Zumetari omenaldi "intimoa" eginez abiatu dute Azken Muga

Ataria 2020ko irailaren 5a

Bosgarren aldiz Zarateko parajean, Gipuzkoa eta Nafarroako mugan, egingo dute jaialdia. Jende asko gerturatu da inaugurazio ekitaldira.

Juan Luis Zumeta zenak Araiz bailararekin zuen harremana aitzakiatzat hartuta Azken Muga ekimenak gogoan hartu nahi izan du aurten artista usurbildarra. "Omenaldi xume eta intimoa" eskaini nahi izan diote. 30 artista baino gehiagok parte hartu nahi izan dute omenaldian eta irailaren 26ra arte Zaratetxean ikusgai izango den erakusketarako obra bana utzi dute. Zarateko basoan ere zenbait instalazio jarri dituzte. Besteak beste, Ion Iñaki Ormazabal, Nisa Goiburu, Miren Gonzalez eta Ura Iturralde bezalako eskualdeko artistek hartu dute parte ekimen honetan. 

Zaratetxean bertan izan dira erakusketan parte hartu duten artistetako asko eta aurkezpen lanak egin ditu Txitxi Orbegozo tolosarrak, zeinak harreman estua izan baitzuen Zumetarekin. Haren alaba, Usoa, Azken Mugaren irekiera ekitaldian egon da eta aita zenaren obra bat ekarri du beste lanekin batera ikusgai jartzeko. Aurtengo ekitaldiari hasiera emateko Lander Labordek pare bat poema eskaini dizkio Zumetari.

Segidan, Zarateko basora bildu dira ikusleak, Haritz Mujika eta Xabat Illarregi bertsolariak aulki erraldoira igota bota dituzten bertsoak entzutera. Guillermo Olmok performance bat burutu du bertan, Alejandro Martinez txeloan lagun zuela. Iaz txondorra piztu zuten toki berean espirala margotu du karearekin. Segidan, basoaren beste txoko batean Maitane Azpiroz trapezistak ikuskizuna eskaini du Martinezen txeloak jarritako musikaz lagunduta.

Zumetak gustuko zuen bezala, urdaiazpikoa, gazta eta ardoa jarri dituzte mokadu bat jan eta elkarrekin solasean aritzeko. Aurten, apirilean zendu zen artista izan da topagunerako aitzakia Azken Mugan. Hasiera besterik ez da izan, hilabete osorako egitaraua prestatu baitute antolatzaileek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!