Larunbatean emango zaio hasiera Azken Muga jaialdiari

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 3a, 19:59

Aurkeztu berri dute bosgarren aldiz ospatuko den Azken Muga jaialdia. Tolosaldearen eta Nafarroaren artean bere lekua egiten ari da larunbatean hasi eta irailaren amaierara bitarte ospatuko den ekitaldia.

Natura eta artea oinarri hartuta, musika, zinea, dantza, arte plastikoak, herri kirolak eta herri kultura nahasten dituen egitaraua antolatu dute, bosgarrenez, irailaren amaierara bitarte. Hori guztia, Nafarroa eta Gipuzkoaren artean, Zarateko lepoan. Gaur bertan egin dute egitarauaren aurkezpena antolatzaile zein hainbat parte hartzailek, Aranburu Jauregian, eta larunbat honetan ekingo diote lehen ekitaldiekin.

Normalean, hiru hilabete irauten duen egitaraua antolatu ohi dute, baina, aurten, pandemia dela eta, hilabete bakarrera mugatu dute. Antolatzaileak belaunaldi ezberdinekin konektatzen saiatu dira egitaraua antolatzerako orduan: "Artea eta kultura askotarikoa eta erakargarria izan behar du jende guztiarentzat".

Segurtasun neurriak hartzea ezinbesteko ikusi dute, eta ekitaldi nagusietara joateko jendeak izena eman beharko du azkenmugaproiektua@gmail.com helbide elektronikoan.

Zumeta gogoan

Artista askoren sorgunea izan da Araizko bailara, eta besteak beste, urte askoan aritu izan zen bertan Jose Luis Zumeta artista. Aurten, Zumetari tarte bat eskaintzea "ezinbestekoa" zela ikusi dute antolatzaileek, "gogoan" izateko. Hori bai, bere filosofiatik abiatuta izan nahi dute gogoan: "Gauza xume eta intimoak zituen gogoko, eta horrela egin nahi dugu, partaidetza emanez gogoko izan dezaketen artista, lagun eta ezagun guztiei".

Bi egunetan izango da protagonista Zumeta. Batetik, larunbat honetan, jaialdiaren inaugurazio ofizialarekin batera, omenaldia egiteko erakusketa bat zabalduko dute Zaratetxean. 30 artisten lanak bilduko dituzte bertan, eta ikusgai izango da irailaren 26a bitarte. Txitxi Orbegozo artistak Zumetaren hiru ezaugarri gogokoenak zeintzuk ziren azaldu du: "Lagunartea, pintzela eta ardo kopa bat". Horiek guztiak bildu nahi dituzte larunbat honetan, Zarateko lepoan. Eta irailaren 12an, Azken Mugako artistek mural bat pintatuko dutela azaldu du Orbegozok: "Bost artista hasiko gara pintatzen, eta txandaka nahi duen edonork hartu ahalko du parte".

Hori guztia Zumetari dagokionez. Gainerakoan, larunbat honetatik irailaren 26a bitarte, egitarau oparoa osatu dute.

Egitaraua

Irailaren 5etik 26ra: Erakusketa Zaratetxean, Jose Luis Zumeta artista handiari egin nahi zaion omenaldian 30 artistek lan bat erakutsiko dute.

Irailak 5, 18:00etan:  Jaialdiaren inaugurazio ofiziala eta erakusgai dauden obrei bisitaldia bertso eta musikaren laguntzaz, festa giroan.

Irailak 11, 19:00etan: Xabier Kerexetaren hitzaldia, Gipuzkoako Gordailuaren historialaria.

Irailak 12, 12:00etan: Azken Mugako artistek mural bat egingo dute, Zumetari omenaldia eginez. Bitartean, Rukula taldeak kontzertua eskainiko du. 18:00etan, Euskal Barrokesembleren kontzertua: Juan Sebastian Elkano.

Irailak 18, 18:00etan: Jon Tolosa Nikotina rapero gaztea eta Martintxo Arakama Little Martinen emanaldia.

Irailak 19, 12:00etan: Gipuzkoa eta Nafarroako gazteen arteko herri kirolak eta jarraian, II. Gazta Txapelketa: Aralarko artzai gazta dastaketa eta lehiaketa. 16:30ean, Zarateko bosgarren bertso saioa: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Xabat Illarregi, Haritz Mujika eta Jone Uria.

Irailak 25, 21:00etan: Paul Urkijo zuzendariaren Errementari filma.

Irailak 26, 12:30ean: Et Incarnatusen kontzertua, udazkeneko ekinozioaren ospakizunerako hainbat gonbidaturekin proposaturiko egitarau berezia Zarateko basoan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!