitzaldia bertan behera geratu zen, eta aurrerago egingo dute. Antolatzaileek zehaztuko dute zein egunetan izango den. Oraindik ere, irailaren 26a bitarte, egitarau zabalaz gozatzeko aukera izango da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!