Garaipen eta porrot kopuru bera

Aitor Arroyo Askarai 2020ko abu. 3a, 13:00

Bi garaipen eta bi porrot bildu dituzte asteburuan, guztira, eskualdeko pilotariek. 

Jokatzen lehenak Jaka eta Albisu izan ziren, ostiralean, eta lau tantoko aldearekin (18-22) galdu zuten Olaizola II.aren eta Zabaletaren aurka. 

Hurrengo egunean bi partida jokatu zituzten. Alde batetik, Peña II.ak eta Erasunek finala jokatu zuten Agirreren eta Eskirozen kontra. Norgehiagoka gogorra izango zela aurreikusi zuten eskualdeko pilotariek eta, azkenean, 20 eta 22 galdu eta ezin izan zuten binakako promozio txapelketako txapela jantzi. 

Horien ondoren iritsi zen Artola eta Rezusta bikotearen txanda frontoi berean, Iruñeako Labriten. Ezkurdia eta Aranguren ziren lehiakideak; 22 eta 6 tantorekin itxi zuten markagailua eskualdeko pilotariek, garaipen sendo bat eskuratuz. 

Amaitzeko, asteburuan jokatzen azkenak Altuna III.a eta Imaz izan ziren. Igandean jokatu zuten partida Urrutikoetxeak eta Irribarriak osatutako bikotearen aurka. Altuna III.a eta Imaz nagusitu ziren 22 eta 10 tantoko markagailuarekin, asteburuari amaiera gozoa emanez. 

Zizurkilen, lehen aldiz

Esku pilotako profesionalen goi mailako partida izango da ostiralean, lehen aldiz Zizurkilen. Jaialdia 22:00etan hasiko da eta Peña II.a eta Erasun arituko dira Darioren eta Garmendiaren aurka. Estelarrean, berriz, eskualdeko bi pilotari izango dira aurrez aurre: Artola eta Rezusta, alde batetik, eta Jaka eta Albisu, bestetik. Zizurkilgo Intxaur frontoian izango da ekitaldia. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!